Laster izango dugu negua
Euskal Herriko paisaia ikusgarriak, agerian daudenak eta ezkutuan egon nahi dutenak bildu ditu Paul Etxebarrietak, Road Bidea proiektuan. Orrialde honetan zentzumenak pizten dituzten argazki horietako batzuk bildu ditu HITZAk.
“Zortzigarren argitalpenerako aukeratu ditudan argazki hauek neguari ongi etorria ematen diote” dio Etxebarrietak. “Basoek hotzaren argi urdinari ihes egin nahi diote goizetan eguzkien izpiek berotuko dutelakoan. Urtxintxek basoarekin batera kolore gorriz jantzi eta neguari aurre egiteko janaria biltzen dute, hau da, denetarik: ezkurrak, intxaurrak, udazkeneko azken fruituak… Batzuetan ahaztu egiten zaie non utzi duten ezkurra bezalako hazia eta horri esker, zuhaitz berri bat haziko da leku berean”.
“Amaitzeko bitxikeria bat: Badakizu gure naturan ere tarantulak ditugula? Bai, baina ez dira guk imajinatzen ditugun bezalakoak. Argazkikoa Lycosa hispanica deituriko espezie bat da”.