Bertoko Azoka, goi-goitik
Bedarokela, bertoko indaba, ortuariak, eztia eta ogia izan dira gaur, Eako azokan saldu diren produktuak, besteak beste.
Bertoko Azoka egin dute gaur, eskualdeko ekoizle eta laborariek Eako Donibane plazan. Hala, 11:00etatik 14:00etara bitartean, tokiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eduki dute bertaratzen direnek, musikaz lagunduta.
Bedarokela, bertoko indaba, ortuariak, Aberaska eztia eta ogiaren salmahaiak jarri dituzte plazan, besteak beste, eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak ere postutxoa jarri du bertan. Izan ere, bertoko nekazaritza sustatu gura izan dute antoaltzaileek, ekoizleei euren produktuak ezagutzera emateko aukera ahalbidetzeaz eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubi lana egiteaz aparte. Eta, hartu-eman hori urte osoan bermatu nahi dutenez, azoka herritarren topagune bihurtu nahi dute, harremana geroz eta sendoagoa, sarriagoa eta bertokoagoa izateko. Gainera, eguraldiak peto-petoan lagundu die bertaratu direnei, zapatu goiz sargori eta girotsuaz gozatzea ahalbidetuz, eta giro herrikoia sortuz.