Prostatako minbiziaren aurka, kilometro solidarioak
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak bultzatutako Bizkaia Bike Minbiziaren Aurka ekimenagaz bat egingo du Matxitxako Txirrindularitza Kirol Taldeak, zapatuan [azaroak 16]. Bermeon hasi eta bukatuko den 130 kilometroko ibilbidea prestatu dute.
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bizkaia Bike Minbiziaren Aurka ekimena antolatu du, lehenengoz. Adierazi dutenez prostatako minbiziari ikusgarritasuna ematea dute helburu, eta horretarako, lehiarik gabeko lehen lasterketa birtuala prestatu dute. Hala, lasterketa solidarioa eta ludikoa izango da, eta bakarrik zein taldeka parte hartu ahal izango da, bakoitzak nahi duen tokitik.
Txirrindulari bakoitzak nahi duen distantzia egin ahal izango badu ere, antolatzaileek hiru erronka proposatu dituzte: 10, 20 edo 50 kilometro egitea. Lasterketa azaroaren 15ean [barikua] hasi eta azaroaren 17an [domeka] bukatuko da, eta bakoitzak nahi duenean parte hartu ahal izango du. Ekimenenari ikusgarritasuna emateko asmoz, txirrindulariei egindako kilometroak sare sozialetan edota Strava plataforman partekatzeko eskatu die antolatzaileek, beti ere #BizkaiaContraElCancer traolak lagunduta.
Kilometro solidarioak.
Bizkaiko hainbat udalerreri eta txirrindularitza taldek bat egin dute Bizkaia Bike Minbiziaren Aurka jardunaldiagaz, besteak beste Bermeoko Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeak. Azaroaren 16an [zapatua] jarri dute hitzordua, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bermeon duen egoitzan (Erreten parkean), hainbat herritatik igaroko den ibilbidea egiteko. Azaldu dutenez, parte hartzen duten guztiei prostatako minbiziaren inguruko informazioa helarazteko asmoz, helmuga irteerako toki berean kokatuko dute.
Matxitxako T.K.T.-tik antolatutako ibilbideagaz bat egiten dutenek elkarteak proposatutako erronka handituko dute, 130 kilometro egingo baitituzte, “Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteagaz kolaboratzen duten guztien esfortzua agerian jartzeko”. Era berean, prostatako minbizia “apurka apurka ikusgarriago” egiteko aprobetxatu nahi dute: “Ez da horren ezaguna, baina uste baino ohikoagoa da”.
Ahalik eta oihartzun handiena lortzeko asmoz, Matxitxakotik txirrindulari zaletu eta bestelako klubei beraien proposamenagaz bat egiteko gonbidapena luzatu die, beraiekin bidera atera edo traola zabaltzen laguntzeko: “Milaka kilometro solidario egin nahi ditugu, gure kirola bizikle gainean kilometroak egitea baino gehiago dela erakusteko; gaixotasun horien aurka lan egiten dutenekiko konpromisoa ere gure errepideetan islatzea nahi dugu”.
Diru-bilketa.
Matxitxako TKTk antolatu duen lasterketak izaera solidarioa izango du; horregatik, bildutako diru guztia “gizartea egunero hobea” izatea egiten duten proiektuak babestera bideratuko dela azaldu dute.
“Guztiok egin dezakegu zerbait”, nabarmendu dute txirrindularitza taldetik. “Tantaz tanta itsasoa egiten da, eta guk, Bermeotik, prostatako minbiziari aurre egiteko gurpildun txalupa jarriko dugu”.
AURREIKUSITAKO ORDUTEGIA
- IRTEERA. Bermeo, 07:20.
- Gernika-Lumo: 07:56.
- Zornotza: 08:36.
- Galdakao: 9:00.
- Bilbo —Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartearen egoitza—: 09:35.
- Getxo —Bizkaiko Zubia—: 10:23.
- Mungia: 11:45.
- HELMUGA. Bermeo: 13:30.