Eguraldiak gelditu ezinezko ohitura
Zapatuan [urriak 26] 48. Eibar Nabarniz mendi ibilaldia egin zuten. Eguraldi txarrak gogortasun erantsia ipini zion martxari, baina egunaren "balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek.
Urteroko ohiturak, pauso sendoz. Iragan zapatuan [urriak 26], nabarniztarrek 48. Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia egin zuten, Athletic Nabarniz Elkarteak atonduta. Aurtengo ekitaldian, hamar izan dira Eibar eta Nabarniz mendiz mendi eta bidezidorrez bidezidor batzen dituen mendi martxara bildu direnak. 06:00retan ipini zuten hitzordua 29 kilometro ingururako ibilaldiari aurre egin zioten partaideek, Nabarnizen. Autobusez egin zuten Eibarrerainoko bidea, eta 07:00retan ekin zioten ibilaldiari.
Martxalariek ez zuten inondik inora ogibide errazik eduki. Izan ere, ibilbide osoan zehar euria eta tenperatura hotzak lagun eduki behar izan zituzten. Trabakuan ingururaino gauez egin zuten oinez, eta Oiz mendiko San Kristobal baseliza inguruan iritsi zitzaien eguneko lehendabiziko geltokia. Atsedenaldi ederraz eta salda beroaz gozatu zuten bertan. Nabarnizko helmugan, herriko udal pilotalekuko dutxetan indarberritu zituzten gorputz nekatuak. Ondoren, talde bazkaritan elkartu ziren, herrian bertan.
Bazkari berezia izan ohi da urtez urte, eta aurtengoa ere ez zen gutxiagorako izan. Hain zuzen ere, parte hartzaileez gain, antolatzaileak eta mendi ibilaldia duela ia mende erdia abian ipinitako “beteranoenak” ere bildu ziren bazkaritarako, antolatzaileen esanetan: “Parte hartzaileen aurpegietan nekea ikus zitekeen, jardunaldi gogorra eta luzea izan zen seinale; dena dela, giro aparta nabarmendu zen”. Martxa beste urte batez egin izanagatik “pozarren” agertu da antolakuntza: “Balorazio positiboa egiten dugu, eta animatu diren guztiei eskerrak ematen dizkiegu, beraiek barik aurtengoa ezin izango baitzen posible izan”.