Ñabardura txikien garrantzia
Lointek Gernika Bizkaiak 65-62 galdu du Cadi La Seuren kontra, Emakumezkoen Endesa Ligako bosgarren jardunaldian. FIBA etenaldiaren ondoren, Ferrol hartuko dute Malosten gernika-lumotarrek, azaroaren 14an.
Ñabardurek aldeak egin ditzakete, are gehiago, goi mailako kirolean. Hori sobera dakite Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek. Izan ere, ñabardura txikiek aldendu zituzten garaipenetik iragan barikuan (azaroak 1), Cadi La Seu taldearen kontra jokatutako Emakumezkoen Endesa Ligaren bosgarren jardunaldiko partiduan. Gernika-lumotarrek, lehiakor azalduta ere, 65 eta 62ko markagailuagaz galdu zuten; urrun eta hurre aritu ziren Malostekoak.
Cadi La Seu goi mailako saskibaloiko talderik borrokalarienetakoa da, eta harainoko bidaia luzeak, gainera, neke gehigarria ekarri zion Gernika-Lumoko taldeari. Borroka gogorra eta latza izanteko osagai guzti-guztiak zituen, beraz, partiduak. Norgehiagoka falta goiztiar bigaz abiatu zuten: batetik, Bella Murekateterena; bestetik, Maya Dodsonena. Julia Soler izan zen neurketaren lehendabiziko minutuetako protagonista nagusia, jaurtiketen ardura beregain hartuta. Rotazioekin, gernika-lumotarrek baloiaren zirkulazioa hauspotzeko aukera gehiago topatu zituzten. Hori bai, talde bietako bat ere ez zen gai izan markagailuan estreinako arrakalarik zabaltzeko: 14na berdinduta amaitu zuten lehenengo laurdena.
Taylor Mikesell nagusi azaldu zen jaurtiketetan, bereziki hiruko distantziatik, baina ez zuen jaurtiketok puntu saskiratzerik eta puntuetan islatzerik lortu. Bestalde, gernika-lumotarren barrualdeko jokoak kalte esanguratsua egin zien etxekoei, hainbat jaurtiketa aldatzera behartuz. Kendra Chery eta Elena Buenavida arduratu ziren markagailua 14 eta 19raino eroateaz; aurkarien entrenatzaile Isaac Fernandez hutsartea eskatzera derrigortu zuten. Erasoaldietan, baina, Awa Fam izan zen bisitarien itsasargia. Etxeko jokalarien defentsa lanak zelan edo halan apaldu zituen Lointeken eraso grinak; 7 eta 0ko partzialak etxeko taldea berriro aurretik ipini zuen. Alde horretatik, azpimarragarria izan zen Kiki Jeffersonen ekarpena, 30 eta 23ko ezarriz. Bederatzi puntuko kontrako aldea zutela joan zen Gernika atsedenaldira: 34 eta 25ekoagaz.
Bigarren laurdenean, bisitarien mailak nabarmen egin zuen behera
Etxekoen defentsa lanek beren jokoa ezartzea galarazten zien bisitariei. Jaurtiketetan ere ez zuten egoera iraultzeko piezarik aurkitu: Mikesellek bakarra saskiratu zuen bostetik. Gainera, Gernikaren hiruko hark erantzun bizkorra eduki zuen Cadi La Seuren aldetik, batez ere, Solerren bitartez. Kataluniarrek, itxura sendoagoa erakutsirik ere, ez zuten lortu markagailuan ihes egiterik, eta laugarren laurdenari hiru puntuko aldeagaz ekin zioten: 50 eta 47. Azken tarte hartan, Buenavidak bere taldearen lema hartu behar izan zuen. Hartaz gain, Fam-Dodson bikoteak asmatu zuen arerioari erasoan min egiten, eta markagailuari buelta eman zioten. Irati Etxarrik ostutako baloi batek, amaierarako minutu bi baino gutxiago falta zirela, bisitariak hauspotu egin zituen; 61 eta 57koa erakusten zuen markagailuak, une hartan.
Mikesellek, minutu erdia faltan, 63 eta 62koa ezarri zuen; Azana Bainesek bizkor erantzun zion. Azken hasperenean, Laura Westerikek jaurtiketa libre bi eduki zituen eskura, baina bakarra saskiratu zuen. Hantxe egin zuen ihes azkenengo garaipen errainuak. Cadi La Seuk, etxekoen aurrean, 65 eta 62 irabazi zuen. Orain, jokalariek FIBA etenaldia eduki dute. Tarte horretan, zenbaitek beren herrialdeetako selekzioekin jokatuko dute: Fam, Buenavida eta Etxarrik, Espainiagaz; Annika Soltauk, Alemaniagaz; Westerikek, Herbehereekin. Hurrengo liga jardunaldia azaroaren 14koa izango da: Ferrol talde galiziarraren kontra, Malosten.
Lucas Fernandez: “Ñabardura txikien garrantzia da partidutik ateratako irakaspena, ñabardura txikien baturak baitakartza garaipenak”
Hutsegiteak ez dira barkatzen.
Gernika-lumotarren entrenatzaile Lucas Fernandezek partidu “gogorra eta estua” izan zela adierazi du. Lehen minutuetako puntu kopuru txikiaren eta kontrol zorrotzaren ondoren, bigarren laurdenean partiduak “ihes” egin ziela nabarmendu du: “Deskonexio haregaz, atsedenaldira errenta ederragaz joan ziren aurkariak; lan handia eginda, azken txanpan berriro partiduan sartzea lortu genuen. Azken laurdenean, hurreratzeko aukerak edukita ere, urrun ikusi dugu markagailuan aurrea hartzeko abagunea”. Etxetik kanpora tankera horretako deskonexioak edukitzea “barkaezina” den jakitun, “ñabardura txikien garrantzia” plazaratu du entrenatzaileak: “Horixe da partidutik ateratako irakaspena, ñabardura txikien baturak baitakartza garaipenak. Cadi La Seu moduko talde borrokalari baten kontra jokatzerakoan, hutsegite txikiak ez dira barkatzen”.