Euskara eguneroko lanabes dutenen bereizgarria
Bai Euskarari Elkarteak banatzen duen ziurtagiria jasoko dute aurten ere Gernika-Lumoko hainbat komertzio, enpresa, eragile eta elkartek, udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzagaz. Euskara arlo sozioekonomikoan egunerokotasunean bultzatzearren eskuratuko dute bereizgarria. Aurten, 21 izango dira ziurtagiria lortuko duten entitateak.
Eguneroko bultzada behar du euskarak, eguneroko hauspoa, eguneroko arnasa. Horretarako, nahitezkoa da bere erabilera gizarteko alor guztietara barreiatzen saiatzea, denetariko esparruetan baliagarria eta erabilgarria dela frogatu ahal izateko. Aurpegi horietako esanguratsuenetako bat sozioekonomikoa da. Arlo horretara zeharo emana dago Bai Euskarari Elkartea, Gernika-Lumoko Udalagaz batera. Hain zuzen, Bai Euskarari ziurtagiria Hitzargune kanpainan parte hartzen duen edozein erakundek eskura dezake. Udaleko Euskara zerbitzutik argitu dutenez, ziurtagiriak lortzeko prozeduran parte hartzeko, “ateak zabalik” dituzte entitateek; aurrera egiteko ere “hainbat baliabide” eskaintzen dituzte udaletik.
Bai Euskarari ziurtagiria Hitzargune kanpainan parte hartzen duen edozein erakundek eskura dezake
Bai Euskarari ziurtagiria da alde sozioekonomikoan eta lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eta zabaltzeko duten osagai nagusienetakoa. Ziurtagiri horrek euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresa, saltoki, eragile, norbanako edota era guztietako entitateak identifikatzen eta aitortzen ditu; gainera, laguntza ematen zaie, zentzu horretan beharrean jarrai dezaten. Laguntza bide eta ziurtagiriaren eskuratze prozesu horretan, elkartearen teknikariek bertatik bertara jarduten dute entitateekin.
Bai Euskarari Elkartearen eragin esparruak lan mundua bere osotasunean hartzen du, baita erakunde eta taldeak ere
Datuek diote, egun, esperantzarako eta lanerako nahikoa arrazoi badela. Izan ere, 1.289 entitatek daukate Bai Euskarari ziurtagiria; Gernika-Lumon, 21 dira ziurtagiridunak. Zifra horiek bistaratzen dute ziurtagiria “lagungarri” izan daitekeela “estres linguistikoa” bizi duen herri batean, elkartekoen ustez: “Entitate batean euskararen presentziaz jabetzeak edota euskara baliatzeko aukera soila edukitzeak, kaleko hiztunak gehiago hurreratzen ditu hizkuntzara; gizarte mailako arazo handietako bat, ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala, apaldu egiten da”. Elkarteak lan mundua bere osotasunean hartzen du, eta “handik harago” ere badoa: “Enpresekin edota negozioekin behar egiteaz gain, elkarteekin eta taldeekin ere hartu-eman zuzena dugu”.
Tokian tokiko diagnostikoa eginda, hiru maila zehazten dituzte
Ziurtagiria hizkuntza egoera baten “ondorio” da. Elkarteak tokian tokiko diagnostikoa egiten du, eta, emaitzen arabera, hiru maila zehazten dituzte: Euskararen Bidean, Zerbitzua Euskaraz eta Zerbitzua eta Lana Euskaraz. “Kanpora ateratzen den zerbitzu oro euskaraz egitea, barne kudeaketa zein dokumentazioa euskaraz jorratzea eta egunean-eguneko harremanak euskaraz bultzatzea aintzat hartzen dira; elkarteak maila batetik bestera jauzia egiteko baliabideak ahalbidetzen ditu”.
Jarraipenari ematen diote esangurarik handiena. “Komertzioetan edota elkarteetan lantaldeak etengabe aldatzen dira, eta horrekin batera egoera linguistikoa ere bai. Beraz, etengabe moldatzen eta hobetzen joatea giltzarri da; bide horretan lagun egiten saiatzen gara, helburuak ziurtagirira soilik mugatzen ez direla bermatzeko”, azpimarratu dute.
Etengabeko hobekuntzaz.
Ziurtagiria “hasieratik” jaso duen komertzioetako bat Arrien optika da. Bere arduradunek azaldu dute “euskararekiko maitasunetik” hasi zirela prozesuan, eta euskara egunerokotasunean gehiago erabiltzeko bidea dela:”Kale mailan, bai euskara, bai gaztelania, biak oso presente daude; ziurtagiridun komertzioa izateak, baina, geure entitatea euskaraz lasai aritzeko gune egokia dela bermatzen du eta, alde horretatik, zenbait egoeratan beharbada euskaraz ariko ez liratekeen bezeroak euskaraz zuzentzen zaizkigu”.
