"Ume-umetatik jaso izan ditut gasolina usaina eta abiadura"
Ane Prietok abiadura justu-justua hartua die rally lasterketei. Kopilotu modura abiatu zuen bere ibilbidea, baina aurten bolantearen jabe egin da, eta hirugarren amaitu du Euskal Txapelketa, erregulartasun kategorian.
Emakumeek azken urteetan automobilismoaren munduan sartzeko erakutsitako grinak ez du galgarik, baina parekidetasuna lortzeko bidean oraindik azeleragailua zapaldu beharra dago. Duela hiru urte, Gernika-Lumoko Rallyan, jesarri zen estreinakoz kopilotuaren jarlekuan Ane Prieto, eta orduz geroztik, ez da autotik jaitsi. Ez hori bakarrik: kopilotuaren postuari eutsi ez ezik, gidari modura ere lehiatzen hasi da gernika-lumotarra. Emakumeak Automobilismoan eta Urdaibai Motorsport taldeetako partaide ere bada.
Nondik datorkizu automobilismoarekiko pasioa?
Gaztetatik gustatu zait motor mundua. Umetan, 1 Formula asko ikusten zen gurean, eta aita ere automobilismo zale handia izan da betidanik; 16 balbuladun Renault R19 bat eta quad bat zituen, eta umea nintzenetik, gustuko nuen beragaz horietan ibiltzea. Ume-umetatik jaso izan ditut gasolina usaina eta abiadura.
Abiadurak adrenalinatik ere edukiko du, baina.
Jakina. Abiadurak niretzat askatasunagaz dauka lotura zuzena: hala gidari, nola kopilotu noanero, libre sentitzen naiz, eta neure buruagaz gusturen; hitzekin azaltzea gaitz suertatzen zaidan sentsazio berezia da. Bihurgune batean ozta-ozta sartzeak aske egiten nau, eta maite dut urduritasun, zarata eta abiaduraren artean sortzen den nahaspila hori.
Lasterketak al dira aipatzen duzun askatasun horren bilaketa?
Neurri batean, bai. Lasterketa bat aho zapore onagaz, konfiantzaz gainezka eta segurtasun osoz amaitzen dudan bakoitzean, halako asetasun sakon bat sumatzen dut.
“Nik ez nukeen sekula pentsatuko rally batean parte hartuko nuenik”
Automobilismoa afizio hutsetik planteatu al duzu, ala lehiaketa presente izan duzu?
Afizioz bizi izan dudan mundua da. Egia esan, nik ez nukeen sekula pentsatuko rally batean parte hartuko nuenik. Egia da konpetizioa buruan bueltaka eduki izan dudan zerbait dela, baina beti amets hutsala izan da niretzat; alde horretatik, pozarren nago urrats hori eman izanagatik.
Zelan gogoratzen duzu kopilotu postuan lehiatu zenuen lehendabiziko lasterketa?
Oso argi dut akorduan. Gernikako Rallya izan zen, 2021ean. Etxeko errepideetan estreinatu nuen neure ibilbidea; ahaztezina izan zen. Gogoan dut proba urduritasun handiz bizi izan nuela. Izan ere, kopilotuek ardura handiak dituzte bai kotxe barruan, bai kanpoan: ordutegiak kudeatu behar dituzte, road book edo lasterketaren laburpen planoa landu nahiz interpretatu, eta abar luze bat. Alde horretatik, azken orduko aholku batzuk jasota eta inongo eskarmentu barik iritsi nintzen irteera lerrora. Lasterketak izugarri ikasteko balio izan zidan, eta maila txukuna erakutsi genuen.
Etxekoaz gain, bada bereziki gogoratzen duzun beste probarik?
Kopilotu legez gehien gustatu izan zaidana Gipuzkoako Goi Lurrak Rallya izan zen. Lazkaon hartu genuen irteera, eta egundoko lasterketa izan zen. Bariku gauean ekin genion lehiari, eta zapatuan egun osoko saioa eduki genuen. Oro har, tentsio eta neke handiz gogoratzen dut lasterketa hura: hainbat arazo eduki genituen, baina helmugara ailegatzea lortu genuen; orduko hartan, amaitzea irabaztearen parekoa izan zen.
Zein da pilotu eta kopilotuaren arteko alde nagusia?
Beharbada, funtzioak eurak. Pilotuaren egitekoa autoa ahalik eta bizkorren eta seguruen gidatzea da. Kopilotuak, ostera, badu psikologotik ere. Autoaz haragoko alderdi guztiak kudeatzen jakin beharra du. Gidaria lasai joatea ezinbestekoa da gidatzerakoan, eta horren ardura kopilotuak du.
