Txerrikirik eta azokarik ez da faltako San Martinak ospatzeko
San Martin jaiak ospatuko dituzte egunotan Bermeon, Foruan eta Gautegiz Arteagan, denetariko ekintzekin.
Tradizioz betetako jaiak dira sanmartinak, azaroa ailegatu eta ospatzekoak. Eta aurten, denetariko jarduerak antolatu dituzte astebururako Bermeon eta Foruan, eta San Martin Egunean, astelehenean, elkartuko dira ispastertarrak eta arteagarrak. Aste honetako ospakizunez gain, Bermeon San Martin auzoko festetan elkartuko dira hurrengo asteburuan (azaroak 15, 16 eta 17). Beraz, txerrikirik eta azokarik ez da falta egunotan.
Foruan, herriko zaindaria dute San Martin, eta gaur hasita, hiru eguneko egitaraua prestatu dute herritarren gozamenerako. Tradizioari segika antolatu dute egitaraua, Sustabiz fundazioaren biharko herri kirol parte hartzaileak eta erakustaldia nabarmenduz. “Iaz jarduera arrakastatsua izan zen, eta aurton ere gure kirolak sustatzearen alde egin dugu, herritarrek ere horiek probatzeko aukera izan dezaten. Gainera, emakumeek herri kiroletan duten lekuari garrantzia ematen die, eta hori sustatu gura dugu denon artean”, azaldu du Mikel Magunazelaia herriko alkateak.
Saio horrez gain, egunotan txapelketa ugari izango dituzte aukeran: igel, briska, mus eta tute txapelketak. Horiek denak herriko tabernan egingo dituztela nabarmendu du alkateak, plazaren eta tabernaren artean herritarren mugimendua bilatuz.
Domeka izango da egun handia: Nekazal Azokan ortuariak, artisauak eta beste hainbat produktu probatzeko eta erosteko aukera egongo da. Izan ere, hamazortzi postu egongo dira, denetariko produktuekin: txakolina, gazta, esnekiak, kontserbak, eztia, keramika, bitxigintza, zurgintza, ogia… egongo dira aukeran. Taloak ere egingo dituzte, etaUrdaibai Dantza Taldeko dantzarien erakustaldiak girotuko du domekako egonaldia.
Giro ona esperi dutela dio Magunazelaiak: “Azken urteetan indarra hartu du azokak, eta jende asko bertaratzen da; aurtengorako ere hori espero dugu”. Gainera, eguraldia lagun ez badago, karpa jarriko dutela jakinarazi du alkateak, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
Bermeon ere, domekan egingo da Andeko Tabernak antolatzen duen eta Bermeoko Udalak babesten duen San Martin Azoka. 10:00etan zabalduko ditu atea azokak, eta 15:30era arte, baserri giroan murgilduko dira herritarrak. Txerrikia nagusi izango bada ere, horretaz batera, denetariko produktuak erosteko eta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek azokako 26 postuetan.
Azokagaz batera, Bermeon ohikoa den odoloste txapelketa ere egingo dute, eta, aurtengoa, harategien lehia ekarriko duen txapelketaren 21. aldia izango da. Bertan, 24 harategik parte hartuko dute, batzuk herrikoak, baina Gernikatik beste hiru joango dira, eta izango dira, baita ere, Mungiakoak edo Erandiokoak, besteren artean. “Harategietako jabeak euren artean batzeko hitzordua ere izaten da, harremanak egitekoa. Horrez gain, herritarrei bestelako produktuak ezagutzeko aukera ere emango die azokak. Eurentzako poztasuna da horrelako egun bat izatea”, azaldu dute Andekoko antolatzaileek.
Giro bikaina espero dute, hori eguraldiaren araberakoa izango dela dakiten arren. “Azoka kalean denez, eguraldiaren menpe egoten da, baina herritarrak deitzen ditugu parte hartzera”.
Jaiak berreskuratzen.
Asteburukoaz gain, sanmartin jaiak berreskuratu gura izan dituzte izen bereko Bermeoko auzoan. Bertan jaiak ospatzen zirenetik 30 urte igaro ostean, eta datorren astean ospatuko dituzten arren, azken ukituak egiten ari dira orain. Ze, hiru eguneko egitarauagaz bueltatuko dira jaiak auzora. “Ekainerako dena genuen prestatuta, eta orain, azken ukituekin gabiltza; ze joko egin, Herri Babesari laguntza eskatu, zerbitzu sailagaz antolatu… eta horrelakoak zehazten”, azaldu dute antolatzaileek.
