Azaroa jardueraz bete dute Natxituan
Beste urte batez, Natxituko Jai Batzordeak azarorako programa zabala dakar. Asteburu honetan umorezko bakarrizketen 'Stand Up' ikuskizunaz gozatzeko, eta, Haizeder Trail ibilaldian herriko ibilbideak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Azaroa eskaintzaz bete du, beste urte batez, Natxituko Jai Batzordeak, udalaren laguntzagaz. Herritarrek azaroan ere aisialdirako eskaintza izateko asmoagaz antolatzen dute azarorako egitarau zabala, izan ere, herrian dagoen Ermintxo tabernak oporrak hartzen ditu. Ondorioz, herritarrek izango dute non aukeratu eta zer egin datozen asteetan.
“Herriak eskaintza bat izatea eta asteburuetan non egon eta zer egin edukitzea da gure asmoa. Hala, alde batetik, Bolatokiko taberna zabaltzen dugu, herritarrei eskaintza hori emateko eta aisialdirako gune bat eskaintzeko. Izan ere, elkartzeko topagune bihurtzen da txokoa”, azaldu dute jai batzordeko antolatzaileek. Eta, zehaztu dute domeketan kuadrilla desberdinek egiten dituztela tabernako txandak.
Beste alde batetik, kultur eskaintzan ere jartzen dute arreta, eta adin guztientzako jendeari zuzendutako egitaraua antolatu ohi dute. Azken urteetan “pisu handia” eman diote arlo horri, eta urtetik urtera berritasunak ere bilatzen dituzte, aurtengo 10 ekintzen artean denetariko jarduerak bilduz. “Adin tarte guztiak kontutan hartutako egitaraua da. Urtero saiatzen gara hori egiten, baina aurten uste dut lortu dugula. Denetarik dago egitarauan, bai gazteenek bai nagusiagoek gozatzeko aukera”.
Horietako batzuk aurreko urteetan ondo funtzionatu dutenak dira, tartean bertso afaria, mus txapelketa edota taloak egiten ikastearena, baina berritasunak ere badaude aurten: txontxongilo ikuskizuna eta Stand Up ikuskizuna, esaterako. Hala, egitarau “aberatsa” osatu dute: “Uste dugu azken urteetan egin den egitaraurik aberatsena dela aurtengoa. Hemendik eta handik aukera desberdinak sortu zaizkigu, eta horiekin aurrera egitea pentsatu dugu”.
Aurten, berritasun horietako batekin hasiko dute egitaraua zapatuan: Stand Up ikuskizunagaz. “Iaz bakarrizketak izan genituen, eta jendea oso gustura geratu zen. Hala, Stand Up ikuskizuna ekartzea erabaki genuen; gainera, saioa eskaintzen duten horien artean dago Asier Galarza umoregile muxikarra”, azaldu dute antolatzaileek.
Aurreko urteetan arrakastatsua izan den ekintza batekin emango diote segida domekan: Haizeder Trail Ibilaldiagaz. Irteera¡ herri bideak auzolanean garbitzeko baliatzen dute, baita herri bideak ezagutarazteko ere. “Sekulako parte hartzea egoten da, eta auzolanean horiek garbitzeko aprobetxatzeaz gain, lehengo herri bideak ezagutzeko edo inguruak ezagutzeko aukera ona ere bada”, diote. Eskolakoen artean ere parte hartzeko deialdia egiten da, eta inguruko herrietakoak ere bertaratzen dira.
Musika ere jorratuko dute egitarauan. Izan ere, Iñigo Lopez musikari lekeitiarragaz urtero egiten duten saioa egingo dute aurten; Ileon taldeko musikaria zenak betiko euskal abestiak eskaintzen ditu gitarragaz, lehengo abestiak presente izateko helburuagaz, eta aurten ere saioa eskainiko du. Hala ere, Laga Jam taldeak ere parte hartuko du aurtengo egitarauan. Emakume taldeko partaideetako bat Natxitukoa da, eta azaroaren 15eko gaua musikatuko dute herrian ere. “Orain hasi dira kontzertuak eskaintzen, irailean uste dut, eta herrian ere izango ditugu”, azaldu dute.
Jon Zamalloagaz ere irteera egingo dute Lapatzara, eta geologoak bertako zehaztasunei buruz hitz egingo die bertaratzen direnei.
