Autozaintza eta mindfulness tailerretara izena eman daiteke
Mundakako Udalaren Berdintasun sailetik aurreratu dutenez, herriko emakumeei zuzendutako doako autozaintza eta mindfulness tailerrak egingo dituzte azaroan zehar. Hain zuzen ere, azaroko eguen guztietan egingo dituzte saiook. Ikastaro “praktikoak” izango direla azaldu du antolakuntza lantaldeak. Autozaintza eta mindfulnessa bitartekari izango dira, “estresari eta antsietateari aurre egiteko”.
Gaztelekuak hartuko ditu ikastaroak, eta iragarri dute ordu bi inguruko iraupena edukiko dutela, 18:00retatik 20:00retara bitartean. Interesa dutenek jadanik izena eman dezakete, horretarako antolatzaileek eskuragarri ipini dituzten bide biak baliatuta: alde batetik, posta elektronikoz egitea (gizartezer.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora idatzita); bestetik, 946 17 72 00 telefono zenbakira deitzea, 09:00retatik 14:00etara arteko ordutegi barruan.