Azpimarratu dute datorren asteburuko jaiak adin eta gustu ezberdinetako herritarrentzat izango direla, denetariko egitaraua prestatu baitute horretarako. “Musika aldetik, publiko guztientzako kontzertuak antolatu ditugu. Umeei garrantzi handia eman diegu (mozorroak, jokoak), baita kirolari ere (lasterketa egongo da, eskubaloia kalean…). Denetarik landu dugula”, azaldu dute.
Antolatzaileen helburua, jaia auzo guztira zabaltzea izan dela ere adierazi dute; hori horrela, zenbait ekintza gune konkretu batera mugatu beharrean, auzoko gune ezberdinetan zabaltzea erabaki dute. “Aldaketa bat egon da lekuari dagokionean: guri jaia betiko lekuan egitea gustatuko litzaiguke, Kresala ondoan, berez hori delako bere lekua. Baina arazoak tarteko, Klarisen atzean egingo dugu”, diote. Hala ere, denentzako jaia den heinean, bermeotarrei gerturatzeko deia egiten diete.
EGITARAUA.
BERMEO
Gaur.
20:00. Erroxape Emakumeen Elkartearen lokalean,
San Martin afaria.
Etzi.
10:00-15:30. XXI. San Martin azoka, Lameran
Eguerdian. XXI. Odoloste txapelketan batuko dira Lameran
Azaroak 15, barikua
17:30. Txokolatada, txosnan.
17:00-18:00. Mozorro lehiaketan izena ematea, txosnan (Gaia: San Martin).
Ondoren. Kalejira auzoko tabernetatik.
19:00. Txupinazoa. Ondoren, auzoko historiari buruzko hitzaldia, Asier Romeroren eskutik.
19:15. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, txosnan.
19:30-21:00. Saltsa dantza ekitaldia, Dantzaz Blai taldearen eskutik. Txosnan hasi eta auzoko tabernetatik egingo dute kalejira.
20:00. Kanta Kanta Lorue txosnatik hasita eta auzoko tabernetatik.
21:30-00:30. Argitu erromeria, txosnan. Ondoren, Dj Musika saioa, txosnan.
Azaroak 16, zapatua
10:00. San Martin lasterketarako dortsalen salmenta txosnan.
Goizean. Taloa eta txorizoa txosnan.
11:00. San Martin lasterketa solidarioa, Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen alde.
12:00-14:00. Umeentzako joko eta tailerrak auzoko gune desberdinetan.
13:00. Arrekatxutxagaz triki-poteoa.
17:00. Umeen dantza erakustaldia eta disko dantza saioa Rossen eskutik, txosnan.
20:30-22:00. The Uski´s taldearen kontzertua, txosnan.
22:30-00:30. Radio Guerrilla taldearen kontzertua, txosnan.
Azaroak 17, domeka
10:00. Auzo osotik, bigarren eskuko azoka.
10:00-13:00. Eskubaloia kalean, Urdaibai Eskubaloi Taldearen eskutik, Balea eta Ipar Amets arteko plazan.
12:00-13:00. Fitness ekitaldia Yoli Babioren eskutik, txosnan.
13:00. Zozketen sari banaketak, txosnan.
13:30-14:30. Umeen danborrada Gaztelugatxe Danborrada Taldearen eskutik, txosnatik hasita. Ondoren. Jaien amaiera.
FORUA
Gaur.
18:00. Briska txapelketa Foruko tabernan.
Bihar.
11:30. Sustabizen herri kirol parte hartzailak umeentzat.
12:30. Sustabizen erakustaldia.
13:30. Igel Txapelketa tabernan.
18:00. XXVIII. Mus txapelketa.
Etzi.
11:00. Nekazal azoka.
12:30. Meza nagusia.
Ostean. Urdaibai dantza taldearen erakustaldia.
18:00. XXXV. Tute Txapelketa tabernan.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Azaroak 11, astelehena.
12:00. Meza Kanalako baselizan.
Ostean. Hamaiketakoa.
ISPASTER
Azaroak 11, astelehena.
12:00. Meza Martin deunaren baselizan.
Ondoren. Gaztaina erreak.