Milaka elkartasun pauso, berreskuratutako San Marton lasterketan
San Martin auzoko jaiez gozatzen ari dira bermeotarrak 20 urte eta gero. Jaiak berreskuratu dituzte, baita horien baitan antolatzen zuten San Marton lasterketa ospetsua ere. Eta, gaur (azaroak 16) 125 korrikalari animatu dira elkartasun lasterketan parte hartzera. Antolatzaileak "pozik" agertu dira.
San Martin auzoko jaiak bueltan dira Bermeon 20 urte eta gero. Atzo (azaroak 15) entzun ziren jaiaren lehen doinuak auzoan, eta gaur (azaroak 16) eguerdian korrikalarien pauso arinek hartu dute doinuen lekukoa. Izan ere, San Marton lasterketa berreskuratu eta arineketan ibili dira auzoko kaleetatik San Martinera bertaratutakoak.Ā
125 korrikalari izan dira elkartasun lasterketan izena eman eta pauso txiki bezain handiak eman dituztenak, bi taldetan banatuta. Izan ere, 2 kilometro inguruko lasterketa edota 6 kilometro ingurukoa egiteko aukera izan dute parte hartzaileek. Hori bai, denek ala denek egin dute korrika Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen alde. Izan ere, dortsalekin bildutako dirua elkartera bideratuko dute, eta, zehaztu dutenez, 650 euro inguru lortu dituzte horiekin.Ā
Hitzordu ezaguna zen lehen Bermeoko San Marton lasterketa, jendetza bertaratzen baitzen bertara. 1979an, esaterako, 840 parte hartzaile izan zituen lasterketak. Hala, gaur, sanmartin jaietan zein lasterketa antolatzen lanean aritu ziren horiei omenalditxoa egin gura izan diete gaur, eta eurek banatu dizkiete sariak lasterketetako lehen hiru emakumezko zein gizonezkoei.Ā
Lasterketak izandako erantzunagaz “pozik” agertu dira antolatzaileak, eta hori ondo atera dela ere nabarmendu dute. Hala, jaiak eta lasterketa urteroko kontu bilatzea nahi dute, bermeotarrentzako hitzordu izatea, eta horretarako gogotsu agertu dira.
Hala ere, jaiak ez du etenik auzoan. Izan ere, gorputzak mugitzen hasiko dira orain, Ross dantza eskolakoen eskutik, eta The UskiĀ“s taldearen kontzertuaz gozatuko dute gero. Radio Guerrilla taldearen kontzertuak musikatuko du gaua, eta Dj Jaikide ere hurbilduko da txosnara.Ā Eta, bihar ere, festa giroan jarraituko dute San Martinen: bigarren eskuko azoka, eskubaloia kalean, fitness ekitaldia eta umeen danborradak hartuko baitute auzoa.Ā
Ekintza denek ala denek helburu argi bat dute: antzinako jaia berreskuratzea eta hori auzo guztian zabaltzea. Hala, publiko guztientzako jaiak prestatu dituzte, eta oraindik hamaika ekintzaz gozatzeko aukera dago auzoan, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete, izan ere, elkar ezagutzeko aukera ederra dira.Ā
Gaur.
17:00.Ā Umeen dantza erakustaldia eta disko dantza saioa Rossen eskutik.
20:30-22:00.Ā The UskiĀ“s taldearen kontzertua, txosnan.
22:30-00:30.Ā Radio Guerrilla taldearen kontzertua, txosnan.
Ondoren.Ā Dj Jaikide, txosnan.
Bihar.
10:00.Ā Auzo osotik, bigarren eskuko azoka.
10:00-13:00.Ā Eskubaloia kalean, Zubiaur Tar Kepa kaleko plazan.
12:00-13:00.Ā Fitness ekitaldia Yoli Babioren eskutik, txosnan.
13:00.Ā Zozketak eta sari banaketak, txosnan.
13:30-14:30.Ā Umeen danborrada Gaztelugatxe Danborrada Taldearen eskutik, txosnan hasita.
Ondoren.Ā Jaien amaiera.