Segundo Olaeta Musika Eskolak kontzertua egingo du Santa Zezilia egunez
Hamaika musika estiloren eszenatoki izango da Lizeo Antzokia gaur (barikua), Segundo Olaeta Musika Eskolak Santa Zezilia egunez prestatutako kontzertuarekin.
Santa Zezilia dela eta, Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolak kontzertu bat prestatu du gaurko (azaroak 22), Lizeoan. Musikaren eguna bezala ere ezagutzen da Santa Zezilia, eta horrekin bat egingo du foru-herriak 19:00tan. Kontzertu horretan, musika mota anitzak entzuteko aukera izango dela jakinarazi dute musika eskolatik; musika klasikotik hasi eta pop-a eta rock-a uztartzera ere helduko dira musikariak Lizeo Antzokian. “Bai ikasle, eta baita irakasleek ere hartuko dute parte emozio eta talentua nagusituko den ekimenean”, aurreratu dute.
Txikienek emango diote hasiera kontzertuari. Izan ere, 6 urteko neska-mutillek Do, Re, Mi, Fa, Sol-ekin musikaren lehen notetan murgilduko dute publikoa. Nahia Guarrotxena biolin-jole gaztearen txanda izango da ondoren, Itxaso Arana piano-jolearekin batera Rieding-en Biolinerako Kontzertua op.24 joko du. Aratz Leiceagak, ondoren, Arabasque lehena joko du pianoan. Ganbara Taldeak ere izango du kutsua Lizeo Antzokian. Ganbara, Segundo Olaeta Musika Eskolaren bihotzaren parte den prestakuntza musikala da. Honeek, konposizio propioekin beteko dute Lizeoa, gaur 19:00etan. Besteak beste, Kepa Junkeraren Balsa, gaur egungo doinuez jantziko dute. Betazalak erauzten abestia ere eskainiko diote publikoari, berritasun ikuspegi batekin.
Hurrengo multzoan, Eskolako Orkestrak bi pieza interpretatuko ditu, kontzertuaren “itxiera zirraragarriaren atarikoa” izango direnak. Astor Piazzollaren Adios Nonino hunkigarriarekin hasiko dira, tango garaikidearen maisulanarekin, erromantizismo klasikoa eta melodia modernoa uztartzen dituen Corazón de niño eta Ed Sheeranen Perfect pop piezarekin jarraitzeko. Ondoren, Wasted Years-ek gitarra eta ahotsa modu hunkigarrian interpretatuko ditu, eta Banda Sinfonikoak entzuleak gozatuko ditu askotariko errepertorioarekin: Soul Bossa Nova, eta, publikoaren harridurarako, rock eta antzerki musikalaren ukitu batzuk, Iron Maiden eta The Phantom of the Opera. Amaitzeko, Irene Ojanguren sopranoak eta Aritz Amillategi tenoreak hartuko dute parte, eta, Big Time kantuaren interpretazio indartsuarekin, publikoa giro dardarti eta emozioz betean izango dute.
Ekitaldia, Segundo Olaeta Musika Eskolako ikasle eta irakasleen ahalegin eta talentua nabarmenduz, musikaren ospakizuna izango da eta Gernika-Lumok talentuz beteriko gaua bizitzeko aukera eskainiko du.