Astra reggae musikaren eszenatoki izango da zapatuan
Bassque Reggae Kultur Elkarteak Astradub Reggae Jaia antolatu du lehenengoz, Astran, zapatuan (azaroak 16). Antolatzaileek "giro aparta" espero dute; High Paw, Bombadil Sound System, Basherri Sound System eta Iker Selektah Live Dub bezalako reggae musikariez gozatzeko aukera egongo da.
Zapatuan (azaroak 16) Astradub Reggae Jaia antolatu du Gipuzkoako Bassque Reggae Kultur Elkarteak, Gernika-Lumoko Astran. Tankera horretako jaialdi bat Gernika-Lumon antolatzen duten lehen aldia den arren, “oso gogotsu” agertu dira gipuzkoarrak. Arratsaldean zabalduko ditu ateak reggae musika nagusituko den jaiak; 17:00etan hasi eta 01:30ean bukatuko da. Jakinarazi dutenez, sarrerak leiatilan soilik egongo dira salgai: “Arratsaldeko 20:00ak baino lehen 10 eurotan salduko diren arren, 20:00etatik aurrera 12 euro balioko dituzte sarrerak”.
Bassque Reggae Kultur Elkarteak helburu argi batekin antolatu du asteburuan foru herriko ekimena: “Ahal dugun toki guztietara reggae musika zabaldu nahi dugu. Nik neuk, pare bat kontzertu eginda ditut Astran, eta gure estiloko jai eta musikarentzat espazio egokia iruditu izan zait beti, publiko ona erakartzen duena. Beraz, bertan zerbait antolatzea proposatu nuen, eta Astradub ekitaldia izan zen emaitza”.
Bombadil Sound System, Basherri Sound System, High Paw eta Iker Selektah Live Dub bezalako gonbidatuak izango dira ikusgai Astran, zapatuan. Batik bat, High Paw abeslari galiziarra nabarmendu nahi izan dute antolakuntzatik: “Estatu mailan dagoen reggae abeslari indartsuenetariko bat da High Paw, batez ere sound system munduan. Nahiz eta gonbidatu guztiak oso onak diren, nolabait esateko, ekitaldiko izarra bera izango da”.
Ezer berezirik ez dute espero antolatzaileek: “Horrelako zerbait Bizkaian antolatzen dugun lehen aldia izanik eta aurre-salmentarik jarri ez dugunez, ez dakigu ondo zenbat jende gerturatuko den”. Hala ere, “giro aparta” espero dute, eta jendea bertaratzea ere bai, batez ere, High Paw abeslariak publiko asko erakartzen duela kontuan izanik.
Gauzak horrela, Bassque Reggae Kultur Elkartetik jendea animatzeko deia zabaldu dute: “Reggae zale amorratua izan ez arren, edozein unetan ondo sartzen den musika da, eta nibel oso altuko abeslari eta musikariak ikusteko aukera izango da, giro aparta sortuko dela uste dugu, gainera. Bizkaitarrak, zein gernika-lumotarrak eta ingurukoak gonbidatzen ditugu gurekin arratsaldea pasatzera”.