"Izaro Andresek abestuko duen jaialdi berean abestea amets bat da guretzat"
Irene Eiguren, Itsaso Irusta eta Nagore Bermeosolo. Gernika-lumotarrak. NAZ taldeko kide izateaz gain, lagunak ere badira. Besteak beste, abenduan, Jai Alai Jaian izango dira, Izaro Andres, Oxabi eta Dj Opilak ariko diren oholtza berean. Lehiaketa batera aurkezteko helburupean sortu zuten taldea, eta gutxi-gutxika Euskal Herriko industria musikalean beraien tokia egiten dabiltza.
Zergatik NAZ?
Irene Eiguren Oar: Egia esan, hasieran beste izen bat pentsatuta geneukan, baina konfinamendu garaian horri buruz hausnartu genuen, eta ez zitzaigun guztiz gustatzen, eta beraz, aldatzea erabaki genuen. Internetez baliatu ginen izen berri hori bilatzeko, eta NAZ terminoa aurkitu genuen, zeinen esanahia oso polita iruditu zitzaigun. Gainera, gernika-lumotarrak izanik, gure egunerokoan sarri erabiltzen dugun hitza ere bada.
Nagore Bermeosolo Saitua: Hori da. NAZ terminoaren esanahia berez ingelesez den arren, euskararako itzulpena ‘egiten duzuna egiten duzula, maite zaituztela jakiteak ematen dizun harrotasuna’ izango litzateke, eta uste dugu oso egokia dela guretzat. Izan ere, aurrekoan hiruron artean komentatzen genuen bezala, gure iritziz kontzertu bat gaizki atera arren, gure ingurukoei gustatu egiten zaie, eta maitatzen jarraitzen gaituzte.
Lagunak zarete. Zein momentutan bururatu zitzaizuen musika talde bat sortzea?
Itsaso Irusta Arrien: Kuadrillan batzen ginen gehienetan, gitarra batekin batzen ginen, eta orduak eta orduak ematen genituen abesten, hobbie modura, inongo helbururik gabe. Horrelako batean, Hesian taldeko abeslaria den Zuriñe Hidalgok prestatutako lehiaketa batera aurkezteko aukera izan genuen, bideo bat bidaliz, eta ez genuen bi aldiz pentsatu. Hor hasi ginen lagunak baino, talde modura abesten.
I.E.O: Lehiaketa horretara aurkezteko irizpideetako bat, talde bakoitzak Instagrameko kontu publiko bat izatea zen. Guk momentu horretan ez geneukan horrelakorik, noski. Itsasok esan duen moduan, lagunak ginen, eta hiruroi musika gustatzen zitzaigunez, abestu egiten genuen. Ez ginen talde bat, eta uste dut esperantzarik ere ez geneukala horretarako. Baina lehiaketa hau heldu zen, eta Instagrama sortu behar izan genuenez, horrekin jarraitzea erabaki genuen gero.
“Jendeak dakizkien abestiak abestean, entzule edo jarraitzaileak erakartzen dituzu”.
Zein da zuen helburua?
N.B.S: Gure helburua guk sortutako abesti gehiago sortzea da, bereziki. Eta ahal izanez gero, Spotifyra ere igotzea; laburbilduz, jendeak gure abestiak entzuteko erraztasuna izatea. Gaur egun, bi abesti propio ditugu, eta gehiago sortzeko lanetan gabiltza, 2025erako E.P bat ateratzeko asmoz.
Abesti berriak sortu ahala, bertsioak albo batera utziko dituzue, ala horiek mantentzeko asmoa duzue?
I.E.O: Uste dut hemen bakoitzak bere iritzia dugula. Baina bateratuz, orain arteko dinamika aldatzea denon jomuga dela uste dut, eta %80 gure abesti propioak izatea, eta %20 koberrak.
I.I.A: Hori da. Baina gure abestiak sortu arte, eta horretan oinarri sendo bat izan arte, uste dut koberrekin jarraituko dugula, nolabait gure xarma mantentzeko, eta jendeari gehiago ere heltzea bilatzen dugulako.
I.E.O: Azkenean, jendeak dakizkien abestiak abestean, entzule edo jarraitzaileak erakartzen dituzu, eta beraz, uste dugu hori mantentzea taldearentzat onuragarria dela.
Uste duzue lagunak izateak konplizitate gehiago izaten laguntzen duela?
N.B.S: Bai, nik uste dut baietz. Batez ere, talde bat izateak eta mantentzeak denbora behar duelako. Hau da, gure denbora inbertitu behar dugu horretan. Lagunak izanda, ostera, errazagoa da. Lagunekin gelditzen zaren heinean, taldearekin entseatzen duzu. Eroankorra da, eta ez digu gure bizitzetako denbora asko kentzen; entseatzeko denbora ateratzen duzun bitartean, lagunekin egoteko denbora ere ateratzen duzu. Gure entseguetan, abestirik abestiko tarteetan, adibidez, aurreko egunean egindako lau gauza kontatzen dizkiogu elkarri.
