'Gernika kontzertuan' diskoa aurkeztuz, Benito Lertxundik oholtzei agur esan die
2023ko azaroaren 11an Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan emandako kontzertutik jaiotako diska berria aurkeztu dute Benito Lertxundi, Olatz Zugasti eta Haziberriko kideek, gaur, Jai Alaien, abeslariaren oholtzei agurra adieraztearekin batera.
Gernika Kontzertuan diskoa aurkeztu dute gaur Benito Lertxundik eta Olatz Zugastik, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, Haziberriko kideekin batera. Horrela, 60 urteko ibilbidearen ostean, oholtzei agur esango die artistak. Izan ere, abeslariak 2023ko azaroaren 11an, pilotalekuan bertan eskainitako kontzertu gogoangarria jasotzen du aurkeztutako Lertxundiren diskak. Haziberritik jakinarazi dutenez, gainera, “ez da bilatutako disko bat izan”. Ezezkoa ematen jakitea goraipatu dute sarri, eta Haziberriko kideek horrekiko bizipenak kontatu dituzte, beregain: “Benitok sarritan aipatzen digu ikasi eta jakin egin behar dela ezetz esaten. Egiten dizuten proposamen bati ezetza ematean, aukera berri bat sortu daiteke, eszenatoki berri bat, batzuetan hobeagoa. 2022an, urtero Gernikako Europa parkean antolatzen dugun kontzertuan jotzeko proposamenari Benitok ezetza eman zion. Ezezko hark, bila aritu gabe eta kasualitateak tarteko, aukera berri bat ekarri zigun urtebete beranduago: Gernikako Jai Alai frontoian Benitoren kontzertua antolatzeko aukera”. Ezin pozago agertu dira antolatzaileak, halaber, eta artista oriotarraren oholtzeri agur esate prozesuan presente egotea “ohorea” dela azpimarratu dute, konfidantzagatik eskerrak emateaz gain.
Zugastik, “20 kantuz eta hainbat doinuz” beteriko zuzeneko diskoa izango dela aurreratu du, eta oro har, “kantu ezagun zein berriagoak” entzuteko aukera ere emango duela. Berritasun bat ere izango duela nabarmendu du, gainera: “Kontzertuetan ohikoak diren doinuez gain, oraindik argitaratu gabeko kantu berri bat ere badago diskoan; Ez nabil ezeren bila“. CD bikoitz eta LP hirukoitz euskarrietan eskuragarri dago diska, gaurtik aurrera. Ohiko salmenta guneetan, Durangoko Azokan Kantaita Enea-ren mahaian, www.benitolertxundi.com-en eta gune digital guztietan eros daiteke.
Lertxundik opari gisa hartu du disko hau, esan bezala, ez baitzen bilatutako zerbait izan. Gauzak horrela, Gernika-Lumoko kontzertu hartako publikoaren hunkidura goraipatu du. “Nire burua eszenatokietatik urruntzen zela sentitzen nuen, eta azken aldiko kontzertu gehienetan ez nintzen eroso sentitzen. Jai Alaiko publikoa hunkituta zegoen guztiz, eta nolabait jeloskor nengoen, ni ez bainengoen beraien puntu berdinean”, aitortu du abeslariak. Hortik denbora batera, kontzertu horretan grabatutakoak erakutsi zizkioten, eta “hor disko bat dago” pentsatu zuela azaldu du oriotarrak, eta hori aipatu du diskoaren jaiotzatzat. Haziberriri eskerrak eman dizkio, hain zuzen: “Hasieratik beraiekin kimika berezi bat izan nuen, ni izan nintzen zuzenean beraiekin kontaktuan jarri zena, eta esker oneko hitzak baino ez ditut beraientzat, uneoro mimoz landu baitzuten kontzertu hura, eta haren ezaugarri guztiak”.
“Ez naiz inoiz bizitza publiko bat izatekoa izan, eta une bat heldu zen, ez nintzena horretarako prest ikusten. Gorabehera asko, arazoak eta abar izan ziren tarteko, eta tarte bat behar nuela sentitzen nuen”: horrela arrazoitu du Lertxundik oholtzei agur esateko erabaki hori. Esan duenez, erabakia urte honen hasieran hartu zuen arren, “duela lau urte” hasi zen puntu horretara heltzeko ibilbidea bere baitan. “Eskerrak eman nahi dizkiet 60 urteko ibilbide luze bezain pozgarri honetan nire ondoan egon direnei eta daudenei. Oso maitatua izan naiz. Afektu asko jaso izan dut beti, eta oso zorionekoa naiz horregatik”, amaitu du artistak.