Sanandresek ekintzaz beteko dituzte Bermeo eta Ibarrangelu
Barikutik domekara bitartean ospatuko dituzte dituzte San Andres Jaiak Bermeon, eta zapaturako eta domekarako hitzordua jarri dute Ibarrangelun. Herritar denentzako egitarauak prestatu dituzte.
Azaroaren azken egunean, eta abenduari ekin aurretik, San Andres eguna ospatuko dute Bermeon eta Ibarrangelun. Hala, egitarau zabala prestatu dute bi herritan, adin guztietako eta gustu guztietako pertsonentzat pentsatuta.
Etzi hartuko du festa giroa Bermeoko San Andres auzoak, baina zapatu eta domeka izango dira egun handiak. Euskara sailak antolatutako mendi martxa egingo dute lehenengo zapatuan, eta 2019an jaiotako umeen jaia izango da ostean. Bertan, ama hizkuntzaren eta hizkuntzaren transmisioaren garrantziaz ohartarazi gura dute, eta Motx pailazoaren bosgarren urte eguna ospatu ere bai. Izan ere, duela bost urte abiatu zuen ibilbidea, eta dagoeneko 50 saio baino gehiago eskaini ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
116 ume daude gonbidatuta –euren ama hizkuntzan jaso dute gonbidapena, tartean euskaraz, arabieraz, errumanieraz, wolofez edota ingelesez–, eta ekitaldian pailazoak Arrate Egaña eta Marimar Agirregaz batera egindako liburua banatuko du udalak 5 urteko umeen artean: Oroitzapen eder bat.
Arratsaldean, berriz, Asier Kidam magoaren ikuskizuna eta umeen jolasak izango dituzte aukeran, eta gauean, Tximino musika taldearen diskoaren aurkezpenaz eta Gauargi erromeriaz gozatzeko aukera egongo da.
Domekan, berriz, herri kirol erakustaldiak beteko du auzoa, eta txori piztien erakustaldia ere egingo dute, tarta txapelketaz gain; txapelketako saria bi pertsonentzako afaria izango da. Eta, ostean, herri bazkarian elkartuko dira bermeotarrak, eta, horretarako, Jose Ramon Harategian erosi beharko dira tiketak, 20 eurotan.
Ibarrangelutarrek herriko gaiteruen eta pandero joleen musikagaz lagunduta hasiko dituzte zapatuan, sanandresak. Arratsaldean, umeek jolasak izango dituzte aukeran, frontoian, eta arratsaldea merendola bategaz borobilduko dute eguna. Mus txapelketaren ostean, herriko kaleak musikaz beteko dituzte, eta tabernaz taberna egingo duten trikipoteoan jai giroa izango da nagusi.
Domekan, herriko Lorea Taldearen euskal dantzak eta aurten jaiotako herriko umeei oparia emateko tartea hartuko dute. Horrez gain, aurretik, Euskararen Nazioarteko Eguna tarteko, hizkuntzarekiko babesa erakutsiko dute herritarrek, irakurketa eginez.
EGITARAUA
BERMEO
Etzi
20:00. Txupinazoa, San Andres auzoko aparkalekuan.
Zapatua, azaroak 30
09:00. Mendi martxa, Euskera sailak antolatuta.
12:00. 2019an jaiotako umeen jaia, Motx pailazoa be egongo da.
17:00. Asier Kidam magoaren ikuskizuna.
18:00. Txokolate jana.
Ondoren. Umeen jolasak: aurpegiak margotzea, umeentzako dantzak eta puzgarriak.
22:00. Tximino musika taldearen diskoaren aurkezpena, karpan.
Ondoren. Gauargi erromeria.
Domeka, abenduak 1
12:30. Herri-kirol erakustaldia.
13:30. Txori piztien erakustaldia.
14:40. Tarta txapelketa.
15:00. Herri bazkaria.
17:00. Josepa kale kale taldearen ekitaldia.
IBARRANGELU
Zapatua, azaroak 30
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Ibarrangeluko gaiteruak eta pandero joleak, tabernaz taberna.
17:30. Umeentzako jolasak, frontoian.
Ostean. Merendola.
19:30. Mus txapelketa.
Ostean. Sari banaketa eta trikipoteoa Eingo taldeagaz.
Domeka, abenduak 1
11:00. Meza nagusia.
11:45. Euskararen eguneko mezuaren irakurketa eta Ibarrangeluko jaioberriei opari banaketa.
Ostean. Lorea dantza taldearen emanaldia.
17:30. Filma, kultur etxean.