Azaroaren 22ra bitartean parte hartu daiteke Gautegiz Arteagako argazki lehiaketan
Gautegiz Arteaga da aukeratutako gaia, eta, aurten ere, 2025eko udal egutegia ilustratzeko baliagarria izango da argazki lehiaketa.
Gautegiz Arteagako Udalak ere 2025eko udal egutegia ilustratzeko erabiliko diren argazkiak aukeratzeko argazki lehiaketa jarri du martxan, hamargarrenez. Aurtengo aldi honetan, Gautegiz Arteaga da aukeratutako gaia, eta, ondorioz, herriaren edertasuna jaso beharko dute argazkiek. Hala, horiek aurkezteko azken eguna izango da azaroaren 22a, 12:00ak arte.
Aurkezten diren irudi guztien artean 12 argazki finalista aukeratuko dituzte, udal egutegia hilero ilustratzeko. Hala, baina, parte hartzaile bakoitzak argitaratu barik dauden hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez, udalerrian egindakoak. Nahi duenak parte har dezake, baina adingabeek gurasoen baimena izan beharko dute. Argazkietan pertsonak identifikatu ahal izanez gero, egileek horien berariazko baimena ere izan beharko dute.
Eta, behin argazkiak eginda, formatu elektronikoan edo fisikoan aurkeztu ahalko dira, eta paperean aurkeztutakoak berreskuratzeko aukera ere izango dute interesatuek, lehiaketa amaitzerakoan.
Azaroaren 22ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte argazkiak parte hartzaileek, udala@gautegizarteaga.eus helbide elektronikora idatzita, udaletxera posta arruntez bidalita (Herriko Enparantza, 1, Gautegiz Arteaga) edo bertara joanda.
Hala, Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak herritarrak animatu ditu egitasmoan parte hartzera, euren sormena askatzeko eta, batez ere, lehiaketaz gozatzeko. “Gure hamargarren argazki lehiaketa izango da, eta gai zabal bat aukeratu dugu. Edizio honetan ez dugu mugarik jarri nahi izan, pertsona bakoitzak gure herriko erakargarria den irudi bat bidal dezan”, azaldu du alkateak. Beraz, pertsona bakoitzaren irudimena aske utzi gura izan dute, udalerriak oparitzen dizkien irudi ugari eta eder jasotzeko asmoz.
Aurreko lehiaketetako irudiak www.turismogautegizarteaga.eus udalerriko turismo webgunean daude ikusgai, eta alkatearen iritziz “interesgarria” izango litzateke aurtengoak ere bertan gordetzea: “Interesgarria izan daiteke irudi hauek ikustea inspirazioa eta lasaitasuna bilatzeko”. Hala, jakinarazi du, sari banaketa, urtero legez, lunch btekin ospatuko dutela, eta herritar guztiak daudela gonbidatuta. Izan ere, erakusketa bat ere egingo dute jasotako irudiekin.