Elikadura burujabetza eta tokiko elikadurari buruzko jardunaldian batu dira Astran
Udalbiltzak eta EHNE Bizkaiak antolatuta, Elikadura sistemak iraunkortzen lelopean, elikadura burujabetza eta tokiko elikadura topaketak egiten ari dira gaur [azaroak 28], Astran.
Jardunaldiaren helburu dira elikadura sistemak iraunkortzea, garatze bidean dauden ekimenak ezagutu eta egikaritu ahal izateko eta iraunkortze bide horri izaera estrategikoa ematea, ikuspegi integrala landuz.
Goizeko aurkezpen saioan, gaur egungo elikadura sistema eta bere eraginei buruz aritu dira. Gero, esperientzia txokoan, elikadura mahaia eta estrategiak, jantokiak, lan munduaren ekarpena eta ekoizpen zein kontsumo kooperatibak izan dituzte hizpide.
Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko koordinatzaileak adierazi du elikadura burujabetza egiteko modu bati lotuta dagoela, hau da, ekoizpen eredu bati, eta ekoizpen hori iraunkorra izan behar dela. “Izen asko ditu; iparraldean laborantza herrikoia erabiltzen da, guk hemen agroekologikoa, baina gure ustez hori da bide bakarra elikadura burujabetzaren printzipioei erantzuteko. 2020an, pandemia garaian, bereziki konfinatuta geundenean, instituzio askotatik hitz egiten zen elikadura burujabetzaz. Esaten zen elikadura burujabetza zela behar adina ekoiztea, eta berdin zela nola ekoizten ziren. Eta guretzat ez da hori. Ikusi behar dugu merkatu globalean Euskal Herri moduan zelan kokatzen garen. Euskal Herria inportatzailea eta esportatzailea da aldi berean; hau da, guk gure kontsumorako behar ditugun elikagaien zati handi bat inportatu egiten dugu, eta sortzen dugun elikaduraren zati handi bat kanpora doa, esportatu egiten dugu. Hego Euskal Herrian ekoizpen ahalmen handia Araban eta Nafarroan dago, eta hor ekoizten den %90 inguru esportatu egiten da. Gure ustez, burujabetza eta herri ikuspegitik, logikatik kanpo dagoen egoera da, are gehiago kontuan hartzen badugu trantsizio ekosozial bati aurre egin behar diogula. Horren aurrean urte asko daramatzagu esaten Euskal Herri osoan elikadura burujabetza izan behar dela irtenbidea, eta elikadura burujabetza dela munduan herri guztientzako aukera bakarra, edozein pertsonentzat elikadura ziurtatzeko”.
Argi izpi batzuk ere badaude, euren ustez, norabide egokian bideratuta daudenak. Euskal Herria Europaren “argazki bera” da; Europak ere esportatzen du eta inportatzen du. Gainera, bai Euskal Herriak, bai Europak, nekazaritzak ekoizpenean izan duen bilakaera guztia konpartitzen dute: ekoizpenak intentsifikatzen joan dira, baserritarren galera etengabea izan da eta diru publikoarekiko menpekotasuna goraka joan da: “Adibidez, kontuan hartu behar da Europan historikoki, benetako europar ikuspegiko politika bakarra egin dena elikadurarena izan dela, arrantza eta nekazaritzarena. Ez dago beste politika bateratu bat, ez industrian, ez ikerketan, ez hezkuntzan… Europako aurrekontuetan ere nabaritzen da hori: elikagaiei loturiko politikak, nekazaritzan eta arrantzan, Europako aurrekontuaren %40 eramaten dute. Horrek esan nahi du baduela bere garrantzia. Izugarrizko diru piloa inbertitu izan da azkenengo 30-40 urtetan, eta begira non gauden. Auditoria egin beharko litzateke ikusteko erabili den diru publikoa zertarako izan den eta nork eraman duen”, azaldu du Salterainek.
Trantsizio ekosozialerako elikadura “giltzarri bat” izango dela azpimarratu du, eta zentzu horretan, elementu garrantzitsua dago: “Segur aski ekoizpen askotan trantsizio hori aurrera eramateko, hazkundearen kontrako bidea egin beharko da; elikaduran trantsizio eraginkorra lortu nahi badugu, askogatik biderkatu beharko da bertoko elikagaien ekoizpena, nekazaritzan zein arrantzan”.
Salterainen hitzetan, aukera berriak zabaltzen dira. Baina aldi berean, bereziki lehen sektorean, etengabeko krisialdia dago. “Hamarkada luzeetan hitz egiten ari gara etengabeko krisialdiaz, eta bereziki oraindik ez dugu lortu buelta ematea prezioek %100 ekoizpen kostuak kubritzea, nahiz eta azken urteetan legedi aldetik aurrerapausoak eman eta horrek sektorean nolabaiteko etengabeko depresio egoera eragin”. Errealitate hori onartu eta horrela dela argi eduki behar dutela esan du, jakiteko aurrerantzean aterabideak nondik bideratu, “txanpon beraren bi aurpegiak baitira”.
Azken bizpahiru hamarkadetan bertoko elikagaiei eta elikadura burujabetzari lotutatako ekimen asko martxan jarri izana balioan jarri behar dela deritze EHNEko kideek: kontsumo taldeak, eredu jasangarriak, ekoizpen ekologikoa… Hain zuzen ere, gaurko jardunaldien helburua ere bada azkenengo hamarkadan egon diren ekimen ugariei “nolabaiteko aterki estrategikoa irudikatzea, eta zentralitatea ematea”, baita zentzu horretan esfortzuak bikoiztea edo biderkatzea ere. “Errealitate bat da ekimen horietatik guztietatik asko ikasi dela eta esperientzia asko metatu dela, eta hori baliatu behar dugula. Eta balioan ipini behar dugu”. Urte luzeetako bertoko elikagaien diskurtsoak, nolabait bertoko elikagaie “prestigioa eman die, eta azalera handiko saltokietan zentralitatea hartu” dute: “Seguruenik, momentu honetan eurentzat gaia estrategikoa bihurtu da, dirua irabazten dutelako”. Jendearen jarrera giltzarria izan dela gogoratu dute, hau da, bertoko elikagaiak dituzte jendeak hori eskatzen duelako, erosten duelako.
