BBK Sariketaren lehenengo finalaurrekoa Elai Alai Aretoak hartuko du
Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren lehen hiru saioak igaro diren horretan, finalaurrekoen txanda heldu da; lehen finalaurrekoa Gernika-Lumoko Elai Alai Aretoan izango da, astelehenean (azaroak 18), arratsaldeko 18:00etan.
Azaroaren 4an eman zitzaion hasiera Bertsolari Gazteen BBK Sariketari, Bilboko Urretxindorra ikastolan. 32. urtea da honekin, lehiaketa hau antolatzen dutena, eta argi adierazi dute helburua: bertsolari gazteen plazaratzea sustatzea. Lehiaketaren aurkezpenean azaldu zutenez, sei bertso saiok osatzen dute lehiaketa; bi multzotan banatuta ari dira parte hartzen taldeak. Batetik, A multzoan 18 urtera arteko gazteak, hirukoteak osatuz. Bestetik, 25 urtera artekoak, bikoteka. Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrak parte hartuko du Team Rocket taldean, hala nola. Kanporaketa sistemako txapelketan, saioko puntu gehien lortzen ari direnak pasatu dira hurrengo fasera. Izan ere, finala multzo bakoitzeko talde bik osatuko dute.
Lehenengo saioa Urretxindorra Ikastolan izan zen, eta Xarmengarriak gara eta Sagutxo Kaskarinak-en arteko lehian, Sagutxo Kaskarinak gailendu zen. Bigarren saioa, berriz, Igorreko Arratiako Institutuan izan zen; AP8ko Txikia eta Arrakalak loratu lehiatu ziren bertsotan, eta bigarren horiek irabazi zuten. Hirugarren saioan, azkenik, Anitzak eta Puntuak eta Komak lehiatu ziren Zallako Mimetiz eskolan; Puntuak eta Komak irabazi zuten.
Lehenengo fasea amaitzearekin batera, finalaurrekoen fasea heltzear da; datorren astelehenean (azaroak 18) lehen finalaurrekoari ekingo zaio Gernika-Lumoko Elai Alai Aretoan, 18:00etan. Finalaurrekoetan saioak bikoitzak izango dira, hau da, orain arte lehiatu ez diren 18 eta 25 urtekoak ere hasiko dira lehian.
Gauzak horrela, A multzoan, 18 urtera artekoen multzoan, ondorengo taldeak arituko dira: Sagutxo kaskarinak 2.0 eta Arrakalak loratu. B multzoan, 18 eta 25 urte artekoetan, berriz, Team Rocket (Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga), Ai Zapotxin! (Bittor Altube eta Joseba Ortuzar) eta Malla 2 (Araitz Katarain eta Irune Basagoiti) bikoteak izango dira kantuan.
Aditzera eman dutenez, saio hau publiko orokor bateri zuzendutako saioa da, eta gainera, saioko sarrerak doakoak dira.