'Tierra de Nadie' ikuskizuna aurkeztuko dute Lizeo Antzokian
Eva Guerrerok zuzendari eta interprete gisa estreinatu duen azken lana da. Zuzeneko dantza, ahotsa eta musika bilzen ditu eszenatokian, "gureak ez diren eta, hala ere, partekatzen ditugun lekuez hitz egiteko".
Eva Guerrero koreografo eta interpreteak Tierra de Nadie ikuskizun berria aurkeztuko du zapatuan (azaroak 9), Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Dantza eta zuzeneko musika biltzen dituen proposamena ikusteko aukera 19:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko. Guerrerok, eszenak zuzentzeaz gain, Garazi Lopez de Armentiarekin batera dantzan ere egiten du ikuskizunean. Horrez gain, Yolanda Bustillo eta Carla Sevillaren zuzeneko musikarekin eta ahotsekin osatzen dute lana.
Inorena ez den lurralde bat da ideiatik abiatuta, Guerrerok eta bere taldeak gorputz baten eta bestearen arteko espazioa planteatzen dute ikuskizun guztian zehar, “ez zurea, ez nirea ez den espazio gisa, baina aldi berean dagokiguna”. Horrela, lau interpreteek esplorazio bat egitera gonbidatzen dute publikoa: “Mundu onirikoa da, baina benetako gauzez egina dago. Ozeanoaren sakontasunak, gure inguruko naturak eta barruan bizi zaigun naturak eraginda, ez-leku batera sartzeko saiakera eszenikoa da, ozeanoaren sakontasunerako bidaiaren metafora”.
Tierra de Nadiek printzipio eta amaierez, distantziez, gorputza osatzen duten gorputzez eta horien arteko harremanez hitz egiten duela nabarmendu du sortzaileak; baita ere, idatzi gabeko arauez, ertz eta ertzez, topaketez eta desadostasunez, larruez, azala uzteaz, ozeanoaz, apneaz eta korronteez eta alde egiteko eta ez itzultzeko gogoez. “Nori dagokio gorputza?” galdera planteantzen du, gainera, ikuskizunak, hausnarketarako deia eginez, eta dantza eta musika uztartuko dituen ikuskizun berriaz gozatzera animatuz.