Busturialdeko Eskualdeko Plan Estrategikoa garatzeko diagnostikoa egiten ari dira
Busturialdea-Urdaibai Eskualderako osatu gura duten plana martxan dago, eta hori ahalik eta partaidetza zabalenagaz osatzeko, parte hartze saioetako bat datorren astean egingo dute eskualdeko eragile eta adituekin.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoa sortzea onartu zuen otsailaren 27an, “Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekonomia eta enplegua berraktibatzeko” helburuz. Eta lehenengo zereginetako bat zen eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoekin hausnartu eta diagnostikoa egiteko lanagaz hasita daude.
Hain zuzen ere, eskualdeko 20 udaletako alkateek eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek osatzen dute plan horren kudeaketarako talde eragilea, eta lehen hausnarketa topaketan batu ziren urriaren 16an, Busturiko Madariaga dorretxean.
Busturialdea-Urdaibai Eskualderako osatu gura duten planak hiru ezaugarri nagusi izango ditu: instituzioartekoa, integrala eta parte hartzailea izatea. Eta, horretarako, Lehentasunezko Jarduera Eremuetarako garatutako beste ereduen ildo bera —Busturialdekoa seigarren plana da— jarraituko du honek. Hala, talde eragilea izango da erabakiak hartuko dituena, diagnostikoa eta proiektuak adostu, onartu eta kuantifikatuko (aurrekontuak zehaztu) dituena.
Dagoeneko diagnostiko horren lehen zirriborroa osatu dute, eta txostena garatzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi dute, aurrera eroaten ari diren parte hartze prozesuan jasoko dituzten ekarpenekin osatuko baitute hori.
Zehaztu dutenez, zirriborro hori uda aurretik udalekin, eragile sozioekonomikoekin eta adituekin egindako elkarrizketetan zein eginda zeuden plan sektorialen eta bestelako dokumentu edota txostenen azterketetan oinarritzen da, eta gaur gaurkoz udalek ekarpenak egiteko prozesuan dago. Era berean, ekarpen gehiago ere jasoko dituzte. Izan ere, talde eragilea eskualdeko talde eta eragile desberdinen zein norbanakoen (aditu, teknikari…) iritzi eta ekarpenekin elikatu nahi dute, eta horretarako bi parte hartze saio aurreikusi dituzte; bata, datorren astean bertan.
Horietan, ahalik eta partaidetza zabalena izatea gura dute, eremu desberdinetako eragile eta norbanakoak bilduz. Izan ere, parte hartze saioetan jasotzen dituzten iritziak garrantzitsuak izango dira proiektuak lehenesteko eta erabakitzeko. Gainera, jakinarazi dute sei mahaitan banatuta denetariko erronkak landuko dituztela hurrengo parte hartze saioetan. Hain zuzen ere, eskualdean eragiteko proiektu eraldatzaileak baliozkotuko dituzte eta planaren jarraipena eta bilakaera aztertzeko gobernantza eredua ere ezarri beharko dute.
Zenbait datu.
Planaren lehen zirriborroa eginda, eskualdearen egoera sozioekonomikoari buruzko zenbait zertzelada jaso dituzte. Hala, udalerriei nagusiei dagokienez, Gernika-Lumok (16.831 biztanle) Bermeok (17.053 biztanle) baino industria jarduera handiagoa eta langabezia tasa txikiagoa dauka, baina kostako herriak errenta eta enplegu maila txikiagoak ditu, eta arrantza jarduerari eta portuari lotutako nortasun handia.
Gainera, kontraste esanguratsuak daude udalerri handienen (Gernika eta Bermeo) eta udalerri txikienen artean. Lehenenegoek zerbitzu publikoen eskaintza eta txikizkako merkataritzaren dentsitate handiagoa dute. Txikiek, berriz, errenta maila (Elantxibe eta Eak izan ezik), jarduera tasa eta mikroenpreetako enplegu hobea dute.