Lehen berba beti euskaraz egiten dute, “bai ala bai”: “Egin dezakegun gutxieneko keinua horixe da eta, gainera, modu guztiz naturalean sortzen zaigu. Hortik aurrera, badira gaztelaniara aldatzen direnak, baina, behintzat, jakinik euskaraz hitz egiten den tokian daudela, hala nahiko balukete”.
Bai Euskarari ziurtagiria duen eragileetako bat Gernika Rugby Taldea da. Zuzendaritza talde berritutik argitu dute “urteak” direla ziurtagiria jasotzen dutena: “Luzaroan jaso izan dugu, arinagoko zuzendaritza taldeak ere hala egiten baitzuen”. Garrantziaz galdetuta, “egundokoa” dela diote. Alde biko lanaz mintzo dira: “Batetik, lehen taldeak Espainia mailan jokatzen duenez, euskararen garraiolari izan ohi gara han-hemen; bestetik, klub mailan komunikatzeko erabiltzen dugun ama hizkuntza da”.
Eguneroko dinamiketan lehen hitza “euskaraz” egitea bilatzen dute. Klub barruan, eskola eta hainbat mailatako taldeak daudenez, bakoitzak “bere errealitatea” du: “Oinarrizko mailetatik hasita, eta gorantz eginez gero, egunerokotasuna euskaraz ematen da; lehen taldeak egin ohi dituen fitxaketetako ugari, baina, atzerritarrak izan ohi dira, eta horien kasuan ingelesaren eta gaztelaniaren eragin argia eta garbia dago”. Horren aurrean, “lan apur bat egiteko” eskatzen zaie: “Jokaldien ezizenak euskaraz kodifikatuak dira, eta entrenamenduetan bertoko jendea euskaraz aritzen da; hortaz, ikasten saiatzea eskatzen zaie heltzen diren unetik, taldearen nortasun ikurretako bat hizkuntza bera baita”.
Ahozko komunikazioaz harago, arlo burokratikoa eta dokumentazio lana euskaraz egiteari esangura ematen zaio
Pantaila ere, euskaraz.
Hitzetik tintara jauzia eginez, elkarteak lan handia egiten du administrazioaren edo burokraziaren eremuan: “Goiko kategorietan (bereziki, lehen taldearen kasuan), Espainiako Federazioak zehazten du administrazio izapideetako hizkuntza zein den: gaztelania. Hori bai, Euskal Herriko taldeen artean bulego lanak egiten ditugunean, beti euskaraz egitea erabakitzen dugu; guretzat oso garrantzitsua da hori”.
Urbietako harmailak, taldearen gotorleku izateaz gain, hizkuntzaren babesleku izan daitezen ere bilatzen du Gernika RTk: “Lehen taldearen etxeko partiduak, Espainiako Ohorezko B Mailakoak, euskara hutsean ematen ditugu telebistaz eta sare sozialen bidez. Atzerritar batzuk kexu agertzen dira, ez dutelako ulertzen; beste hainbeste kanpotarrek, aldiz, eskertu egiten dute lan hori, ulertu ez arren. Taldearen bereizgarrietako bat dela entzuten dugu maiz”.
Taldearen ardura nagusia, edozelan ere, ez da berdegunera mugatzen. “Gure ekinaren ardatza harrobia da: gaztetxoenak. Etengabe lan egiten saiatzen gara eguneroko-eguneroko egoera xumeetan euskara sustatzeko. Edozein testuinguru izan daiteke horretarako egokia: partiduetara bidean hautatzen den musika zerrendako abesti gehienak euskarazkoak izatea; aldageletan taldetxoak egiten direnean euskara erabiltzeko uneak bultzatzea; edota etxeko entrenatzaileek beti beren ama hizkuntzan, euskaraz, berba egitea”.
Euskara, gurpil gainean.
Ekin Autoak da ziurtagiria jasoko duen beste enpresetako bat. Automozioa eta auto salmenta “ohituraz” gaztelaniatik zuzendutako alorrak izanik ere, lan eskerga egiten dute hori iraultze aldera: “Kartel eta iragarkiak, erdara hutsean barik, euskaraz ipintzeko neurriak hartu genituen; geure bezeroetako asko eta asko euskaldunak izanik, dagokien zerbitzuak ere euskarazkoa izan beharko luke, eta horretarako bidean ari gara”.
Alde administratibotik, barne dokumentazioan eragitea bilatzen dute: “Gure eragin esparrutik lan egiten saiatzen gara. Esate baterako, soldaten kudeaketa eta langileentzako dokumentuak euskarazkoak dira”. Hautu horrek, azaldu dutenaren arabera,”ertz biko azalpena” dauka: “Batetik, hala bezeroek, nola beharginek euskaraz aritzeko eskubide guztia dute; bestetik, modu naturalean egiten dugun zer edo zer da, geure ama hizkuntza euskara delako, eta egunerokotasunean euskaraz komunikatzea zeharo naturaltzat dugulako lantaldeko partaideok”.