Oholtzetatik literaturara salto egin du Motx pailazoak
Iker Gonzalez Libanok [Motx pailazoak] `Oroitzapen eder bat´ ipuin-ilustratua argitaratu berri du, Arrate Egaña idazlea eta Marimar Agirre ilustratzailearekin batera.
Proiektu berri batera egin du salto Motx pailazoak oraingoan. Egaña eta Agirrerekin batera, 4 eta 8 urte bitarteko haurreri zuzendutako ipuin-ilustratu bat argitaratu du, Erein Argitaletxearen eskutik: Oroitzapen eder bat. Egileak “oso eskertuta” agertu dira argitaletxeak emandako aukerarengatik: “Ideia xume eta txiki batetik sortutako aukera izan zen, eta ustekabean etorri zen Ereinen proposamena”.
Ipuinean, orain arte Motx pailazoaren ikuskizunetan taularatutako balore hezitzaileak nagusiki nabarmentzen dira, heriotza eta dolua gai nagusiak izanik. Besteak beste, urte guzti hauetan zehar pailazoak bere saioetan hainbeste goraipatu izan dituen laguntasuna eta elkarlana ere ardatz ditu proiektu berri honek. Gauzak horrela, erronka handia izan dela aitortu du Gonzalezek, eta gainera, emaitzarekin gustora geratu dela azpimarratu du: “Izugarria izan da niretzat sormen prozesu hau. Oso gustora sentitzen naiz egindako lanarekin”. Gonzalezek, beregain, Egaña eta Agirre jarri nahi izan ditu erdigunean, “prozesu guztian zehar emandako babes, maitasun eta konfiantza” guztiagatik.
Urtebeteko lanak “bere fruitua” eman dio azkenean Gonzalezi, eta horrela erakutsi du. Izan ere, Oroitzapen eder bat dagoeneko eskuragarri dago; online bidez, ohiko liburu dendetan edota Motx pailazoaren zuzeneko saioetan eskuratu daiteke. Bide horiez gain, Durangoko Azokara begira ere “aurkezpen ekitaldi xume bat” prestatzen ari direla aurreratu du egileak, eta horren inguruko informazioa aurrerago jaso izango daitekeela: “Motx pailazoaren sare sozialetan (@motxpailazoa) informazio guztia izango da laister eskuragarri. Arrate eta Marimarrekin batera aurkezpen berezi bat prestatzen ari gara eta”.
Literaturatik, berriz ere oholtzetara. Ipuin-ilustratuaz gain, formatu txiki zein ertaineko ikuskizun berriak emango ditu Motx pailazoak, Oroitzapen eder bat-en ideiak taularatuz. Gonzalezek esan bezala, ikuskizun horrek “hurrengo urtean” ikusiko du argia, ordea: “Proiektu berri hau borobila izatea gustatuko litzaidake, aurkezten dudana ondo aurkeztuta egotea. Oso exijente eta kritikoa bainaiz neure buruarekin eta ematen ditudan pausoekin”. Gainera, ipuin-ilustratuan jorratutako gaiekiko sentitzen duen hurbiltasuna ere berretsi du egileak: “Gai honek hurbiletik ikutzen nau, heriotzak nire bizitzan presentzia handia izan duelako. Hori dela eta, orain arte egindako lan guztietatik gogorrena izateaz gain, Oroitzapen eder bat, arduratsuena eta exijentzia maila handiena duena ere iruditzen zait”.