I.I.A: Gauzak errazten ditu, bai. Entseatzeko ez bada ere, kafe bat hartzeko gelditzen garenetan ere, proiektuaren ezaugarri asko aurreratzen ditugu sarri, era batera edo bestera.
“Oholtzaratzen diren emakumeekin, gizonezkoekin baino kritikoagoa izan ohi da gizartea”.
Zeintzuk dira zuen musika munduko erreferenteak?
I.E.O: Hiruron erreferenteak oso antzekoak dira, orokorrean. Euskal abeslariak asko gustatzen zaizkigu, emakumezkoak batez ere. Izaro, Idoia, Olaia Intziarte, etabar. Gorka Urbizuren letrak ere ikaragarri gustatzen zaizkigu, eta sarri abesten ditugu. Ez du ematen, baina azkenaldian euskal perreoa deitzen diogun musika ere entzuten dugu; nahiz eta gure erreferente ez izan, presente ditugu baita. Hori bai, erreferenteak ditugun arren, uste dut inoiz ez dugula pentsatu beraien antza izatea; guk gurea egiten jarraitzen dugu, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu.
I.I.A: Horiek, hiruron artean amankomunean ditugun erreferenteak dira. Baina bakoitzak gero bereak ditu. Ez dakit erreferenteak diren ala oinarrian gustatzen zaizkigun artistak.
N.B.S: Azkenean, talde batean hiru pertsona izatea oso ohikoa ez denez, guk gure erreferenteak izan arren, inoiz ez gaituzte inorekin alderatzen. Ez dugu presio hori sentitzen, Izaro edo Idoia bezalakoak izango garela inoiz sentitzen ez dugun bezala.
Beraz, hiru izatea abantaila da?
N.B.S: Alde onak eta txarrak dituela uste dut. Alde batetik, esan bezala, inorekin alderatzen ez zaituztela dago, eta hori bai, abantaila da. Babes aldetik ere abantailatzat jarriko nuke; bi izanda, errazagoa izan daiteke erratzea, baina hiruren artean gutxienez batek aterako du aurrera abestia. Beste alde batetik, ordea, arazoak ere baditu. Izan ere, hirurak egon behar gara ondo egiten, bestela hirukoitza da publikoak nabaritzen duen akatsa. Mikrofonoekin sarri izaten ditugu arazoak, eta horiekin ahotsak distortsionatu egiten dira askotan. Bada, gure kasuan, hori kontrolatzeak lan gehiago dakarkigu, hiru ahots distortsionatu konpontzea zailagoa baita. Horrez gain, askotan komentatu izan dugu gure artean, emakumeak izanda, askoz gehiago epaitzen gaituztela. Hiru mutil abesten entzutean, desafinatu dezakete, eta ez da ezer pasatzen. Guk, ordea, alde horretatik presio gehiago dugu kontzertuetan.
I.E.O: Orain dela gutxi komentatu dugu justu askotan gu geu garela hori egiten dugunak, eta, agian, emakume bat abesten entzutean zorrotzagoak garenak. Gizartearen isla da. Gizonak abesten entzutean, sarritan, akats eta guzti, balorazio on bat egiten dugu, gure buruarekin edo oholtzaratzen diren beste emakumeekin, ostera, gizonezkoekin baino kritikoagoa izan ohi da gizartea.
“Gernika mailan hitz egitetik, Euskal Herri mailan hitz egitera pasatu gara”.
Zuenganako jendearen erantzuna nolakoa da?
N.B.S: Flipatzen gaude.
I.E.O: Hasieratik, batez ere, Gernika mailan, giro oso ona sumatu izan dugu gurekiko. Ez genuen bereziki ezer egiten, taberna batean abestu baino ez, baina herriak harrera oso ona egin izan digu beti. Urte honetan gauzak aldatu dira. Gernika mailan hitz egitetik, Euskal Herri mailan hitz egitera pasatu gara. Instagramera igotako pare bat bideo biral egin zitzaizkigun, eta jende oso anitza hasi zitzaigun jarraitzen, Euskal Herrikoak, baita Espainiakoak ere.
I.I.A: Ez genuen harrera hori espero. Baina uste dugu ondo abestetik haratago doala jarraitzaileen hazkunde hori. Uste dugu jendeak lagunak diren hiru neska ikusten dituela pantailan. Hurbiltasun puntu bat transmititzen dugula, agian. Azken batean, hobbie moduan abesten dugu, eta oso natural ateratzen zaigu. Uste dugu jendeari hori heltzen zaiola.
