'Hau gerra bat da' antzezlana aurkeztuko dute Astran
Gernika Memoriaren Lekukoren eskutik eskainiko dute domekan [azaroak 10], 19:00etan, doan.
Gernika Memoriaren Lekuko elkartearen eskutik, Piszifaktoria taldeak Hau gerra bat da antzezlana aurkeztuko du domekan [azaroak 10], 19:00etan, Astran. Gainera, antzerkia ikusteko sarrera doakoa izango da. Piszifaktoria Ideien Laborategiaren arabera, “publikoari gerra bat biziaraziko dion murgiltze esperientzia bat da”, eta horretarako lau lengoaia artistiko erabiltzen dituzte: hitza, musika, dantza eta antzerki fisikoa.
Mikel Ayllon arduratzen da dramaturgiaz eta zuzendaritzaz, eta Irati Agirreazkuenaga, Iholdi Beristain, Mikel Ayllon eta Igor Arzuaga arituko dira emanaldian. “Bidaia bat da gerraren barrunbeetara, publikoaren erabakien arabera, bide bat edo beste hartuko duena, publikoak erabakiko baitu ikuskizunaren garapena”, azaldu dute. Istorio ez-lineala da, “gerra bat bezala”. Gainera, ez dago artista eta publikoaren arteko bereizketarik, borobil itxurako espazio komun bat du, 360 graduko “erritual bat”, gorputz guztiak berdinduta: “Frontetik begi bat gutxiagogaz, hanka hautsi batekin eta hamaika orbain gehiagogaz itzuli ginen. Eta gero, bulego batean erabaki zuten guk irabazi genuela gerra. Baina ordurako ikasita geneukan lezioa: irabaztea galtzeko beste modu bat besterik ez da”.
Modu berrien bila
Artearen diziplina desberdinetan aritzen diren hainbat artistek 2015ean Laudion sorturiko esperimentazio taldea da Piszifaktoria: “Adierazpide ezberdinen arteko mugak ikertzea eta begiratzeko, esateko eta adierazteko modu berriak bilatzea dira antzerki taldearen helburuak”.