Erakundeen %12,2k erabiltzen ditu Adimen Artifizialean oinarritutako sistemak
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Adimen Artifizialaren egoerari buruzko datuak jaso eta transmititu ditu BAICek, bertoko ekosistema indartzeko eta garatzeko lan egiten duen erakundeak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako erakundeen %12,2k erabiltzen ditu Adimen Artifizialean oinarritutako sistemak, eta gutxienez, 89 enpresak hornitzen dituzte AA soluzioak. Bertoko enpresa ehunaren fakturazioa %9 hazi da AA txertartzearen bidez, izan ere, AA arloan lan egiten duten 7.500 profesional baino gehiago daude dagoeneko. Datu hori hazi egingo da datozen urteetan, gaur gaurkoz urtean 900 direlako AAren arloko prestakuntza arautua amaitzen dutenak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Adimen Artifizialaren egoerari buruzko datu batzuk dira horiek, AAren bertoko ekosistema indartzeko eta garatzeko lan egiten duen BAICek emandakoak. Izan ere, Adimen Artifizialaren bilakaera eta joerak aztertzen ditu erakundeak, baita ezagutzaren sorrera, konexioa eta erkidegoko hainbat eragileren posizionamendua ikertu ere, “elkarlanerako mekanismoak sortuta”.
Hala, erakundeak ondorioztatu du AAren ezarpen maila “lehenengo etapetan” dagoela, baina Bizkai, Araba eta Gipuzkoak oinarri sendoa dutela AA errazten duten teknologien ezartzeko.
Dagoeneko, administrazio publikoen %16,4k erabiltzen dituzte AA sistemak, eta erakundeen %57,3 dira “hodeiko” zerbitzu informatikoa baliatzen dutenak. Bestalde, erakundeen %26k edozein datu iturritako Big Data aztertzen dute.
Eskaintza dinamikoa.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako AAren arloko eskaintzaren ekosistema “dinamikoa eta berria” dela dio BAICek. Horren adierazgarri da gutxienez bertoko 89 enpresak AA soluzioak garatzea, gero “banatzeko eta merkaturatzeko”. Izan ere, hainbat iturritako AA soluzioak ezarri dituzten 400 erabilera kasu baino gehiago identifikatu dituzte.
AAren Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekosistemako enpresek erabiltzen dituzten AAren teknologia hedatuenak RPA, Machine Learning eta Deep Learning dira, baina askotariko aplikazioei buruzko interesa dibertsifikatua da.
Teknologia honen inplementazioa “zeharkakoa” da hainbat sektoretan, hala ere, honako hauetan nabarmentzen da Adimen Artifizialaren erabilera: jarduera profesional, zientifiko eta teknikoan, informazio eta komunikazioan eta manufakturen industrian.
Horien artean, ETEak dira euskal enpresa sareko AA erabiltzaile eta hornitzaile nagusiak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako AAren arloko araututako ikasketetan dagoen plazen eta titulazioen eskaintza nahikoa da AAgaz lotutako programetan interesa duten ikasleen eskariari erantzuteko. 1.718 plaza eskaintzen dira AAri buruko prestakuntza arautuan, eta 35 prestakuntza maila daude aktibo: 13 gradu, 12 master, 4 doktoretza eta 6 ikastaro.
Horiek horrela, 2028rako Bizkai, Araba eta Gipuzkoan AAren arloko prestakuntza arautuan ikasketak amaitu dituzten ikasleen kopurua %20 haztea espero da.