Gernikako Sare Feministak zaintza mahaiaren "blokeoa" salatu du
Udal taldea Eudel-ek plazaratuko duen plan baten pentsuan dagoela azaldu du Gernikako Sare Feministak, eta bitartean zaintza mahaia "galgatuta" dagoela. Horren aurrean, borondate politikoa edukitzeko deia egin dute sareko kideek.
Gernikako Sare Feministak iaz plazaratu zuen udalerrian zaintzagaz loturiko gabeziei aurre egiteko mahai bat eratzeko proposamena. Norbanakoz, alderdi politikoez, erakundeez eta gizarte eragileez osatutako zaintza mahaia osatzea zen funts nagusia. Egitasmoa, baina, geldiarazita dagoela nabarmendu dute. Hain zuzen, zaintza mahai proiektua udal gobernu taldearen aldetik “blokeatuta” dagoela salatu du sare feministak.
Sare Feministatik azaldu dutenez, herriko gabezien eta beharrizanen azterketa egin ondoren, lanketarako metodologiak zehaztea eta ekimena aurrera eroateko aurrekontu bat zehaztea zen hurrengo urrats naturala. Apirilean egin zuten lehen lanketa bilera, eta bigarrenerako laga zuten gehien egokitzen zaien aurrekontua hautatzea; bigarren bilera hori, baina, ez da oraindik iritsi. “Udalak azaldu digu Eudel (Euskadiko Udalen Elkartea) plan bat egin guran dagoela, herri mailan zaintza landuko duena; argitu digute, plan hori ailegatu arte, zaintza mahaiaren proiektua eten egingo dela”, azaldu dute. Egitasmo hori noiz ailegatuko den ez dakitenez, orain arteko dinamikak eta lana “errotik eten direla” azpimarratu dute partaideek.
“Sumatzen dugu alderdi batzuen partetik ez dagoela lanean jartzeko borondate politikorik”
Sare Feministatik argitu dute, Eudel-en ekimenari beste barik itxaroten egon barik, komenigarria litzatekeela tokiko diagnostikoa egiteko prozedura abiatzea: “Eudel-en proiektuaren abiapuntua ere diagnostiko bat izango da seguraski eta, hortaz, lan paralelo hori aurreratzen joan gaitezke”. Aurreratzeko borondate horrek, alabaina, “galgatzea” jaso du udal taldearen aldetik: “Sumatzen dugu alderdi batzuen partetik ez dagoela zaintza mahaiagaz lanean hasteko borondate politikorik“.
Maila nazionaleko herri akordioan luze-zabal jorratu zuten zaintzaren auzia. Lanketa hura tokian tokikora ekarrita, Gernikako Sare Feministak udalerri nahiz eskualde mailako gabeziak detektatu zituen. Besteren artean, Kaltzada egoitzako beharginen egoera, etxez etxeko langileena, egoiliarrena, Malosteko ospitalearen ohe kopuru eta zerbitzu murritza edota Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren bideragarritasun eza plazaratu zituzten.
Egitasmoaren bilakabidea.
2022ko martxoaren 8an, Eudel-ek urteroko adierazpen instituzionala publiko egin zuen. Bertan “berba potoloak” aurkeztu zituzten, eta “erabakigune” izango zen zaintza mahaia ekuazioan sartu zuten: “Gobernantza eredu feministaz mintzo ziren, herria kuadeatzeko bestelako moduez, baita botere espazioen partekatzeaz edota erresistentziei aurre egiteaz”. Sortu, baina, ez zuten sortu.
Udalaren 2023ko azaroko osoko bilkuran, EH Bilduk aldeko botoa eman zuen; Guztiontzako Herria eta EAJ abstenitu egin ziren
Hori dela eta jo zuen sare feministak 2023ko azaroan udalaren osoko bilkurara: “Zaintza mahaia martxan jarri behar zela nabarmendu genuen. EH Bilduk hura onartzeko aldeko botoa eman zuen; bai Guztiontzako Herria, bai EAJ, aldiz, abstenitu egin ziren. “Azken alderdi biek babesten ziren puntuetako zenbaitegaz errezelo edo desadostasuna agertuta ere, ustez argi geratu zen mahaiaren proiektuak aurrera egingo zuela”. Gerora etorri zen azaroaren 30eko greba, zaintza mahaiaren beharrizana “are agerikoago” egin zuena.
Halaxe iritsi ziren sare feministaren partaideak apirilera. Hilabete horretan egin zuten aipaturiko estreinako bilera zaintza mahaiaren barruko kide eragileek: EH Bildu, Guztiontzako Herria eta EAJ alderdi politikoek, udaleko berdintasun teknikariak, Busturialdeko pentsiodunek, LAB sindikatuak eta Gernikako Sare Feministak. Topatu zuten lehendabiziko oztopoa prozeduragaz loturikoa izan zen: “Aditzera eman ziguten zaintza mahaia guztiz definitu gabe zegoela eta, mahaia ofizial bihurtzeko, prozedura jakin batzuk jarraitu behar zirela, argitu barik zeudenak”.
“Udal taldeak hausnarketarako eta aurrera egiteko bide oro eten du”
Horren aurrean, sare feministak argitu zuen horrek “ez zuela oztopatzen” herriko beharren diagnostikoari ekitea, kanpo enpresa baten laguntzagaz. Enpresa eta aurrekontu aukerak aztertu ondoren, sareko partaideek adierazi dute bigarren bileran iritsi zela haustura, egungo “blokeo egoerara” iritsiz: “Blokeoa borondate ezaren kausaz sortu da. Izan ere, oraindik ez dago Eudel-en berririk, baina alternatiba bat martxan ipintzeko asmorik ere ez. Udal taldeak hausnarketarako eta aurrera egiteko bide oro eten du, gainontzeko eragileok lanerako prest gaude eta”.
Zer egin orain?
Sare feministak ez du “ez ulertzen, ez onartzen” elkarlanerako bidezidorra “bat-batean” eten izana: “Udalak bere ardura duela defendatzen segitzea dagokigu, herri mailako egoera kritikoa baita eta udal mailako politika giltzarri izan baitaiteke”. Hori horrela, lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du sareak: “Udal taldearen kolore politikoa edozein izanik ere, beharrerako borondatez segituko dugu; zaintzaileek nahiz zaintza behar duten pertsonek merezi dute”. Eudel-en proiektua eta herri mailako jarduna “osagarriak” izan daitezkeela azpimarratu dute: “Horregatik ekin behar diogu lanari. Izan ere, orain arte eginiko bidea modu horretan trabatuta, hainbat herritarrek pentsa dezakete bideak ez duela ezertarako balio izan, eta hori ez da inondik inora hala”.
Bestalde, aurreratu dute A30eko grebaz geroztik urtebete egin dela omentzeko, Bilbon egun osoko egitaraua antolatu duela zapaturako (azaroak 30) Bizitzak Erdigunean kolektiboak, eta Gernikako Sare Feminista bertan izango dela: “Denetariko jarduerak antolatu dituzte, Zaintzaren herria eraikitzera goaz! lelopean; Busturialdeko herritarrei bertaratzeko deia luzatzen diegu”.