Musika proiektuetarako dirulaguntzak emateko deialdia zabaldu dute
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak seigarrenez zabaldu du musika proiektuak babesteko dirulaguntzak emateko deialdia herrian. Horretarako, azaroak 27ra arteko epea zabaldu dute, eta memoria eta dokumentazioa modu digitalean aurkeztu behar direla azaldu dute.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, Gernika-Lumoko musika proiektuetarako dirulaguntzak emateko seigarren deialdia zabaldu du. Bizkaiko aldizkari ofizialeko 217. alean azaldu bezala, horren helburua, eremu horretan jarduten duten talde zein pertsonei irabazi-asmorik gabeko musika-proiektuak egiteko dirulaguntzak ematea izanik, Gernika-Lumoko Udalaren hitzetan, “5.000 euro bideratuko dira tokiko taldeen diskoak ekoizten laguntzeko, bai amateurrak bai profesionalak“. Kultur Etxeak bertako musikariei laguntza irmoa ematen jarraitzen du, seigarren urtez jarraian musika-ekoizpenerako laguntzen deialdia eginez. 2018an hasi zen ekimen hau, eta musika-taldeen sormena eta sustapena bultzatzea bilatzen jarraitzen du; dagoeneko tokiko 25 musika talde edo banako babestu ditu.
“Taldeen kasuan, gutxienez, kideen %50 Gernika-Lumon erroldatuta dituzten musika-talde edo -elkarteentzat daude eskuragarri laguntzak. Norbanakoen kasuan, berriz, osotasunean foru herrian erroldatutakoentzat”, gaineratu du udalak. Hala nola, laguntzak, besteak beste, Segundo Olaeta Musika Eskola eta Iparragirre Rock Elkartea bezalako tokiko musika-espazioetan aritzen direnei zuzenduta dagoela ere berretsi du.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta memoria era digitalean aurkeztu beharko da Kultur Etxean, emailez edota bertan aurkeztuz. Gauzak horrela, aditzera eman dutenez, eskaerak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 12tik azaroaren 27ra bitartean egongo da zabalik, eguerdiko 14:00etara arte. Aurkeztu beharrekoaren oinarriak Gernika-Lumoko Kultur Etxearen webgunean daude ikusgai, halaber.