Gernikatik Arratzurako taxi zerbitzua diruz laguntzen du Arratzuko Udalak
Taxia Etxera proiektuak martxan segitzen du Arratzun, eta bertatik Gernika-Lumora joateko zein handik etxera bueltatzeko zerbitzua eskaintzen die herritarrei.
Arratzuko Udalaren Taxia Etxera proiektuak martxan segitzen du, eta herritik Gernika-Lumora joateko zein handik bueltatzeko zerbitzua diruz laguntzen du.
Udalak jakinarazi duenez, zerbitzua herriko jubilatuentzat ipini zuten martxan, euren etxeetatik Gernika-Lumora joateko eta bueltan etortzeko aukera eskaintzeko asmoz, bai gaixotasunagatik, bai adinagatik. Hala, astelehenetan eta barikuetan taxia 09:30 inguruan euren etxeetatik pasatzen da, eta 13:30ak aldera bueltatzen da Gernika-Lumoko autobus geltokitik.
Taxia zerbitzua eskatzeko, baina, bezperan (domekan zein eguenean) gidariari deitu beharko zaio, jakitun egoteko, hurrengo zenbakira: 659 45 93 72. Bidaia bakoitzak bi euroko kostua du, joan etorriak 4 eurokoa, eta gainerakoa, Arratzuko Udalak ordainduko du.
Adinekoentzako zerbitzu hori eskaintzeaz gain, Gernika-Lumotik etxera bariku eta zapatu gauetan bueltatzeko zerbitzua ere diruz laguntzen du udalak, eta hori edozein herritarri zuzenduta dago, baina umeek dute lehentasuna. “Proiektu honekin gurasoek Gernikara joan beharrik ez izatea lortu nahi dugu”, azaldu dute udal arduradunek.
Zerbitzu hori barikuetan 21:30etik 23:00etara dago martxan, eta zapatuetan, berriz, 22:00etatik 00:30era bitartean. Zerbitzu hau eskatzeko ere, gidariari deitu beharko zaio (659 45 93 72), zerbitzua behar den eguneko 20:00ak aurretik; ordu horretatik aurrera ez dutela erreserbarik onartuko jakinarazi dute, eta taxia beterik balego, hurrengo bidaia egin arte itxaron beharko luke iteresatuak. Bidaia bakoitzak bi euroko kostua izango du, eta Gernikako autobus geltokian hartu beharko da taxia.