Esperientzia “oso positiboak” izan dira Ondare Jardunaldiak
Aldunditik zehaztu dutenez, 200 ekintza baino gehiago egin dituzte Bizkaian, 4.000 parte hartzaile ingurugaz.
Bide, sare eta loturen ondarea izan da aurtengo Europako Ondare Jardunaldien leloa. 24. aldiz hilabete baten 200 ekintza baino gehiago antolatu dira, Bizkaiko 72 udalerritan, baita Lea-Artibain ere. “Jardunaldiak hitzordu garrantzitsua bilakatu dira lurraldeko kultur programazioan, eta ondarea ezagutaraztea sustatu dute, baita hura babestearen gaineko sentsibilizazioa ere”, adierazi dute aldunditik.
Hain zuzen ere, parte hartzaile zein antolatzaileen balorazioa “oso positiboa” izan da. Aldez aurretik erreserba behar zuten programatutako jardueren % 70 bete egin ziren, eta, kasu batzuetan, itxaron zerrendak izan zituzten. Bertaratutakoen artean egindako gogobetetze inkestak erakutsi zuenez, parte-hartzaileen % 90ek esperientzia “oso positibotzat” jo zuten, eta azalpenen eta antolaketaren “kalitatea” nabarmendu zuten.
Ekintzak askotarikoak izan dira: ibilbide gidatuak, hitzaldiak, bisita antzeztuak, tailerrak edota dokumentalen proiekzioak. Aurten, lehorreko eta itsasoko ibilbideetan jarri dute arreta jardunaldiek: “historian zehar salgaien, pertsonen eta ideien trukearen bidez Bizkaia moldatu duten konexio eta eraginei heltzeko”.
Horrela, Bizkaiko Foru Aldunditik diote berretsi egiten dutela “kultura ondarea sustatzeko konpromisoa”. Beraz, jardunaldiak “ezinbesteko hitzordu” bilakatu dira lurraldeko kulturan, “baita Bizkaiko historiari eta kultura ondareari balioa emateko funtsezko baliabidea ere”.