Zirku eskolen gala batek osatuko du Hazitoki Topaketen egitaraua
Domekan [azaroak 17], 11:00etan hasita egun osoko egitaraua izango dute Gernika-Lumon: Zirko tailer inklusiboa, globoflexia, aurpegi margoketa, eskulanak, zurezko jolasak, zirku erakustaldia...
Zirku inklusiboak geldialdia egingo du, berriro ere, Gernika-Lumon: Hazitoki Topaketak laugarrenez beteko du Merkatu plaza domekan (azaroak 17), 11:00etatik aurrera. Eta, goizez zein arratsaldez, hamaika jarduera egingo dituzte bertan.
Zirkua praktikatzen duten eta behar bereziak dituzten pertsonek zirku eskolan egiten duten lana ikusarazteko jaio zen topaketa “berrikuntza garrantzitsuekin” itzuliko da aurten. Izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hainbat zirku eskolen gala bat eskainiko dute.
Hala ere, ez dira faltako pertsonak arte eszenikoetan integratzeko familia osoarentzako askotariko jarduerak, behar bereziak dituztenentzat zein ez dituztenentzat, Hazitokiren espiritua kalera eramateko helburuagaz: “Zirku inklusiboko jardunaldi ireki baten bidez, mundu guztiak zirkuan eta tailer zein jardueretan parte hartzea gura dugu”, adierazi dute. Hala, 11:00etatik 19:00etara bitartean, zirku inkusiboa tailerra, aurpegi margoketa, globoflexia, eskulanak, egurrezko jolasak, tailer sensorialak… egongo dira aukeran. Merkatu plazako jarduera guztiak doakoak dira, publiko guztiarentzat dira, eta monitore espezializatuak egongo dira bertan, laguntzeko.
Aurten, gainera, iaz abian jarritako Lizeo Antzokiko ikuskizunagaz jarraituko dute. Izan ere, Tavole ikuskizuna eskainiko dute bertan, eta horretara joateko sarrerak Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan edo antzokian bertan erosi ahalko dira.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, topaketak helburu bikoitza izaten segitzen du: behar bereziak dituzten pertsonek zirku mailan egiten duten lana gizarteari erakustea, “pertsona guztiak benetan gizarteratzen lagunduz”; eta, bestetik, Txitatoki Urdaibai Zirko Eskolan garatzen den zirku inklusiboaren proiektuarentzako dirua ateratzea, monitoreen soldatak ordaintzeko eta materiala egokitzeko. Beraz, ekarpen ekonomikoak biltzeko Merkatu plazan zenbait gune izango dira.
EGITARAUA.
11:00. Zirku tailer inklusiboa, Merkatu plazan.
11:00. Eskulanak, Merkatu plazan.
11:00. Aurpegi margoketa, Merkatu plazan.
11:00. Globoflexia, Merkatu plazan.
12:30. Tavole Zirko ikuskizuna, Lizeo Antzokian.
16:00. Zirezko jolasak.
17:30. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Zirko eskolako gala.
Ostean. Txokolate jana eta Xaibor.
Zirkugintza Kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai Zirko eskolak zirkuaren bidezko gizarteratze proiektu bat sustatzeko asmoz sortu zuten Hazitoki proiektua, eta gaur egun Hazitoki Pertsonak Arte Eszenikoetan Integratzeko Elkarteak koordinatzen eta kudeatzen du, “pertsona guztiak, haien gaitasun fisikoa edo intelektuala edozein dela ere, zirkuan eta arte eszenikoetan benetan integratzea eta inklusioa lortzeko helburuagaz.
Gaur egun, proiektu hori Txitatoki Urdaibai zirko eskolan gauzatzen da, non zirkua tresna sozial gisa erabiliz ikasleen arteko harremenak “modu normalizatuan sustatzen” dituzten, “era guztietako pertsonen arteko harreman maila desberdinak sortuz”.