Ospakizuna aldarrikapenez jantziz
Konferentzia-interpretazioaren Nazioarteko Eguna heltzear da, eta euskal interpreteek aldarrikatuz ospatu nahi dute eguna. Horretarako, bitartekarien profila eta beharrak aztertzeko inkesta baten bidez, langileen diagnostikoa osatu dute. Halaber, ospakizuna alde batera utzi gabe, bitartekarien lanaren oinarrira itzuli, lanbideari jarraikortasuna eman eta beharrezko duintasuna aldarrikatu nahi dute.
Konferentzia-interpretazioaren Nazioarteko Eguna ospatzear dago. Hain zuzen, azaroaren 20a da lanbidea goraipatzeko eta horri ikusgarritasuna emateko data. Duela 74 urte jaio zen aipatutako lanbidea; izan ere, nahiz eta XX. mendean Sobietar Batasunaren bileretan bizpahiru saiakera egin, Nurenbergeko epaiketa izan zen konferentzia-interpretazio arloko aitzindaria; nazi asko epaitzeko beharra zegoen, eta lehen aldiz modu publikoan eraman zituzten epaitzera. Maitane Uriarte Atxikallende euskal interpreteak nabarmendu bezala, gizateriaren aurkako krimenak epaitegietan eztabaidatu ziren lehen aldia izan zen.
Data horrek berebiziko garrantzia du historian, “gauza asko lehen aldiz egin baitziren”. Lehenengoz egindako horien artean, hainbat eta hainbat interpretek aldi berean egin behar izan zuten lan duela 74 urteko azaroaren 20an, epaiketa horiek arintzeko. Denbora errealean egin zuten lan, gainera. Interpreteak behar ziren, ez zegoen besterik. Hori guztia, “justizia egiteko” helburupean egin zela gogoratu du Uriartek. Orduantxe ikusi zuen mundu osoak aldibereko interpretazioaren baliagarritasuna. Eta orduantxe sortu zen lanbidea. Ordutik, azaroaren 20a Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguntzat hartzen da.
“Azaroak 20a gure lanbidea goraipatzeaz gain, interpreteok azken hilabeteotan jasandako mehatxuak azaleratzeko baliatu nahi dugu”.
Asko dute ospatzeko interpreteek, baina are gehiago dute aldarrikatzeko, baita ikusgarritasuna emateko eta beharrizanak eskatzeko ere. “Egun hori gure lanbidea goraipatzeaz gain, interpreteok azken hilabeteotan jasandako mehatxuak azaleratzeko baliatu nahi dugu”, nabarmendu du gernika-lumotarrak. Izan ere, Espainiako Senatutik etorri zaie albisterik kezkagarriena: “Hizkuntza koofizialetako interpretazio-zerbitzuaren esleipenaren harira, Senatuak soilik irizpide ekonomikoetan oinarritutako lehiaketa jarri zuen abian zerbitzua esleitzeko, eta hartara bideratutako aurrekontua ere murriztu zuen”. Halaber, interpreteentzat larrienak ez dira izan ezarritako tarifa “irrigarriak”, baizik eta interpreteek “ordubetera bitarteko lanak doan egitea” proposatzea. Inguruko hainbat kasu gogorarazi ditu Uriartek: “Tamalez, Senatukoa ez da kasu bakarra izan, guk gure inguruan ere salatu baititugu antzerako kasuak”. Beraien barne-hausnarketak, ordea, erakunde publiko garrantzitsu baten “hanka-sartze” horretatik etorri ziren.
Ohiko arazoa. Interpreteen lan-baldintzak auzitan jarri dituzten gertakarien artean errepikatuenetariko bat da interpreteari itzuli behar duen testuaren inguruko informazioa aurretiaz ez bidaltzea, eta Uriarteren hitzetan, “sarritan” gertatzen den arazoa da, gainera. Horren adibide aipagarritzat jo du Arabako Batzar Nagusietako Ahaldun Nagusiaren inbestidura-hitzaldian gertatutakoa: “Inbestidura-hitzaldia eten egin behar izan zen, interpreteari ahaldungaia irakurtzen ari zen testua lantzeko denbora emateko, testua ez baitzitzaion aldez aurretik bidali, behin eta berriro eskatu arren”.
“Gehienak emakumeak gara, batez beste 45 urtekoak, eta jomuga berdin edo antzekoekin”.
Zein puntutan dauden galdetzeko une apropostzat dute azaroaren 20a interpreteek. Hainbat bilera, hausnarketa eta eztabaidarentzat tokia izan dute, eta besteak beste, interpreteen lan-baldintzak jarri dituzte erdigunean. Merkatu pribatuko interprete autonomoen eta erakunde publiko eta enpresetakoen arteko konparaketa egin, eta profil desberdinak diren arren, zenbait antzekotasun aurkitu dituzte guztien artean: “Gehienak emakumeak gara, batez beste 45 urtekoak, eta jomuga berdin edo antzekoekin. Datuak aztertu genituen, eta euskal interpreteen diagnostiko antzerako bat egiteko ideia izan genuen, Konferentzia-interpretazioaren Nazioarteko Egunean bertan argitaratzeko”, kontatu du Uriartek. Horretarako, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) galdetegi batean oinarritu ditu diagnostiko horren emaitzak. Azterketa hori egitearen helburua argia da: interpreteen profila irudikatzea eta profesionalek hautematen dituzten beharrak identifikatzea.
Adimen artifizialaren mehatxua ere aipatu du gernika-lumotarrak, interpretazioaren lan-merkatuan “ezjakintasun handia” baitago gaiarekiko. Lana kenduko du? Erraztu? Norainoko eragina izango du?, eta abar luze bat dira adimen artifizialak sortzen dituen zalantzak. Euskal interpreteen kasuan, ordea, oraindik lasaitasuna da nagusi: “Adimen artifizialak indar handia izan arren, eta zalantza asko sortarazi arren, uste dut euskal interpreteon kasuan, oraindik ez digula eragingo. Oraindik merkatuan lana izaten jarraituko dela uste dut, euskara etengabeko sustapen bidean dagoelako”.
“Gutxi izateak kolektibo modura indartu gaitu, kasu honetan”.
Hala, hainbat mehatxutatik salbu daudela diote zenbait interpretek. Gutxi izatea, gehienetan ez bezala, positiboa dela deritze. Indarrak batu eta “eskaintza iraingarrien” aurrean planto egitea jarri dute adibidetzat. “Gutxi izateak kolektibo modura indartu gaitu, kasu honetan”, gaineratu du Uriartek. Azaroaren 20a, euskararekin lan egiten duten interpreteen lan-baldintzei ikusgarritasuna emateko erabili nahi dute, beti ere, ospakizuna alde batera utzi gabe. “Eman diezaiogun jarraitasuna Nurenbergeko epaiketetan jaiotako lanbide zoragarri eta beharrezko honi”, azpimarratu du, beraien balioaren aitortza eta “inoiz falta beharko ez litzatekeen” duintasunaren aldarrikapena mahai gainean jarriz.