5 urtekoen jaia ospatu dute San Andres jaien baitan
Bermeoko San Andres auzoko jaiak goi-goitik ari dira ospatzen auzo eta herritarrak. 2024 honetan 5 urte betetzen duten ala dagoeneko bete dituztenen omenez festa-giroa nagusitu da auzoan, Motx pailazoaren urteurrena ospatzearekin batera. Pailazoak argitaratu berri duen ipuin-ilustratu bana eman diote haur bakoitzari.
Motx pailazoak 5 urte bete ditu gaur. Izan ere, 2019ko Euskararen egunean igo zen lehen aldiz herriko oholtzara bere emanaldia herritarrei eskainiz. Gaur, gainera, 2024. urte honetan 5 urte betetzen dituzten eta dagoeneko bete dituzten aurrekin batera ospatu du Motx pailazoak eguna. Alegia, Bermeoko San Andres auzoko jaiak goi-goitik ari dira ospatzen; mendi irteera izan dute goiz-goizetik. Ondoren, aipatutako jai honetan murgildu dira, eta arratsalde eta iluntze aldera ere, beste horrenbeste espero da auzoan. Tximinoren kontzertua, magoa, eta jan-edana uztartuz, giro herrikoi itzelean murgiltzeko aukera suertatu zaie bermeotarrei.
Motx pailazoak, Marimar Aguirre eta Arrate Egañarekin batera ‘Oroitzapen eder bat‘ ipuin-ilustratua argitaratu berri du duela gutxi. Hori aintzat izanik, Motxen enegarren erakustaldian haur guztiak kantu eta dantzan jarri ondoren, pailazoak berak, Nadia Nemeh Shomaly alkateak, Iker San Nikolas Euskara zinegotziak eta Amaia Artetxe aurkezleak liburu banata banatu die urte honetan 5 urte bete dituzten haur bermeotarrei. Motx hunkituta agertu da herrian sortu den giro politagatik: “Bost urte hauetan eman dudan saiorik politenetakoa izan da niretzat. Ni bezala, 5 urte betetzen dituzten herritarrekin gozatu, kantatu eta dantzatu baitut. Hunkigarria izan da”. Batez ere, estreinatu berri duen ipuin-ilustratua bermeotarrei helarazi ahal izana nabarmendu du, eta “harro” agertu da. “Hemen geundenok arrazoi berdinagatik geunden. Gure urteurrena ospatzeko, eta haur bakoitzari liburua pertsonalki eman ahal izatea oso polita izan da”, gaineratu du.
Hala, Motxen hitzetan, “giro paregabean” murgilduta igaro dute goiza, eta egun osoan zehar horrela izatea espero duela ere aitortu du: “Itzela izan da goizekoa, baina oraindik asko falta da San Andres jaiez gozatzeko. Hainbat jarduera baitaude antolatuta gaurko eta biharko”. Gauzak horrela, eguraldia lagun duten azaro bukaera honetan, musikaz eta magiaz disfrutatuko dute hurbiltzen direnek, eta bihar ere, beste horrenbeste egiteko aukera eskainiko du auzoak.