‘Miñan’: migrazioa ikusarazteko konpromisoa
Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako ‘Miñan’ liburua antzerkira egokitu dute Timberlake Wertenbakerrek eta Ander Lipusek. Migrazioaz berba egiten duen obra erreala Lizeo Antzokian eskainiko dute zapatuan, 19:00etan.
Asko dira Afrikatik Europarako bidea egitea erabakitzen dutenak, Mediterraneoa zeharkatzen dutenak. Askotan, zenbakiz identifikatu ohi dituzte europearrek, pertsonak deshumanizatuz, Mediterraneoko heriotzen, kanporatzeen, edota ilegalizatutako bizitzei buruzko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da, eta, arazoa, unibertsala.
Ibrahima Balde kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, anaia txikia falta zela jakin zuen arte. Haren bila abiatu zen orduan: basamortua gurutzatu zuen; polizia, bahitzaileekin topo egin zuen; egarria, gosea, mina ezagutu zituen; eta Afrikatik Europarako bidea osatu zuen, Mediterraneoa zeharkatuz. Haren bizitzaren kronika da Miñan: Baldek berak ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa eta Artedramak antzerkira egokitua.
Timberlake Wertenbaker eta Ander Lipus izan dira testua antzerkira egokitu dutenak, eta horiek Philippe Ducou eta Manex Fuchsen laguntzagaz zuzendu dute Sambou Diabyk, Eihara Irazustak, Mikel Kayek eta Lipusek berak antzezten duten obra. “Irakurri nuenean asko hunkitu ninduen obra da Miñan, baina nire buruan ez zegoen hori antzerkira eroateko ideia. Timberlake Wertenbakerrek –Londresen bizi den dramaturgoak– egin zuen liburuaren lehen itzulpena ingelesera: Little brother. Berak aipatu zidan Londresen istorioa antzerkira eramateko asmoa zeukatela, baina pandemia etorri zen, eta atzeratu egin zuten. Niri pena ematen zidan euskaraz sortutako gauza bat lehenengo euskaraz ez erakusteak, eta, Londresekoa atzeratuta, momentu ona iruditu zitzaidan guk egokitzeko”, azaldu du Lipusek. Hala, Arzallusekin eta Balderekin kontaktuan jarri eta euren ametsa helarazi zieten. Onartu dute haiei kosta egin zitzaiela baiezkoa ematea, “benetako kontakizuna delako eta Balde babesteko”. Hala ere, baiezkoa eman zieten eta antzerkia bideratzen hasi ziren.
Aktoreak aukeratu zituzten lehenengo, baita ekipo tekniko eta artistikoa ere, eta, gero, bi urtez aritu ziren Miñan osatzen. Bizipena liburutik antzerkira egokitzea ez da lan erraza izan, ez delako fikziozko istorioa, benetakoa baizik: “Ez dugu ezer asmatu, berean utzi dugu”. Dena den, liburuan aipatzen diren egoera guztiak ez dituzte antzezlanean jasotzen, denbora eta eszenografia tarteko, baina bere horretan dago dena. “Ikusi dugu liburua irakurri eta antzerkia ikusi dutenek bat egiten dutela”, dio.
Ez da erronka erraza izan, baina aurreikuspenak bete dituztela uste dute zuzendariek: “Miñan liburua oso ezaguna egin zen, ez bakarrik hemen, baita mundu zabalean ere, eta, ematen du aurreikuspenak bete ditugula eta jendea oso hunkituta ateratzen dela antzerkitik”.
Talde lanean egindako beharra izan dela azpimarratu du Lipusek, zuzendari laguntzaileez gain, Jose Pablo Arriagaren eszenografia, Ikerne Gimenezen jantziak, Aitor Agirianoren musika eta Oier Ituarteren argiak izan dituztelako. Horrek hauspotu du obra bere ustez, horrek igo du beste maila batera: “Beste dramaturgia edo arte adierazpen guztiak aktoreen eta istoriaren zerbitzura egoteak mailaz igo du lana. Beste jende asko ere lanean aritu da, sorkuntzara oso lotuta dauden beste material asko sortzen”. Arzallusen inplikazioa ere eskertu eta azpimarratu du zuzendariak, egonaldi bakoitzaren amaieran beti joaten zelako entseguak ikustera. “Eskertzekoa da, ze azkenean, berak eta Ibrahimak idatzi zuten lan hau, eta eurek baino hobeto inork ez du istorio hori ezagutzen. Eurek ondoan izatea oso garrantzitsua izan da”, aitortu du.