Eskualdeko bi aldeei dagokienez, ezberdintasun nagusia irisgarritasuna da: batetik, eskumaldeko udalerriek barne mugikortasuneko defizit handiak dituzte, hala nola, Bizkaibusen maiztasun txikiagoa eta trenbide konexiorik eza; ezberraldekoek, berriz, Bizkaibusen maiztasun hobea dute, baita trenbide konexio hobea ere.
Busturialdea-Urdaibai Bizkai, Gipuzkoako eta Arabako biztanleko BPG txikiena duen eskualdeetako bat da, Plentzia-Mungia, Markina-Ondarroa eta Enkarterrien aurretik. Enpleguari dagokionez, eskualdeko langabezia tasa Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa baino txikiagoa da: Busturialdeak 21.857 biztanle aktibo zituen 2023an, eta horietatik 1.788 zeuden langabezian. Bizkaiko beste eskualde batzuekin alderatuta, langabezia tasa bilbo Handian eta Enkarterrin baino txikiagoa da, baina gainerako eskualdeetan baino handiagoa.
Gazteei dagokienez, 16 eta 24 urtekoen arteko egoerak ere Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zein Bizkaiko batez bestekoaren azpitik jarraitzen du okupazio tasari dagokionean.
Herritarrentzako zerbitzuei dagokienean, osasun zentroak eskualdeko herri guztietan daude, Ajangizen eta Kortezubin salbu, eta egoitza zentroak edota eguneko zentroak ere badaude hainbat udalerritan.
Hori bai, zirriborroak erakusten du emakumearen segurtasunak okerrera egin duela, biktimizazio tasa handiagoa delako 2017 urteaz geroztik.
Etxebizitzei dagokienean, eskualdean Bizkaian eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan baino etxebizitza gehiago (0,58) daude. Eta, eskualdean, bigarren etxebizitzen pisu handiagoa dago termino erlatiboetan; izan ere, eskualdeko etxebizitzen %73 lehen etxebizitzak dira, eta, Bizkaian eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoan %86 da datu hori. Zehaztu dutenez, bataz beste, alokairu errenta baxuagoak dira eskualdekoak, baina aipatzekoa da 2016tik %25 handitu direla horiek.
Zortzi erronka.
Horiek guztiak eta gehiago kontuan hartuta, etorkizuneko zortzi erronka aurreikusi dituzte: ingurumen, historia eta kultura ondare aberatsa babestea, baita eskualdean dagoen errotzea eta nortasun sentimentua sustatzea ere; udalerrietan beharrezko baldintzak sortzea, eskualdean bizi diren pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko; jarduera ekonomikoa bultzatzea, eskualdean dauden gaitasunak aprobetxatuz eta haren mugak gaindituz; eskualdeko azpiegiturak indartzea, enpresako ingurune lehiakorra sortzeko; eskualdeko erakargarritasunei balioa ematea, turismoa ikuspegi jasangarritik aukera sektore gisa dinamizatzeko; kolektibo kalteberekiko arazoei heltzea eta eskualdeko errealitatera eta beharretara egokitutako hiri berroneratzea; eskualdean kalitatezko enplegua sustatzea eta prestakuntza eskaintza egokitzea; eta Busturialdea-Urdaibairen garapen integrala eta koordinatua bultzatzea, eskualde ikuspegitik.
Hala, erronka guzti horiei aurre egiteko, plana aukera “ezinhobetzat” jo dute. Izan ere, Busturialdeak finantziazio gehiagarria izango du erronka jakin batzuei aurre egiteko eta eskualdearentzat eraldatzaileak diren proiektuak egin ahal izateko. Aurreko beste plan batzuetan Eusko Jaurlaritzak 24 milioi euro inguru inbertitu zituen, eta lerro hori jarraitzea da aurreikus daitekeneena. Aldundiaren aldetik, aurreko proiektuetan diru sail desberdina jarri zuenez, aztertu egin beharko dute zenbat diru jarri.