Aurrekontuak adosteko prozesu ireki eta kolaboratzailea zabaldu dute
Gernika-Lumoko Udalak, udal aurrekontuetako ekarpenak egitera gonbidatu ditu herritarrak, zabaldu berri duten prezesu ireki eta kolaboratibo baten bidez.
Gernika-Lumoko Udalak herritarrei dei egin die, zabaldu berri duten prozesu ireki eta kolaboratiboaren bidez udal aurrekontuetan ekarpenak egiteko. Izan ere, udala, datorren urteko aurrekontuak eratzen hasi da, eta adierazi dutenez, ikuspegi parte-hartzaile batekin, herritarrak erabakietan inplikatzea dute helburu.
Atzo (azaroak 25) hasi eta abenduaren 23ra arte, herritarrek iradokizun eta proposamenak helarazi ahal izango dituzte posta elektronikoaren bidez, partaidetza@gernika-lumo.eus helbidera idatziz, edota Udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) zuzenean aurkeztuz. Gainera, jakinarazi dute ekimenak gune bat duela udalaren webgunean, eta horretan zehazten direla parte hartzeko esparru posibleak, besteak beste.
Gernika-Lumon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago deialdia, baita foru herrian egoitza edo jarduera duten elkarte, fundazio, sindikatu, elkargo profesional eta bestelako erakundeei ere. Martxan jarritako proiektuaren irizpideekiko, proposamen oro bideragarria izan behar da; bai teknikoki, eta baita ekonomikoki ere. Gainera, udalerriaren interes orokorrera bideratuta egon behar dute, komunitate osoari mesede egiteko helburupean.
Behin proposamen guztiak biltzen direnean, udal aurrekontuetan uztartzeko aukera zehazteko aztertuko dira guztiak, aditzera eman dutenez. Ekimen honek, batik bat, herritarren eta udalaren arteko lankidetza indartzea eta sustatzea du jomuga, hartuko diren erabakiek udalerriaren benetako beharrak islatzen dituztela bermatuz.
Iñaki Gorroño Ogasun zinegotziak berretsi du, horrelako prozesuak “funtsezkoak” direla “tokiko demokrazia indartzeko eta herritarren eskaerei erantzungo dien etorkizuna eraikitzeko”. Gardentasuna eta parte-hartzea oinarri dituen proiektua testuingurutzat jarriz, Gernika-Lumo kudeaketa inklusiboko eredu gisa kokatzea bilatzen du udalak, eta bide batez, herritarrak jarri nahi ditu erabaki garrantzitsuenen erdigunean.