Herri bi biltzen dituen ibilaldia
48. Eibar-Nabarniz mendi ibilbidea egingo dute zapatuan [urriak 26].
Urteroko ohiturari jarraituz, datorren zapatuan [urriak 26] nabarniztarrek Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia egingo dute, Athletic Nabarniz Elkarteak antolatuta. Aurtengo 48. ekitaldia izango da, eta, ohi bezala, egun osoko egitarauaz gozatuko dute herritarrek. 06:00retan ipini dute autobusa hartzeko hitzordua, Nabarnizen. Handik, Eibarrerainoko bidea autobusez egingo dute, eta Eibarren hasiko da 29 kilometroko mendi ibilaldia. “Gauez hasiko gara oinez eta, seguru asko, Trabakua inguruan ikusiko ditugu eguneko lehendabiziko eguzki errainuak”, azaldu dute. Oizen, “geldialdi berezia” egingo dute martxalariek: “Salda beroa edukiko dugu bertan, indarrak berritzeko”.
Behin ibilbidea amaituta, parte hartzaileak Nabarnizen geratuko dira, talde bazkaria edukiko baitute; ibilbidea osatutakoez eta antolatzaileez gain, duela ia mende erdia ibilbidea abian ipinitakoak edota Athletic Nabarniz Elkarteko “beteranoak” ere bazkaritan elkartuko dira. Gaur-gaurkoz, hamabi lagun daude izena emanda, baina animatu gura dutenak oraindik garaiz dabiltza. Izena emateko, 655 70 06 52 telefono zenbakira deitu beharra dagoela argitu dute. Bazkaritan, hogei lagun inguru biltzea aurreikusten dute.