Metal musikak Kafe Antzokia beteko du
Halloween Metal Fest hamaseigarrenez ospatuko da zapatuan (azaroak 2), Bermeoko Kafe Antzokian. Numen, Elizabeltz, Mind Driller eta PI-LT taldeen metal soinuez beteko da gaba.
Zapatuan (azaroak 2) ospatuko da Bermeon Halloween Metal Fest, hamaseigarren aldiz. Spookypheria Productions elkarteak argi adierazi du jaialdia prestatzearen helburua, hurrenez hurren: “Bermeon metal musika estiloa entzuteko toki bat sortzeagatik hasi giñen jaialdi hau antolatzen. Nahiz eta hasieran musika eta zinema uztartzen zituen jaialdia egitea zen gure helburua, Bermeoko Kafe Antzokia taberna bat denez, zinema atal horretan jarritako filmak ez ziren ondo entzuten. Geroztik kontzertuekin betetzen dugu urtero antzokia data hauetan”.
Numen, Elizabeltz, Mind Driller eta Pi-LT bezalako taldeak ikusteko aukera izango da bihar (azaroak 2), Bermeoko Kafe Antzokian, iluntzetik aurrera. Izan ere, 21:00etan emango diote hasiera metala nagusituko den jaialdiari. Pi-LT taldea nabarmendu dute, besteak beste, antolakuntzatik; 90. hamarkadan metal estiloaren erreferente izan ziren, eta tankera horretako taldeak Bermeon entzuteko eta gozatzeko aukera izatea “paregabea” dela gehitu dute, beti ere, gainontzeko taldeak gutxietsi barik. Izan ere, lau taldeak “oso nibel altua” dutela berretsi dute.
Aurretiazko sarrerak agortuta egon arren, bihar bertan, lehilatilan ere sarrerak eskuratu ahal izango dira, 20 eurotan. Jendea animatzeko deia ere zabaldu nahi izan dute, metala goraipatzeko eta batez ere, gozatzeko: “Edonor izango da ongi etorria. Metala bermatu nahi dugu, eta horretarako herriaren laguntza berebizikoa dela uste dugu”.