Gabonetako postal eta olerki lehiaketa, martxan
Herritarrei gabonak zoriontzeko erabiliko diren postala eta olerkia aukeratzeko lehiaketa antolatu du Foruko Udalak. Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 6a [barikua] izango da.
Foruko Udalak Gabonetako postal eta olerki lehiaketa antolatu du, beste urte batez. Hala, lehiaketara aurkeztutako lanak herritarrei Gabonak zoriontzeko erabiliko dutela jakinarazi dute.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere kategoria ezberdinetan banatu dute lehiaketa. Azaldu dutenez, hiru eta bost urtekoek alde batetik, eta sei eta hamabi urte bitartekoek, bestetik, postal lehiaketan parte hartuko dute. Hamahiru urtetetik gorakoek, berriz, bi lehiaketa izango dituzte aukeran; postal lehiaketa eta olerki lehiaketa. Lehiaketa batean zein bestean gaia berdina izango da: Gabonak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, postal guztiek neurri berdina izan beharko dute: DIN-A4 formatua. Era berean lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 6a [barikua] izango dela iragarri dute. Beraz, bere lanak aurkeztu nahi dituenak data hori baino lehenago entregatu beharko ditu, bai udaletxean —goizez—, bai J.M. Torrealdai Kultur Etxean —arratsaldez—.
Udaletik jakinarazi dutenez, lehiaketan parte hartzen duten guztientzako sariak egongo dira; horrez gain, sari berezien zozketa ere egingo dutela aurreratu dute.