Zarragoitxiko sarrerako irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko dira
Astelehenean hasiko dira Zarragoitxiko biribilguneko lanekin. Ingurua berrurbanizatzea eta irisgarritasuna hobetzea dute helburu lan horiek, batez ere, larrialdietako ibilgailuek auzoaren goiko aldera iritsi ahal izateko.
Bermeoko Udalak astelehenean Zarragoitxiko sarrerako lanekin hasiko direla eman du aditzera. Bertarako irisgarritasuna hobetzea bilatuko dute lanek batik bat, ingurua berrurbanizatzeaz gain. Azaldu dutenez, gaur egun Zarragoitxiko biribilgunean dagoen erdiko jardinera eta bertako zuhaitzak kenduko dituzte, bi pasabideetako espaloiak handitzeko, eta horrela, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarrera errazteko.
Obrak 800 metro karratu izango ditu azaleratzat, eta Estudios y obras Rekalde S.L. enpresari esleitu zaio lana. Nabarmendu dutenez, egin beharreko lanak egiteko “lau hilabete” behar izatea aurreikusten da. Hiri Berroneratze Erakundeen arteko Inbertsio Plan Estrategikoaren baitan egingo dira lan horiek, Bermeko Udalak herriko eremu degradatu desberdinetan jarduera jakin batzuk egiteko diru-laguntzaz baliatuz: “Jasotako diru-laguntza 198.448,58 eurokoa da, BEZ barne”.
Udalak helburu argia du lanak iraun bitartean: Zarragoitxi inguruko zirkulazioan “ahalik eta gutxien” eragitea. Era berean, Zarragoitxira igotzea eta jaistea bermatuta egongo dela berretsi du. Kasuak kasu, inguru horretako garajeak eta horietako bakoitzaren sarrerak ahalik eta gehien errespetatu nahi dute, “tarteka, agian, horietarako sarrera eta irteera zarratu” behar izango den arren. Horregatik, udal arduradunek, sor daitezkeen eragozpenengatik aldez aurretik barkamena esaktu dute.