Ia 100 lagun elkartu ditu Santa Katalinako Mendi Martxak
Santa Katalina jaietako egitarauari bete-betean heldu ez arren, mundakarrak jaiei neurria hartuta daude. Iragan zapatuan (azaroak 16), Santa Katalinako Mendi Martxa egin zuten, Gaztezar Mendi Taldeak antolatuta. Giro ederrean elkartu ziren herritarrak, udazkenez jantzitako mendiez eta jai aldarteaz gozatzeko asmoz. Eguraldi onari erantzun are hobea eman zioten. Aurreikuspenak betez, 96 lagun bildu ziren herriko plazan.
Antolakuntza lantaldeare iragarpena 100 lagun inguru biltzea izanik, mendi martxaren balorazio ona egin dute: “Dena oso ondo atera zen, eta aparteko giroaz gozatu ahal izan zuten animatu ziren denek”. Hain zuzen ere, ibilbide luzea eta laburra eduki zituzten aukeran martxalariek lehendabizikoa, 19 kilometrokoa; bigarrena, berriz, 12koa. Biak ala biak Santa Katalina baselizatik pasatu ziren lehenengo, eta Katillotxu mendiaren tontorrera igo ziren jarraian. Han bereizi ziren bi aukerak: laburra hautatu zutenak Mundakara zuzenean bueltatu ziren, eta ibilbide luzeko parte hartzaileek, aldiz, bira luzeagoa egin zuten.
Behin guztiak helmugaratuta, antolatzaileek mokadua prestatu zuten partaide guztientzat, eta plaza jai eremu bihurtu zen. Mendi martxa atzean utzita, mundakarrak prest daude hilaren 22tik 25era bitartean ospatuko dituzten santakatalinei heltzeko.