Herri kirola nagusi Foruko San Martin jaietan
San Martinetan murgildu dira forutarrak gaur, eta eguraldia aldeko izan duten horretan, Sustabizen eskutik herri kirolez gozatzeko aukera paregabea izan da herrian.
Foruan, herriko zaindaria dute San Martin, eta atzo hasi ziren hiru eguneko egitarauaz gozatzen herritarrak. Tradizioari segika antolatu dute egitaraua, Sustabiz fundazioa izan da gaurko protagonista Foruko plazan. Izan ere, txikienek aukera anitz izan dituzte zapatu goiz eguzkitsuaz gozatzeko. Arkupe Sustabizeko kirolariak 11:30ean dena prest izan dute haurren gozamenerako, eta beti ere txikienei laguntza eskainiz gozatu dute kirolaz eta giro herrikoiaz, San Martin jaietan. Gauzak horrela, urteurrena ospatu du Sustabizek, gainera, eta horrela adierazi dute goizean: “Duela urte bat egin genuen Sustabizek gure lehen erakustaldia hemen, Foruan, eta gaur berriz ere hemen gaude, ezin pozago”.
Poztasun horren erakusle izan da gerturatu diren guztien arteko giro ona, izan ere, kirolaz eta euskal musikaz gozatzeaz gain, gilda eta txakoli dastaketa izan da debalde Foruan, eta horrek haur zein gazte hurbildu ditu giroan murgiltzera. Txikienekin bukatu ostean, 12:30ean nagusiek hartu dute tokia, eta Sustabizeko kideek profesionaltasunaren erakusketa egin dute, publikoa harriturik eta txaloz blai eginez utziz.
Ez da horrekin eguna eta asteurua bukatu Foruan, ordea. Egunotan txapelketa ugari izango dituzte aukeran: igel, briska, mus eta tute txapelketak. Horiek denak herriko tabernan egingo dituztela nabarmendu du alkateak, plazaren eta tabernaren artean herritarren mugimendua bilatuz.
Bihar izango da egun handia, gainera: Nekazal Azokan ortuariak, artisauak eta beste hainbat produktu probatzeko eta erosteko aukera egongo da. Izan ere, hamazortzi postu egongo dira, denetariko produktuekin: txakolina, gazta, esnekiak, kontserbak, eztia, keramika, bitxigintza, zurgintza, ogia… egongo dira aukeran. Taloak ere egingo dituzte, etaUrdaibai Dantza Taldeko dantzarien erakustaldiak girotuko du domekako egonaldia.