Berritasunez beteta dator aurten Winter Series txapelketa
Eusko Label Winter Series txapelketaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur [urriak 23] Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Aurreikuspen guztiak gaindituz, "ikusmin itzela" eragin du beste behin, urriaren 28an hasi eta otsailaren 16an bukatuko den txapelketak.
Urriko azken astelehenean emango zaio hasiera Winter Series txapelketari, jornada bikoitzarekin, Gernika-Lumon. Urriak 28an hasi eta otsailaren 16ra arte, astelehenero jokatuko da txapelketa foru herrian, gaur goizean Jai Alai pilotalekuan egindako aurkezpenean adierazi dutenez. Berritasunez beterik dator Winter Series txapelketaren laugarren edizio hau, gainera. Izan ere, 16 partida izatetik 19 izatera igaroko da aurten lehiaketa: orain arteko luzeena izango da. Horrez gain, bideo-arbitraia lanetarako epaile propio bat ere egongo da, Zalantzen Txokoa deiturikoa. Azaldu dutenez, aurrerantzean “epaile propio bat” izango da jokalariak pantailan errepasatuko dituena. Beste alde batetik, nabarmendu dute, txapelketak “aurreikuspen guztiak gainditu” dituela, sarrerak hamabost minututan agortuz. Horrekiko, 1.200 abonatuez gain, jardunaldi bakoitzeko sarrerak gaur jarriko direla salgai azpimarratu dute, “finalekoak izan ezik”.
Puntistak dira ordea Winter Series txapelketaren protagonista nagusiak. Horrela da, hiru pilotari Floridatik etorriko direla, antolatzaileen hitzetan “zesta-punta profesionaleko txapelketarik garrantzitsuena” jokatzera. Gaztetasuna da aurtengo Winter Series txapelketaren oinarrietako bat, eta puntisten batezbesteko adinak horren isla dira, gehienbat. Batik bat, 16 parte hartzaileetatik 10, hogeita hamar urtetik beherakoak direlako, eta horietatik 6, 25 urte azpikoak.
Bestalde, pilotariei dagokionez lau berritasun espero dira igazkoarekin alderatuz gero. Lehenik, Eñaut Urreisti aurrelari gaztearen parte hartzea: 20 urteko gipuzkoarrak Eusko Label Winter Seriesean debutatuko du aurten, Ligak uda honetan emandako auekera aprobetxatu ondoren. Urreistik, egindako lanarengatik sari bezala hartzen du: “Uste dut uda on baten saria dela hau. Gogo eta ilusio handiz hartzen dut. Badakit puntistarik onenak daudela hemen, baina nire onena eman nahi dut, eta onenetaz ikasteko ere aprobetxatu”. Bigarrenez, beste pilotari gazte bat ere bueltan dela adierazi dute: Thomas Urrutia behe-nafarra. Beste bi barritasunak, Xabi Barandika gernika-lumotarra eta Jon Zabala markina-xemeindarra dira, iaz lesioak direla eta ez baitzuten txapelketan parte hartu.
Bikoteak, prest. Koadroak ere aurkeztu eta eman dituzte aditzera, gainera. Ohi den moduan, zortzi bikotek lehiatuko dute Winter Seriesean, eta zortzi bikote horiek bi multzotan banatu dituzte oraingoan ere, bikoteko kolore bat esleituz: A multzoan Urreisti-Gorka, Barandika-Lopez, Goitia-Del Rio eta Ladutxe-Mantzi egongo diren heinean, B multzoan Johan-Lekerika, Olharan-Zabala, Urrutia-Basque eta Erkiaga-Ibarluzea egongo dira.
Erkiaga eta Ibarluzea dira iazko Winter Series txapelketaren irabazleak, eta beraz, aurtongo faboritoak dira gainontzekoen ustez. Erkiagak argi du aurtengo helburua, bide batez: “Lehenengo helburua finalerdietara sailkatzea dugu, argi dago. Lehenengoa, Lekerika eta Johanen aurka, partidu gogorra izango da, baina hori irabaztean dago gakoa, gure ustez. Hori galduz gero, urduritasuna hasten da eta zailagoa izango da”. Hala eta guztiz ere, pausoka pausoka hartu beharreko txapelketa dela azpimarratu du.
Barandikak, Lopezekin batera Ligako Lauko Finala irabazi berri du eta Winter Seriesean ere bikote berdinarekin lehiatuko da. Iazko txapelketa lesioagatik galdu ostean gogotsu dago urte honetarako: “Pasa den urtean pena handiarekin gelditu nintzen lesioagatik jolastu ezin nuelako, eta harmailatik ikusi behar izan nituen partidak. Aurten kantxan disfrutatzeko aukera izango dut, eta gainera Lopezekin berriro, oso ondo konpontzen garela. Gogotsu nago”. Faboritoak zeintzuk diren argi duen arren, etxean jokatzeagatik motibazio gehigarria duela aitortu du, Gernika-Lumon inoiz ez baitu irabazi.
Aipatu bezala, aurten luzeagoa izango da txapelketa. Izan ere, finalerdietara iritsiko diren lau bikoteek “ligaxka formatuan” jokatuko dute, “denak denen aurka”, eta bi bikote onenak final handira pasatuko dira. Berritasun horrekiko pozik agertu dira puntistak: “Aldaketa hori oso positiboa da, egia esan. Bai guretzako, partidu gehiago jarraian jokatzeko eta horrela erritmoa ez galtzeko, eta baita publikoarentzako ere”.
Lekerika ere gernika-lumotarra da eta lesiopean pilotalekuetatik kanpo egon da denboraldi bat. Faboritoen multzo berdinean dauden arren, Johan eta biek aurrera egingo dutela adierazi du: “Johanek eta biok ez dugu sarri batera jokatu, baina oso nibel altua du. Iaz, Jai Alai Ligan bigarren postuan gelditu zan, adibidez. Uste dut ondo konponduko garela bion artean, eta gure helburua pausoz pauso joatea den arren, txapela lortu nahi dugu”.
EGUTEGIA:
1. jardunaldia: urriak 28.
Goitia-Del Rio vs. Urreisti-Gorka
Erkiaga-Ibarluzea vs. Johan Lekerika
2. jardunaldia: azaroak 4.
Olharan-Zabala vs. Urrutia-Basque
3. jardunaldia: azaroak 11.
Urreisti-Gorka vs. Barandika-Lopez
4. jardundia: azaroak 18.
Erkiaga-Ibarluzea vs. Olharan-Zabala
5. jardunaldia: azaroak 25.
Urreisti-Gorka vs. Laduche-Mantzi
6. jardunaldia: abenduak 2.
Johan-Lekerika vs. Urrutia-Basque
7. jardunaldia: abenduak 9.
Laduche-Mantzi vs. Barandika-Lopez
8. jardunaldia: abenduak 16.
Goitia-Del Rio vs. Laduche-Mantzi
9. jardunaldia: abenduak 23.
Barandika-Lopez vs. Goitia-Del Rio
10. jardunaldia: abenduak 30.
Johan-Lekerika vs. Olharan-Zabala
Erkiaga-Ibarluzea vs. Urrutia-Basque
Finalerdietako ligaxka: urtarrilak 6, 13, 20, 27 eta otsailak 3, 10.
Lau bikote onenak
Final handia: otsailak 16.