8.000 eurotan saldu da Larrabe gaztandegiko gazta erdia
Arabako Larrabe gaztandegiak jaso du aurtengo Urriko Azken Asteleheneko gazta gozoenaren saria. Kanala Beach jatetxeak, gainera, enkanteko errekorra hautsi du, eta 8.000 eurotan erosi du lehen postuan gelditu den gazta erdia.
Urriko Azken Astelehenak milaka lagun bildu ditu Gernika-Lumon, gaur. 241 salmenta-postuz gain, giro herrikoia nagusitu da foru herrian beste behin. Jan-edana, artisautza eta jai girotik hurrun, urtero legez, ortuarien lehiaketa ere izan da herrian. Hala nola, gazta gozoenaren lehenengo saria Arabako Larrabe gaztandegiak jaso du; bigarren saria berriz, Ricardo Remiro nafarrarentzat izan da, eta hirugarrena, igazko irabazlearentzat: Olabarrietako Aizpea gaztandegia. Gauzak horrela, gaztaren enkanteak igoera nabarmena izan du igazko jaitsierarekin alderatuz. Izan ere, gazta irabazlea 1.000 eurotan saltzetik 8.000 eurotan saltzera igaro da, Kanala Beach jatetxearen eskutik. Inoizkorik eta diru kopuru handiena izan du gaurko enkanteak, hain zuzen.
Jose Ramon Martinez Elejalde, gazta onenaren irabazleari elkarrizketa:
Zer suposatzen du zuentzat sari honek?
Esango nuke urtean zehar lehiatzen dugun saririk eta garrantzitsuena dela Urriko Azken Asteleheneko hau. Irmotasunari, eta gauzak ondo egiteari keinu bezala hartzen dugu. Atzean lan handia dago, eta horri ikusgarritasuna ematen dio sari honek.
Espero zenuten saria?
Lehenengo saria ez, ez genuen espero. Bagenekien gure gazta ona zela, eta bazegoela saritua izateko aukera, baina lehen postua ez, ez genuen espero.
Gaur hemen, Gernika-Lumon, dastatzeko izan ditugun gazta guztiekiko zein desberdintasun du zuenak?
Ez dakit. Argi dut gurea gazta oso ona dela, baina guztiak bezala. Gure gazta ahalik eta hobetoen egiten saiatzen gara Larrabe gaztandegian, oso metodikoak gara horregaz. Artalde polit eta zaindua daukagu gainera. Uste dut guzti horren batura dela gure gaztaren emaitza.
Urtero etortzen zarete Urriko Azken Astelehenera?
Bai, badira jada urte asko Gernika-Lumora hurbiltzen garela egun honetan. Giro aparta egon ohi da eta esan bezala, guretzat, gaztandegientzat sari oso garrantzitsua da. Agian ez du beste sari batzuen besteko izena, baina ezagutzen dugunok badakigu horren garrantzia.
Aurreko urteetan ere sariren bat zein beste ere jaso izan duzue hemen.
Bai, seigarren urtea da saria jasotzen dugula Urriko Azken Astelehenean. 3 aldiz bigarren saria jaso izan dugu, eta lehenengoa ere ez da lehen aldia jasotzen duguna. Honekin hirugarrena da, alegia.