Etxeko izarretako bat, amatatuta
Johan Sorozabalek eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak ezin izan dute Thomas Urrutiaren eta Thibault Basqueren kontrako partidua irabazi Eusko Label Winter Seriesen, eta txapelketatik kanporatuta geratu dira.
Unai Lekerika puntista Eusko Label Winter Series txapelketatik kanpo dago. Gernika-lumotarrak, Johan Sorozabal miarriztarragaz batera, ezin izan zien aurre egin Thomas Urrutia donibanegaraztarrari eta Thibault Basque bidartarrari atzo [abenduak 2], B multzoari zegokion lehiaketaren seigarren jardunaldiko partiduan. Ipar Euskal Herriko puntistaz osaturiko bikoteak 2 eta 1 irabazi zuen, hirugarren seteko azken tantoan, neurketa berdindu eta estuaren ondoren. Bikote berdea aurtengo ekitaldia poltsikoratzeko hautagai nagusienetako bat zen txapelketa hasi orduko, baina, atzoko porrotaren ostean, lehiari agur esan behar izan diote.
Sorozabali eta Lekerikari partidu bat geratzen zaie jokatzeko, beraiek bezala aurrera egiteko aukerarik ez daukaten Jean Dominique Olharan pauetarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren kontra. Urrutia eta Basquerekin batera, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra, azken ekitaldiaren garaileak, igaroko dira hurrengo fasera B multzotik. Biek ala biek bina garaipen poltsikoratu dituzte, eta, horrenbestez, bien artean erabakiko da multzoko buru zein izango den.
Astelehenekoa, zer edo zer izatekotan, partidu parekatua eta estua izan zen. Sorozabal eta Lekerika, bikote berdea, 7 eta 1 aurreratu zen lehen txanpan, itxura sendoa erakutsiz. Aldeak ondo kudeatu zituzten, eta maila handia bistaratu zuten, markagailua horren isla: 10 eta 5 aurrea hartuta egon ondoren, 15 eta 10ekoagaz eskuratu zuten lehendabiziko seta. Aipagarria izan zen etxeko pilotariak bere ikusleei eskainitako tantoa, setaren azkenengoa, horma bitara egin zuena.
Bigarren setean, baina, berdeen mailak nabarmen egin zuen behera; bikote morea, aldiz, hazi eta hazi baino ez zen egin. Basquek kantxaren atzealdeko koadroak dominatzea lortu zuen, maila handiko aurkariaren kontra. Aurrealdean, berriz, Urrutiari tantoak egiteko abagune egokiak eman zizkion, eta garaztarrak ez zuen hutsik egin. Maila handiko tantoak biribildu zituen Urrutiak. Fidagarritasun eta lan gogor hark guztiak fruitua eman zien Iparraldekoei: 11 eta 15eko markagailuarekin nagusitu ziren bigarren jokoaren hondarrean. Partidua, hortaz, berdinketa haustean erabakiko zen.
Hirugarren eta azken setean, bikote biek kale edo bale egin behar izan zuten. Hori bai, azken emaitzak eta lepotan zuten presio murritzagoa beraien alde baliatu zuten Urrutiak eta Basquek. Lasaitasuna alde, joko hobea plazaratu zuten, eta tanto jasak beren albora jo zuten: 2 eta 4 aurreratu ziren. Sorozabal eta Lekerika, baina, ez zeuden inondik inora beren larrua merke saltzeko prest, eta launa berdintzera iritsi ziren. Jai Alaiko harmailak lepo bete zituzten ikusleek, baina, ezin izan zuten beren puntista garaile ateratzen ikusi; izan ere, Urrutiak egin zuen partiduko azken tantoa, seta 4 eta 5 poltsikoratzeko balio izan ziena. Bilboko Iron Cup txapelketan jasandako lesio batetik berreskuratu berri iritsi da Lekerika zesta-puntaren neguko txapelketarik handienera, baina ez du lortu ligaxkaz harago aurrera egiterik. Urrutiak eta Basquek, faborito ez izanda ere, argi eta garbi utzi zuten edonori aurre egiteko gai den bikotea osatzen dutela.
Hurrengo astelehenean, Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Imanol Lopez zumaiarra edukiko dituzte aurrez aurre
Sinistu ezinik.
Partidua “txarto” hasi arren, egoera iraultzen asmatu zutela adierazi zuen Urrutiak: “Pilota aldaketa geure alde baliatu dugu bigarren setean, eta norgehiagokak beste itxura bat hartu du”. Donibanegaraztarrak azaldu zuen miarriztarra “jokotik ateratzen” saiatu zela azken setean: “Sorozabal partidutik kanpo utzi behar genuen, erremateen arriskua ahal bezainbeste apaltzeko; azkenean, zortea ere lagun izan dugu, eta azken tantoak geure alde egin du”. Aurretik dutenari dagokionez, “harro eta ilusioz” agertu ziren atzoko garaileak: “Hasiera batean, sinistu ere ez genukeen egingo egoera honetan egotera iritsiko ginenik”. Hurrengo astelehenean [abenduak 9], A multzoko partidua jokatuko dute, txapelketako zazpigarren jardunaldian: Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Imanol Lopez zumaiarra edukiko dituzte aurrez aurre. Etxeko beste izarrak, beraz, bere dirdirari eusteko aukerengatik borrokatu beharko du, Jai Alaiko zerua konkistatuko baldin badu.