Gastronomia oinarritzat izanik, kultura desberdinen topaleku izango da Altamirako plaza
Domekan (azaroak 10), Auzholan elkarteak Busturiko Kultur Dibertsitatearen jaia prestatu du. Kaleko dinamika bat sortuz, eta gastronomia erdigunean jarriz, "Busturiko aniztasun kulturala handitzea eta indarberritzea" bilatzen dute.
Auzholan elkarteak Busturiko Kultur Dibertsitatearen jaia antolatu du, domekan (azaroak 10). Elkartea hainbat dinamika eta elkarlan babesteko tresnatzat definitzen dute elkartekideek, hain zuzen. Izena aukeratzeko, hitz joko bat egin zuten, eta joku horren erantzun izan zen Auzholan hitza: “Gure ustez, auzoa zelan gura dugun instituzioei eskatu beharrean, gu zer egiteko prest gauden pentsatu behar dugu. Auzoa holan gura badugu, auzolanaren bidez lortu dezakegu aldaketa. Neurri batean, aldaketa gure esku dago”. Modu horretan, auzolanaren bidez, Busturiko aniztasun kulturala handitzea eta indarberritzea dute jomuga, herritarren arteko elkar ezagutza bermatzeari ere tarte bat eskeiniz. Hala, elkarteak jarrera “eraikitzailea” duela diote kideek.
Kasu honetan, ekimen hau “udako plan baten amaiera” dela adierazi dute, gastronomia den gai zabal bat oinarritzat hartuz: “Udan zehar aritu gara ekimen desberdinak antolatzen. Hala nola, rap tailerra, bertso saioa, edota magia ikuskizuna bezalakoak prestatu izan ditugu. Domekakoa, plan horren amaieratzat dugu, eta amaiera horretarako, kalean egin aitekeen zerbait bilatu nahi genuen. Gauzak horrela, gastronomia oinarritzat hartzea bururatu zitzaigun, eta horrela, herritarren artean kultura desberdinen ezagutzea erraztea”.
Ogia izango dute abiapuntu domeka honetan, Busturiko Altamirako plazan, 13:00etatik aurrera; aditzera eman dutenez, “talo desberdinak debalde dastatzeko aukera” egongo da, besteak beste. Lehen aldiz antolatzen dute tankera horretako ekimen bat, eta helburua argi azaldu dute: “Kultura desberdinen topaleku bihurtu nahi dugu Altamirako plaza. Kaleko dinamika bat erabiliz jai bat sortzea bilatzen dugu, denok denokin egotea eta elkarrengandik ikastea bilatzen dugun bezala”.
Kolonbia, Argentina, Brasil, etabar luze bat gonbidatu dutela ere nabarmendu dute Auzholan elkartetik. Kultura bakoitzeko gastronomiaz ikasi eta dastatzeko aukera eskaini du elkarteak lehenengoz, eta jende aldetik zenbat gerturatuko diren jakin ez arren, beraien jomuga “hurrengo honelako ekimenetan geroz eta jende gehiago gerturatzea” dela berretsi dute. Herritarrak animatzeko deia ere zabaldu du Auzholan elkarteak, “egun polit bezain aberasgarria” izateko aukera izango baita Busturiko Altamira plazan.