"Guk sinisten zaitugu eta zurekin gaude"
Gernika-Lumoko Sare Feministak abenduak 14an mobilizazioa deitu du; Mario Lopezen aurkako auzia aurrera doan heinean, biktimari babesa helarazteko helburupean, eta herriaren atxikimendua bilatzen dute.
Guk sinisten zaitugu eta zurekin gaude lelopean, Gernika-Lumoko Sare Feministak abenduak 14rako mobilizazioa deitu du. 18:00etan Merkurion batzeko deia zabaldu dute. Mario Lopezen aurkako salaketaren berri eman zenetik urtebete igaroko den horretan, sare feministako kideek mezu argia helarazi dute: «Bai lehen eta bai gaur, guk ozen diogu, erasotua sinisten dugula, eta berarekin gaudela». Gauzak horrela, herriaren babesa «beharrezkotzat» dute, herrian erasotzailerik nahi ez dutela erakusteko.
Gogoratu dute hiru urtez 13 urteko neska bati sexu abusuak egitea leporatuta epaituko dutela entrenatzaile ohia. Garai hartan entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen biktima, lehenengo Allende Salazar Herri Ikastetxean, eta gero, Gernika KESBn. Erasoak hasi zirenean, erasotzaileak 31 urte zituen, neskak baino 18 gehiago. Gernikako epaitegian jasotako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen biktimak, eta mehatxuak ere etengabeak izan ziren, baita bere gaineko kontrola ere. Salaketan jasotzen denez, bortxatu eta felazioak egitera behartu zuen. Auziak epaitegietan aurrera jarraitzen du, eta urrian jakin zen 14 urteko espetxe zigorra eta hamar urtez biktima bizi den herrira bertaratzeko debekua ezarri nahi diola fiskaltzak. Epaiketa horrek badu data dagoeneko: urtarrilaren 14tik 16ra egingo dute Bizkaiko Auzitegian.
Gernika-Lumoko Sare Feministatik gaineratu duenez, “guk sinisten zaitugu lelotik, zurekin gaude lelora pasatu” dira, eta biak uztartuz jarri diote abenduaren 14an deitutako manifestazioari lelo hori: “Hori adierazteko eta prozesu judizialaren aurrean elkartasuna helarazteko manifestazio jendetsua deitu nahi dugu Gernika-Lumon, abenduaren 14an. Herriaren babesa eta gure artean erasotzailerik nahi ez dugula erakusteko unea da. Aldi berean, epaiketa prozesu gogorrari aurre egiteko adina indar batzeko momentua ere bada”.
Hain zuzen ere, biktimari indarra helaraztea eta jendetza biltzea dute helburu udalerriko sare feministako kideek: “Manifestazio horretan ahalik eta norbanako gehien batzea nahiko genuke. Aldarrikapen honen bidez herriaren atxikimendua eskatzera gatoz”. Atxikimendu hori bilatzeko, formulario bat zabaldu dutela gaineratu dute