Tanto bakar batek aldea egin dezakeelako
Bidaburuk eta Azkaraik bigarrenez irabazi dute Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa. Ikusteko moduko finalak eman dio amaiera lehiaketaren hirugarren ekitaldiari, eta txapeldunak tanto bakarragatik gailendu dira.
Ezin zitzaion urriko barikuetako hitzordu bereziari amaiera are bereziagorik eman. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketaren hirugarren ekitaldiak gogoratzeko moduko borobiltzea bizi zuen finalaren jardunaldian, iragan barikuan [urriak 25]. Dringili-drangolo auzo elkarteak bultzatutako kirol, auzolan eta kultur proposamenak emaitza bikaina eman du aurten ere, eta barikukoa horren erakusle argi eta garbia izan zen: herritar ugari bertaratu ziren Ajuriara, maila handiko esku pilotaz eta aparteko giroagaz gozatzera.
Finalak, ozta-ozta izanik ere, iazko fruitu berbera eman zuen: Azkarai foruarrak eta Bidaburu muxikarrak jantzi zituzten garaileen txapelak, bigarren urtez jarraian. Final borrokatua, ikusgarria eta polita jokatu zuten Muniozguren munitibartarraren eta Artxo mendatarraren kontra. Azken hori izan zen, hain zuzen ere, finalaren protagonista nagusienetako bat. Izan ere, Artxok eskumako eskuan min hartu zuen partidua hasi bezain pronto, estreinako tantoan, baina finala osorik jokatzea erabaki zuen, antolatzaileen arabera. “Guk norgehiagoka bertan behera uztea proposatu genion, baina hasiera-hasieratik argi esan zigun finala jokatzeko asmoz zuela; ezkerragaz bakarrik moldatu behar izan zen”.
Lesioa gorabehera, Artxoren maila, bere bikotekide Muniozgurenegaz batera, “liluragarria” izan zela azpimarratu dute. Azkarai eta Bidaburu ustez faborito ziren partidua hasi orduko, baina lanak eta bi eduki zituzten arerioei eusteko. Edozelan ere, tanto bakoitza kale edo bale borrokatu zuten, azkena balitz legez. Hori dela eta, espero zitekeen agertokirik onenean erabaki zen finala: 21 eta 21eko berdinketagaz. Azken tantoan, bikote biek ala biek zirt edo zart egin behar izan zuten. Ez zen kasualitatea izan lau pilotarietako hiruk azken tanto hura lurrean amaitu izana: “Azken jokaldia zoramen hutsa izan zen, ahaztezina”. Azkenean, Bidabururen pilotakadak justuki txaparen gainean jo zuen, eta tantoak partidua poltsikoratzeko balio izan zion.
Gandiaga eta Kortazar, hirugarren.
Finala baino lehen, umeen zesta-punta partidua jokatu zuten, antolakuntza “Belaunaldi gazteenen aldeko apustua” egin guran baitabil. Jarraian, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketaren txanda iritsi zen. Kortazar munitibartarrak eta Gandiaga mendexarrak Latxiondo eta Mugika gernika-lumotarrak eduki zituzten aurrez aurre. Finala izan ez arren, partidu “borrokatua” izan zen hura ere.
Kortazarrek eta Gandiagak 22 eta 18ko markagailuagaz lortu zuten hirugarren postua, partidu gogor baten ondoren
Berdintasuna izan zen norgehiagokaren lehen erdiko gidalerro nagusia. Izan ere, bikote bietako bat ere ez zen gailendu markagailuak 11ko berdinketa erakutsi arte. Hain zuzen, une hartatik aurrera, Kortazarrek beste martxa bat gehitu zion jokoari, eta tantoz tanto markagailua 19 eta 11ra arte eroan zuen. Egoera bideratuta eta alde zeukatela zirudienean, baina, nekea sumatzen hasi ziren Munitibarkoa eta Mendexakoa, eta aurkariek ez zuten berriro hurreratzeko aukerarik galdu. Mugikak dominatzea lortu zuen, eta Latxiondok ondo borobildu zituen tantoak. Hori hala, 19 eta 18ra hurbildu ziren. Edozelan ere, Lea-Artibaiko bikoteak oraindik azken karta bat patrikan gordeta zuen, eta azken hiru tantoak erreskadan eginez lortu zuten Kortazarrek eta Gandiagak hirugarren postua.
Antolatzaileak “pozarren” agertu dira, eta hirugarren aldiaren balorazio positiboa egin dute
Antolatzaileak “oso pozarren” agertu dira lehiaketaren hirugarren ekitaldiagatik: “Pilotariek, ikusleek eta txapelketaren laguntzaileek ederto erantzun dute, eta balorazioak positiboa izan behar du”. Ajuriako Pilota Goxua Txapelketa egonkortuta dago, sendotuta, eta aurtengo hirugarren aldia horren erakusle izan da.