San Frantzisko Herri Ikastetxeko patioa konpontzeko proiektua, irabazle
Bermeoko Udalak 50.000 euro gorde ditu herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen baitan aukeratutako proiektu bat gauzatzeko. "Arrakasta" hutsa izan da aurten, eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko patioa konpontzeak jaso ditu bozka gehien.
Bermeoko Udalak zabaldutako aurrekontu parte-hartzaileen baitako prozesuan San Frantzisko Herri Ikastetxeko patioa konpontzeko proiektua izan da bozkatuena, 291 bozkarekin. Prozesua amaitutzat eman du Bermeoko udal gobernuak, eta beste behin, “arrakastatsua” izan dela nabarmendu dute. “2024ko aurrekontu parte-hartzaileetan baino 377 bozka gehiago” jaso dituzte aurten; 1.930 boto. Zerrendako hiru proiektu bozkatuenen artean boto gutxiko aldea izan dela gaineratu du Xabi Ortuzar Butron Bermeoko alkateordeak, halaber: “Estu-estu egon da irabazlearen eta bigarren postuko proiektuaren arteko aldea. Herri Ikastetxeko patioko konponketen ostean, bigarren postua, Arraun elkartean hobekuntzak egiteak eskuratu zuen, eta hirugarrena, padel pistak egiteko proposamenek. Hainbat bozka jaso ditugu, eta lehenengo bien artean bi bozkako aldea baino ez da egon”.
Gauzak horrela, 2025. urtean Herri Ikastetxeko patioa konpontzeko lanak egingo dira, eta udalak “ahalik eta arinen” egiteko konpromisoa hartu du. Bermeotarren aldetiko parte hartze “altua” azpimarratu nahi izan du udal gobernuak, eta aditzera eman dutenez, bozka gehienak “Internet bidez” izan dira. Gainera, aurten, udalak bozka emateko plataforma berria martxan jarri du, eta udalaren hitzetan, “horrek bozka deusezak ekidin ditu, bozkatu duten herritar guztiek onartutako baldintzen arabera egiten dutela bermatuta”. Oro har, gogoratu dute proposamen bakarra bozkatzeko aukera eta Bermeon erroldatuta egotea izan direla irizpideak.
Miren Gabantxo Uriagereka Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta saileko zinegotziak datu “oso onak” direla aipatu du: “Oso pozik gaude parte hartzearekin, iaz baino askoz bozka gehiago izan dira aurten. Datuok adierazten dute herritarrak konfiantza hartzen ari direla aurrekontu parte-hartzaileetan. Herritarrek ikusi dute, iazko proposamenen zerrendatik ez dela bakarrik irabazle geratu den proiektua gauzatu. Iazko zerrendatik 22 proposamen eginda daude, eta beste horrenbeste bidean daude. Izan ere, herritarren proposamenek gure lehentasunak markatzen dituzte”. 203 proposamen jaso dira, eta horietatik 76, bozka emateko fasera heldu dira. Adierazi dutenez, mota askotako proposamenak egon dira aukeran.
Hala, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, beste behin, aurrekontu parte-hartzaileen bidez, bermeotarren nahien mapa bat ezagutzeko aukera izan dutela adierazi du, eta hori, udalarentzat “oso garrantzitsua” dela berretsi du. “Lehentasunen artean Bermeotarren nahiak kontuan hartuko ditugu”, gaineratu du, alegia. Besteak beste, Bermeoko Udalak eskerrak eman dizkie aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak egin eta bozkatu duten herritar orori.