Basamortua, gosea, beroa, bidea… antzezlekuan islatzea ez da kontu erraza. Sorkuntza prozesu guztiek dituzte euren zailtasunak, eta honek ere izan ditu, batez ere Baldek Afrikan zehar egiten duen bidaia kontatzeari dagokionean. Eta hori bi mailatan kontatzea erabaki dute. “Alde batetik, Sanbuk antzezten duen Ibrahimak berak kontatzen dio publikoari bere bidaia, ipuin bat balitzan. Bestalde, bidaia horren barruan, eszena ezberdinak interpretatzen ditugu, egoera ezberdinak jasoz, eta egoera desberdin horiek irudikatuz”. Unibertsio guzti hori, Diabyz gain, beste hiru aktoreek gorpuzten dute: “Gu Afrikan ez gara egon, baina Ibrahimak bere hitzez kontatzen digun hori irudikatu nahian lan egin dugu”.
Hausnarketa
Hedabideetan migrazioa asko lantzen den gaia da, baina migratzaileak askotan zenbakiz jasotzen dituzte: “Ez dakit zenbat hil diren, edo migrante batek ez dakit zer egin duen… Hori arazo potoloa da, ze zenbaki horien atzean pertsonak daude eta horietako bakoitzak istorio bat dauka, askotan batere gozoak ez direnak, gainera”. Bizipen horiei bozgorailu bat edo ikusgarritasun pixka bat ematea ahotsa jartzea da. Eta hori bilatzen du Miñanek: “Azken batean nahi diogu publikoari helarazi zenbaki horien atzean pertsonak daudela eta ikusarazi migrazioa beharrezkoa dela. Eta uste dut lortu dugula, publikoa istorioan sartzen delako eta daukan xamurtasuna, gogortasuna, krudeltasuna, edertasuna… ikusten duelako”.
Artedramak beste bi lan ere landu ditu migrazioari buruzkoak, Etxekoak eta Atzerrian lurra garratz, baina honen berezigarria da bizipen erreala kontatzen duela: “Besteek errealitatetik edan dute, baina gero fikzionatuak izan dira, eta kasu honetan, Ibrahimaren bizipena ez dago fikzionatuta, benetan gertatutakoa da, eta ez dago fikziorako tarterik. Egia da gure irudimenarekin marrazten dugula, gure sentsazioetatik, gure senetik, gure intuizioetatik, baina ez dago ezer fikzionatua, dramaturgia guztia dago Ibrahimaren kontakizunean oinarritua”.
Miñan duela bost urte argitaratu zen, eta sona handiko obra izan zen, eta antzerkia ere “arrakastatsua” izaten ari da. Lipusek dio ez zutela espero horrenbesteko publiko uholdea izatea. “Harrituta gaude harrerarekin. Baina hori oso ona da: bizipen hau ahalik eta jende gehienegana heldu, hobeto. Askoz ere betegarriagoa da. Eta antzokiak jendez gainezka ikustea gauza ederra da”. Dagoeneko 90 emanaldi inguru dituzte programatuta, tartean etzi, 19:00etatik aurrera Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian eskainiko dutena. “Arnasa hartzeko astirik ere ez daukagu, baina oso pozik gaude. Agertokiak betetzea bada fenomeno bat oso ohikoa ez dena antzerkian; sold out mezuak jartzea ez da ohikoa. Hala ere, oinak lurrean izan behar ditugu, guk gure lana egiten jarraitu behar dugu. Gure asmoa jendea hunkitzea delako, jendearengana iristea. Eta horretan dihardugu”.