Biba Zuek telebista saioan egon berri zarete, eta besteak beste, abenduaren 14an Jai Alai Jaian ere egongo zarete. Imajinatzen zenuten puntu horretara heltzea?
N.B.S: Inondik inora ere. Duela urte batzuk hasi ginen NAZekin, baina albo batera utzi genuen, eta joan den ekainean berriro horri heltzea erabaki genuen. Hasiera berri horretatik, sei hilabete baino ez dira pasatu, eta begira orain nola gauden! Biba Zuek saioa, kontzertu osatuagoak, eta noski, Jai Alai Jaia. Ez genuen imajinatzen horrela jarraituko genuenik. Gure jomuga orain abenduko kontzertu hori izango da. Ohituta ez gauden eskala bat da, eta horren mailan egon nahi dugu. Horretarako bateria ere sartzea erabaki dugu, proiektua nolabait eboluzionatu dadin; Gernika-Lumoko talde bateko bateria-jotzaile batekin harremanetan jarri ginen eta gurekin bat egingo du Jai Alai Jaian.
Erreferenteei buruz galdetu, eta, besteak beste, Izaro aipatu duzue. Jai Alai Jaian berarekin partekatzen duzue kartela. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
I.I.A: Harrigarria da. Nola esperoko genuen Izaroren kartel berdinean egotea? Berak abestuko duen jaialdi berean abestea amets bat da guretzat. Ez genuen sinisten, eta oraindik ere horrela jarraitzen dugu. Musika munduan dagoeneko egonkortuta dagoen artista da, eta gainera, lehen aipatu bezala, erreferentetzat dugu. Oso zoriontsuak gara, eta lehen Nagorek esan bezala, ahalik eta gehien prestatuko dugu kontzertua.
N.B.S: Deitu zigutenean, flipatu egin genuen, baina kartel osoa ikustean, are gehiago harritu ginen. Azken batean, hasiberriak gara, eta orain arte gure izena karteletan ikustean, letra oso txikiarekin ikusten genuen. Kasu honetan, Gernikan berton den jaialdi bateko kartelean gure izena Izaroren izenaren tamaina berean ikustea, eta kartel hori Euskal Herriko herri desberdinetan zehar ikustea, ikaragarria izan zen, eta oraindik ere bada.
“Oso polita izango litzateke kontzertu batean gure abestiak abestean, publikoak gurekin batera abestea”.
Harro egotekoa da, bai. Orain arte egindako lanaren erakusle da agian?
I.E.O: Jende askok esan digu hori, bai. Baina gu ez gara egindako lan horretaz kontziente. Ez dugu disko bat sortu, edota ez ditugu milaka entsegu egin. Lehen esan bezala, hobbie moduan abesten dugu. Baina, uste dut irisgarritasun hori lortu dugula hala edo hala, eta horren erakusgarri izan daitekeela. Beste lan mota bat egin dugula esan genezake. Grabaketa edo disko kopuruetan lana baloratu baino, sare sozialetako lana egin dugu gehiago. Azkenean, jendeak hori ikusten du gugandik, eta horren bidez jasotzen du nor garen edota zer egiten dugun, eta egia da, Instagrama polito jartzeari denbora dedikatu diogula. Beraz bai, lan horren erakusgarri izan daiteke hain denbora gutxian etorri zaigun guztia.
Eta hemendik aurrera zer? Zein etorkizun du NAZ taldeak?
N.B.S: Gure ideiak aurrera joatea izango litzateke etorkizun egokiena, batez ere. 2025era begira guk sorturiko zerbait argitaratzea, lehen esan bezala, kontzertuetan abesti propioak abestu ahal izateko, eta orain arte egin dugunetik nolabait bereizteko. Niretzat, adibidez, oso polita izango litzateke kontzertu batean gure abestiak abestean, publikoak gurekin batera abestea edo edonork kotxean gure abestiak entzuteko aukera izatea.
I.I.A: Horixe aipatuko nuke nik ere etorkizuneko helburutzat: kontzertuetan jendeak gurekin abesten duela ikustea. Orain arte, gehienbat koberrak abestean, jendeak abesten duela ikusi izan dugu sarri, eta asko asebetetzen gaitu abestu bitartean. Beraz, guk abestutako abestiekin hori sentitzeak ez dut imajinatu nahi guretzat zer suposatuko lukeen. Beraz, espero dugu hori izatea gure etorkizuna.
I.E.O: Nik esango nuke ez dugula ezer berezirik espero etorkizunerako. Nire kideek aipatu dutenarekin guztiz ados nago, baina hortik haratago joanez, datorrena datorrela ondoetorria izango da, orain arte egin dugun bezala. Gu gauzak ondo egiten saiatuko gara, eta horrek bere fruituak ekartzen baditu, paregabe.