Egongo diren aldaketak epe erdi-luzera irudikatu behar direla zehaztu du Salterainek. Egungo errealitatea 30 urtetan eraiki da, eta hori ez da deseraikiko egun batetik bestera. Beraz, EHNEkoen iritziz, trantsizioa egotea garrantzitsua da. Trantsizio horretarako, gaur egun Europatik datozen “haize berri horiek” aprobetxatu behar dituztela uste dute. Nekazaritza politikari lotutako azkenengo erreforman aldaketa bat antzeman zuten: “Estrategia aldaketa bat planteatzen zen; gaur egungo elikadura sistema globalizatu horrek Europako biztanleriaren beharrizanei ez diola erantzuten planteatzen zen bereziki. Pandemia eta gero bereziki intentsifikatzen da eztabaida eta ikuspegi hau”. EHNEko kideak esan bezala, batik bat orduan planteatzen da Baserritik Mahairako estrategia. “Segur aski estrategia horrek ez ditu %100enean behar diren osagai guztiak, baina gure ustez bazituen osagai garrantzitsu batzuk, trantsizio bat abiatzeko ekoizpen eredu desberdin baterantz”.
Geroztik etorri da Itun Berdearen atxikimendua Europan, eta hori “oso lotuta” dago trantsizio ekosozialari. “Uste dugu mezu eta bide horiek intentsifikatu behar direla. Datorren urtean hasiko da berriro ere eztabaida bat, 2027an beste fase bat egongo da nekazaritza eta arrantza politiken inguruan, eta bidean jorratuko dena hori izango da. 30 urtetan Europari beste bide bat hartzeko eskatzen egon gara, eta hartu duenean, beheragoko instituzioek, hemengo gobernuek alderantzizko bidea egiten dute”.
Aurrera begira, kontsumoak daukan ahalmen eraldatzailea “biderkatzeaz” berba egin du nekazaritza sindikatuko kideak. “Kontsumotik asko eraldatu ahal dugu”. Bide hori jorratu nahi badute, bertoko elikagaien kontsumoa “zabaldu” behar dela azaldu du, “geruza sozial kritikoak zabaldu” behar direla. Bertoko elikagaien katera jende gehiago batzeko, militantziagaz eta konpromisoagaz lotuta orain arte erabilitako diskurtsoek “ez dute balioko”. Beste era bateko bide batzuk bilatu beharko dituztela uste dute. Prozesuak abiatu eta jendea apurka-apurka geureganatzea ere balioan jarri beharko dugu, bitarte horretan asmatu beharko dugu”.
Bide horretan, arlo instituzionalari dagokionez, udalgintzak egiteko “lan handia” daukala nabarmendu dute. Herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa da, eta bere eremua antolatzeko “gaitasun juridiko eta politikoak” ditu. “Udalgintzak protagonismo garrantzitsua hartu behar du”. Salterainek esan duenez, elikadurari lotutako estrategiak “abiatu eta intentsifikatu” behar dira, ahalik eta eremu zabalenetan. Gutxiengo esparrua ·”eskualde mailakoa” izan beharko da, gutxienez, eskualde mailako ikuspegia beharrezkoa da. Hurrengo urteetarako erronka horixe da: “Erronka hori eztabaida bera zabaltzeko ere izan behar da. Eskoletako jantokietako esperientziekin ikusi dugu. Egin ahal dugu bide bat, eskualdeak edo eremu jakin batzuk hartuz, eta ahalik eta epe laburrenean muturreraino eraman prozesu hau eta trantsizio hau, eta hor indarrak egitea. Edo hartu ahal dugu beste bide bat; prozesu hauek ahalik eta eremu zabalenetan egitea, eremu bakoitzak bere intentsitatea markatzea, bere errealitateari lotutakoa, eta zentzu horretan, bakoitzak neurtu beharko du zein mailatan joango den trantsizio horretan eta elikadura sistema bertokotzen”.
Txikitik asko egin ahal dutela aldarrikatu dute, eta elikadura sistema berriak eraikitzeko, elikadura bera “demokratizatuko” duten elementuak bilatu beharko dituztela adierazi dute, “hau da, mundu guztiarentzako elikadura osasuntsua posible” izango dena: “Gaur egun, errekurtso gutxi dituztenek elikadura osasuntsu baterako ez dute aukerarik. Normalean, egun elikagai bankuetatik zabaltzen dutena elikadura prozesatua da, elikagai freskorik ez dago. Uste dugu hor bide berriak egon behar direla”.
13:00etatik aurrera, berriz, elikaduragaz lotutako elkartasun proiektuak izango dituzte hizpide. Astran bertan bazkaldu ostean, elikadura sistemak iraunkortzeko bideak aztertuko dituzte arratsaldeko mahai-ingurua, eta besteak beste, Etxalde mugimenduko ordezkariek parte hartuko dute. Ekoizpenaren birpentsatzea eta antolaketa, politika publikoak eta jantokiak, lurralde elikadura eta estrategiak eta sentsibilizazioa eta komunikazioa jorratuko dituzte.
Topaketak amaitzeko, jardunaldiko ondorioak azalduko dituzte, 17:30etik aurrera.