Mai-Onaren, Jesus Mari harategiaren, Zallo Barriren eta Bidagurenen lanari aitortza
Nik Gernikan Sariak banatu zituzten atzo (azaroak 28), Lizeo Antzokian. Bertan, Mai-Onaren, Jesus Mari harategiaren, Zallo Barri jatetxearen eta Bidaguren gozotegiaren lana aintzatetsi zuten.
Gernika-Lumoko establezimendu eta ostalariei herria sortzen egindako ekarpena aitortzeko Nik Gernikan Sariak banatu zituzten atzo (azaroak 28), Lizeo Antzokian. Bertan, Mai-Onaren, Jesus Mari harategiaren, Zallo Barri jatetxearen eta Bidaguren gozotegiaren lana aintzatetsi zuten, “herriko kaleak direna izan daitezen eta udalerriak nortasun berezia izan dezan” egindako lana, hain zuzen ere.
Hala, Gernika-Lumoko herri merkataritzak erreferente izaten segitzen duela eta eskualdean indartsu dagoela esan zuten atzokoan. Zailtasunak dituztela onartuta, etorkizunari argi itxaropentsuz begiratzen diote Gernikako Merkatari Elkartuak elkartekoek, eta hori erakusmahaiaren atzean dauden pertsonei zor dietela esan zuten. “Horrelako ekimenak garrantzitsuak dira, herriko merkataritza gure eguneroko bizitzaren parte diren gauza txiki horietako bat delako. Gauza txikiak, egunero ikusi eta erabiltzen ditugunak, baina, askotan, behar adina baloratzen ez ditugunak”. Horregatik, herrian egiten dena baloratzea eta ohoratzea erabaki dute aurten, laugarrenez.
Udalerriko merkataritzak tokiko ekonomia bultzatzeaz gain, komunitatearen gizarte kohesioa eraikitzen ere laguntzen du. Hala, 2018an sortutako sari hauek establezimenduen berrikuntza, bezeroarekiko tratua eta egungo beharretara egokitzeko gaitasuna saritzen dituzte. “Sari hauek gure merkatarien eguneroko lana saritzeaz gain, lehiakorra, modernoa eta jasangarria izateko den merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzeko bultzada dira”, adierazi zuen Jose Mari Gorroño alkateak ekitaldian. Izan ere, sektoreak 750 lagunentzako enplegua sortzen du, eta 400 establezimendu baino gehiago daude udalerrian.
Edizio honetan, 71 negozio lau kategoriatan banatuta lehiatu dira, eta denen beharra azpimarratu dute epaileek. Hala ere, lau izan dira irabazleak.
Mai-Onak Denda berriaren saria jaso zuen atzokoan, eta Maria Agirrek jaso zuen saria. Elikagai-saltoki berri bat da Mai-Ona, “bizitza guztiko” sektorean zerbait berria sortzeko gai izan dena. Ez da denda ekologikoa, ez da delikatessen denda, ez da auzoko frutadenda. Hiru eredu horiekin ezaugarriak partekatzen dituen baina zerbait desberdina duen saltokia da, inguruaren zaintzan eta pertsonen arteko harremanetan fokua jartzen duen proiektua. “Mai-Ona kontzientzai da, inguruari arreta jartzen dion begirada, munduan bakarrik ez gaudela aitortzen duen espazioa; nondik gatozen eta nora goazen galdegiten duen tokia da. Mai-Ona guraldiaren zain dagoen uzta da, ilgorako ekaitzarekin ernetako haziaren indarra”, azpimarratu zuten sari banaketa ekitaldian. Jaten eta edaten denari buruzko ezagutza zabaltzen du Mai-Onak, mahai ona egiteko establezimendua.
Auzoko merkataritza saria, berriz, Jesus Mari harategiak jaso zuen, eta Jesus Mari Martijak hartu zuen bere lana aintzatesten duen oroigarria. Izan ere, bere ibilbidea gogoratu zuten, 2000.urtean hasi zela adieraziz, negozioaren aurreko jabea zen Humberto Uncetaren lekua hartu zuenean. “Baina harakin gisa izandako esperientzia lehenagotik zetorren, Bermeon beste harategi bat zeukalako. Ordutik gaur arte, haragiaren kontsumoa asko aldatu da, eta Jesus Marik garai horietara egokitzen jakin du, prestatutako platerak prestatzen hasiz, esaterako, horretan aitzindari bihurtuz. Gaur egun, hori da euren dendako produktu nagusia”, esan zuten. Hala ere, harategiak hainbat eta hainbat sari jaso ditu urte luzez, izan ere, ohiko parte hartzailea –eta irabazlea– da txorizoen eta odolkien lehiaketetan. Hala, harategiaren kalitate handiko produktuak nabarmendu zituzten.
Bere aldetik, 1975ean Javier Ordorikak eta Andone Zorrozuak martxan jarritako eta egun Eneko Ordorikak gidatzen duen Zallo Barri Jatetxeak Ostalaritza saria jaso zuen. Baserri giroko jatetxea dela nabarmendu zuten ekitaldian, kalitate handiko lehengaiek hornitzen dutena eta “sentsazioen jaialdi” bihurtzen dena. “1984an Iñigo Ordorikak hartu zuen lekukoa, eta 2001ean lokala erabat eraberritu zuten, tradizioaren eta modernitatearen gune bihurtuz, teknika eta sormena batuz. Eta, ostean, 2013an, Eneko Ordorikak hartu zuen ardura”, gogoratu zuten. Hortaz, pasioa, esperientzia, profesionaltasuna eta prestakuntza batzen dituen jendez osatutako jatetxea dela nabarmendu zuten, “janari onare eta mahai onaren gunea”.
Ibilbide komertzialaren saria, baina, Bidaguren gozotegiak eskuratu zuen, eta Imanol Bidagurenek jaso. Gozotegiaren historia 1942an hasten da, eta ordutik gaur arteko bide horretan erreferente bihurtu da Bidaguren. Eta, arrakastaren gakoa “tradizio osoa mantentzea” dela azpimarratu zuten: lehen bi belaunadien errezetak oinarri hartuta berrikuntzaren aldeko apustua egin baitute arduradunek. Eta honen historia ere aipatu zuten: “Gozotegiaren sortzailea Pedro izan zen. Saltokiak janari denda modura funtzionatu zuen, baina nagusiki jangela zerbitzua zuen gozogintza gozotegia zen hasieran, merendero gisa ezagunagoa dena. Lehen erreleboa Pedro 1956an hil zenean gertatu zen, negozioaren ardura bere seme Pedrok hartu zuelarik. Geroago, 1987an, haren biloba Imanol enpresara batu zen, eta gaur egungo jabea da”. Euren produktu bereizgarrienetakoa Ori-Baltza da, udalerriko gozoki tradizionala.