Horrez gain, umeek Go!azenen aurrestreinaldia ikusteko aukera izango dute azaroaren 17an. “Ea Uemako udalerria da, eta ETBk Uemagaz hitzarmena sinatuta dauka. Hala, aukera izango dugu telebistan estreinatu aurreko astean aurrestreinaldia egiteko. Pentsatu genuen ideia ona zela umeei jarduera hori eskaintzea, euskarako edukiak eta filmak sustatzeko eta umeek bertoko erreferenteak ere izateko”, azaldu dute antolatzaileek.
Aurtengo berritasunetako bat da txontxongilo emanaldia, izan ere, Bilboko 43. Nazioarteko Txontxongilo Jaialdiko egitarauaren parte da Natxituko ikuskizuna. Hala, talde italiar bat bertaratuko da herrira, mutua den txontxongilo ikuskizuna eskaintzera. “Jarduera berria da guretzako, ze horrelako ikuskizunak ez ditugu egitarauan izan. Eta oso pozik gaude, bai eurek bai gu. Ze, jaialdia Bilbotik eta inguruetako herrietatik zabaldu gura izan zuten, jaialdia ez zelako herri txikietara zabaltzen, eta eurekaz harremanetan jarri ginenean, ideia ona iruditu zitzaien emanaldi bat Natxituan egitea”, azaldu dute jai batzordekoek. Jarduera hori guraso elkarteagaz batera antolatu dutela esan dute, eta sei edo zazpi urtetik gorako umeei zuzendutakoa de arren, edonor bertaratu daitekeela esan dute.
Eta, jarduera horiez guztiez gain, aurreko urteetan erantzun bikaina izan zuten talo tailerra, bertso afaria eta mus txapelketa ere egingo dituzte: “Aurreko urteetan parte hartzea handia izan bada eta jendea gustura geratu bada, errepikatzea erabakitzen dugu”.
Saio arrakastatsua eta parte hartzen handikoa izaten ta talo tailerra: bertan taloa zelan egiten den, ze hirin erabiltzen den ikasi eta praktikara eroaten dute, talo-janean bilduz. Mus txapelketa, berriz, hirugarrenez egingo dute aurten, jende askok izena ematen duelako eta giro ona sortzen delako.
Bertso saioari dagokionez, iaz sekulako arrakasta izan zuenez, errepikatzea erabaki dute, eta, aurten, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga izango dira protagonista nagusiak. “Ekintzarik potenteena izango da”, diote arduradunek, 80 pertsonako edukiera muga egongo dela zehaztuz. Hala, izena eman beharko da Bolatokian, abenduaren 1a aurretik.
Egitarau guztia auzolanean egiten dutela azpimarratu dute jai batzordekoek, eta horretan parte hartzen dutenak eskertu dituzte, bai antolatzaileak, bai antolatutako kultur eskaintza hori kontsumitzen dutenak. Ondorioz, herritarrei bertaratzeko deia egin diete, badagoelako non aukeratu.
EGUTEGIA:
- Azaroak 9, zapatua. 20:00etan, umorezko bakarrizketen Stand Up ikuskizuna, Bolatokian.
- Azaroak 10, domeka. Haizeder Trail Ibilaldia 10:00etan eskolatik irtenda.
- Azaroak 15, barikua. 21:30ean, Laga Jam kontzertua, Bolatokian.
- Azaroak 16, zapatua. 10:00etan, Jon Zamalloa geologiarekin Lapatzan ibilbide gidatua.
- Azaroak 17, domeka. 17:30ean hasita, umeentzako pelikula eta palomitak, Bolatokian.
- Azaroak 21, eguena. 18:30ean, Txontxongilo emanaldia Bolatokian: Remo di Flippo talde italiarraren eskutik.
- Azaroak 23, zapatua. Talo jana eta sagardo txotxa, 13:00etan, Bolatokian.
- Azaroak 24, domeka. 12:30ean hasita, gitarra jo eta kantuz, Iñigo Lopez artistagaz.
- Azaroak 30, zapatua. 17:00etan, Mus Txapelketa Bolatokian.
- Abenduak 7, zapatua. Bertso afaria Maialen Lujanbiogaz eta Unai Iturriagagaz, 21:00etan, Bolatokian.