Eta hori entrenatu al daiteke?
Bai. Normalean, proba baino lehen, lasterketa egingo den eremura joan ohi gara. Han, trafiko neurri denak errespetatuz, ibilbideari buruzko oharrak hartzen dira, guztia buruan fresko edukitzeko. Nik lan hori oso serio hartzen dut, ez baitzait batere gustatzen oharrak garbira pasatzea; hortaz, lehen oharrek oso argiak izan behar dute nahitaez.
“ Nahiago dut gidari izan, laguntzaile baizik. Gurago dut bolantea esku artean edukitzea, ibilbidearen oharren ordez: gidatzeak bizitza alaitzen dit”
Aurten, gainera, bolante aurrean ere debuta egin duzu.
Bai. Eskumako jesarlekutik ezkerrekora pasa naiz, eta debut polita izan da. San Kosmera Igoera izan zen, Enkarterrin, nire lehen lasterketa. Nire autoak ez du barrarik, beraz, erregulartasun kategorian parte hartu behar izan nuen. Irteera hartu orduko minutu erdian oso-oso urduri nengoen arren, behin igoera abiatuta, seguru eta gustura ibili nintzen. Proba haren ondoren, Dimako Igoeran ere parte hartu nuen, baita Aramaioko Rallysprintean ere. Azken hitzordu hori oso berezia izan zen: modalitate berria zen niretzat; gainera, asfaltoaz gain, harri-kirria edota basatza eduki zituen. Piloa gustatu zitzaidan lasterketa hura.
Postu batetik besterako trantsizioan alde handia igarri duzu?
Bai, oso bestelakoak dira. Nahiago dut gidari izan, laguntzaile baizik. Gurago dut bolantea esku artean edukitzea, ibilbidearen oharren ordez: gidatzeak bizitza alaitzen dit.
Aurrerantzean, pilotu ala kopilotu legez aritu gura zenuke?
Posible denean, gidari aritu gura nuke; autoak ahalbidetzen ez didanean, baina, gustura asko ibiliko naiz laguntzaile lanetan. Edozelan ere, aurtengo denboraldia amaitzear da eta, horrenbestez, hurrengo urtean izango da hori.
“Azken lasterketetako datuek emakumeak gehiago garela bistaratu dute. Dena dela, hainbat sektoretan oraindik mundu oso maskulinoa da.”
Emakumeen presentzia al du automobilismoak?
Azken lasterketetako datuek emakumeak gehiago garela bistaratu dute. Dena dela, hainbat sektoretan oraindik mundu oso maskulinoa da. Buturialdean, adibidez, Maite Urkiza, Zihara Esteban eta hirurok baino ez gabiltza alor horretan. Beraz, berdintasuna helburu, asko dago aldatzeko.
Aldaketa horren peskizan sortu da Emakumeak Automobilismoan taldea.
Hori da. Automobilismoaren inguruan gabiltzan emakumeon saretze modukoa da. Emakumeoi ikusgarritasuna ematea dugu jomuga, eta lasterketa bakoitzean gizonezko edota emakumezko parte hartzaileen portzentajeak egiten ditugu. Aipatu bezala, aurtengo datuak historikoak dira.
Emakumeen artean, prozesu naturala al da kopilotu hastea eta gerora gidatzera animatzea?
Baietz esango nuke. Ezagutzen ditudan emakumezko pilotuek beren lehenengo urratsak kopilotu modura egin zituzten. Baina, era berean, gizonezkoen kasuan ere berbera pasatzen delakoan nago.
“Urdaibai Motorsport urte luzez beharrezkoa izan den egitasmoa da. Geurean betidanik egon da motor munduarekiko zaletasuna, baina gazteak biltzea, antolatzea eta beharrerako prest agertzea falta zen”
Sarri esan ohi da kopilotu on bat seguru asko gidari trebea ere izango dela.
Inondik inora: ez dute zuzeneko loturarik. Adibidez, 16 urtegaz kopilotu izan zaitezke, alegia, oraindik gidabaimena eduki barik. Era berean, kopilotuaren egitekoak betetzea oso txarto ematen zaien gidariak asko eta asko dira.
Busturialdeko automobilismoa bildu duen Urdaibai Motorsport taldeko kide ere bazara.
Bai. Urte luzez beharrezkoa izan den egitasmoa da. Geurean betidanik egon da motor munduarekiko zaletasuna, baina gazteak biltzea, antolatzea eta beharrerako prest agertzea falta zen; taldea lan horretara zeharo emana dago. Egia da ni neu naizela emakumezko elkartekide bakarra; alde horretatik, badago oraindik egitekorik.