Mila bat lagun Lagako hondartzako lanen aurka mobilizatu dira
Lagako hondartzan egin nahi diren lanen inguruko "desadostasuna" erakutsi dute Ibarrangeluko eta eskualde guztiko herritarrek, gaur [azaroak 9] 13:00etan egindako mobilizazioan.
Ibarrangeluko Laga hondartzan, Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak aginduta, hareatza horretako bi dunak biltzeko lanak hasi dituzte. Ibarrangeluko, eta eskualde guztiko herritarrak bildu dira gaur (azaroak 9), eguerdiko 13:00etan, lan horien aurkako aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko; 1000 bat lagun izan dira horretan bildu direnak, halaber.
Hasi berri diren lan horien helburu nagusia hondartzako duna bien arteko lotura egitea dela adierazi du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak gaur goizean. Bien bitartean, metro bi inguruko pasarela bat eraiki gura dute, udan soilik zabalduko litzatekeena. Horrez gain, taberna aldameneko plazatxoa “desagerrarazi” gura dute. Lagako hondartza osatzen duten bi dunen garrantzia azpimarratu nahi izan du Ziluagak, eta hain babestuta dagoen gunea izanda, egitear dauden lan horiekiko herriaren desadostasuna plazaratu du: “Hondartzarako sarbidea da hau, eta hemen nahi dute duna bien arteko lotura hori egin. Gauza da, inongo ustekabeetan eta istripuetan hondartza ebakuatu behar izatekotan, hemendik egiten direla ustiaketa horiek, eta egin nahi duten lanekin, ezingo litzatekela, ala zailtasunak jarriko lituzkela. Horrez gain, gune hau, mugikortasun murriztua dutenenentzat ahalbidetutako gunea ere bada. Beraz, lan horiek, hainbat pertsoei hondartzarako sarbidearekiko zailtasunak ekarriko dizkio, eta denok dugu hondartzara sartzeko eskubide berdina”.
Makinak hondartzan ikusi zituzten zenbait herritarrek eguenean, eta horrelaxe zabaldu zen lanen zurrumurrua. Hain zuzen ere, udalak ez baitu lan horiekiko inongo jakinarazpen ofizialik jaso Espainiako Gobernuaren aldetik. Alkateak gaineratu duenez, udalari “beste mota bateko lanak” egingo zirela jakinarazi zitzaion, eta lan honeen nondik norakoak ikusita, “harrituta” gelditu ziren. 80 zentimetro inguruko duna gunea altxatzeko hareari dagokionez, “edonondik” hondeatzen ari direla berretsi dute: “Hareatzaren erdigunea edozein modutan ustiatzen ari dira, inongo azterketa barik; horrek ingurumen eragin handia eduki dezake”. Ingurumenaren garrantziarekin jarraituz, duna gehiago ez direla beharrezkoak aldarrikatu nahi izan du alkateak, beregain: “Duna nahikoa daude dagoeneko, eta horrekin naturaren defentsa guztiz bermatuta dago. Ez dira gehiago behar.”
Obra horiek “onartezinak” direla nabarmendu dute bertaratu diren herritarrek eta haserre handia erakutsi dute. “Babesik gabe” sentitzen direla diote, gainera: “Ibarrangelutarrak zein inguruko herritarrak informazio ezaz eta inposizio itxuraz hasitako obra horiez galdezka eta galdezka ari dira, baina ezin diegu, gaur-gaurkoz, inongo erantzunik eman”. Hainbat eta hainbat izan dira lanen aurka mobilizatu direnak, eta txalo artean, “Utzi Laga bakean”, “Laga ez apurtu” edo “Duna gehiagorik ez” adierazten zuten kartelak ikusarazi zituzten jendartean.