Azaroaren 25a arte parte har daiteke Nabarnizko argazki lehiaketan
Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa abiatu dute, eta nabarniztarrek herriko uzta jaso beharko dituzte. Argazkiak azaroaren 25a aurretik aurkeztu beharko dira.
2025eko udal egutegirako argazki lehiaketa egingo dute aurten, berriro ere, Nabarnizen. Udalak argazki lehiaketa jarri du martxan, Nabarnizko uztan arreta jarriz. Izan ere, herriko soro, ortu, zuhaitz, zuhaixka eta lurrek ematen dituzten produktuak izan beharko dituzte hizpide argazki lehiaketan parte hartzen dutenek. Horiek azaroaren 25eko 14:00ak arte izango dute aukera argazkiak aurkezteko.
Adin mugarik barik, udalerrian erroldatutakoek bidali ahalko dituzte argazkiak udala@nabarniz.eus helbide elektronikora –udal langile eta ordezkariek izan ezik–, JPG formatuan. Zehaztu dutenez, horizontalean ateratakoak onartuko dituzte, eta erresoluzio handikoak izan beharko dira, gutxienez 2Mb edo 4ooox3000 pixeletakoak. Onartzen dituzte argazkiei azaleko ukituak egitea, baina ez jatorrizko irudia aldatzen duen elementuak gehitu edo kentzea.
Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, baina bakoitzeko bakarra argitaratuko dute; parte hartzaile kopurua beharrezko argazki kopurua baino txikiagoa balitz, bigarren bat ere aukeratu eta argitaratu ahalko da.
Nahi izanez gero, argazki bakoitzak izenburua edo azalpen labur bat izan dezake, baina inoiz ez egilearen izena-abizenak, sinadura edo bestelako identifikazio daturik.
Argazkien aukeraketa udalaz kanpoko aditu talde batek egingo du, eta bere erabakia udalaren webgunean jakinaraziko dute. Hala, egutegirako aukeratutako argazki bakoitzak 50 euroko saria izango du, eta hori jasoko dute egileek.