Sendotasunaren txapela
Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek irabazi dute Jai Alai Ligako Lauko Finala Sorozabal anaiak hirugarren setean mendean hartuta. Aritz Erkiaga denboraldiko pilotaririk onena izendatu dute.
Batzuetan partidak ez ditu tanto gehien egiten dituenak irabazten, pilota gutxien galtzen dituenak baino. Hau da, aurkariak baino pilota bat gehiago sartzearen araua. Hori zorrotz bete zuten Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek Jai Alai Ligako Lauko Finaleko txapela janzteko. 13-15, 15-13 eta 3-5 gailendu dira Sorozabal anaien aurka.
Laugarren postuan sailkatuta ere, hautagai nagusiak ziren, haien esperientziak eta sendotasunak asko balio du. Konturatu barik 1-6 jarri ziren aurretik. Sorozabal anaiek, Johanek batik bat, bazekiten sagarrondoa astindu beharra zutela, bestela jai zutela. Saiatu ziren, askotan tantoa lortuz, baina beste askotan huts eginez. Hala ere, partidan sartzea lortu zuten 6-8 hurbilduz. Aurrelariak bizitasun ikaragarria sartu zion pilotari eta atzelariak zeuden zulo txikiak aurkitu zituen. Baina, lehengora bueltatuz, Barandikak eta Lopezek pilota bat, eta tanto bat, aurretik jarraitzen zuten. Hiru aukera izan zituzten lapurtarrek berdinketa ezartzeko, baina ez zuten lortu.
Johanek arriskatu beharra zuen, eta batzuetan bikain egin du. Aurrean, berriz, Barandikak zerbait badauka defentsa da, eta min egin du kontraerasoan, pilota moztuz. Atzean Lopezek erakustaldia eman du, Ezkurdin bere lekua aurkituz nahi egin zuena egin du, batez ere sendotasuna transmititu. 7-8 iritsi dira atsedenaldira, 12na eta 13na berdindu dute, baina azken tantoetan, orain bai, gehiago asmatu dute gazteek. Hirugarren eta azken setean, inon baino gehiago, gehiago balio du hutsik ez egitea. Beteranoek ondo jakin dute hori eta 0-2 aurreratu dira. 3-3 berdintzea lortu zuten Sorozabal anaiek, baina esperientzia erabili zuten txapela janzteko.
Aginte makila
Baina Jai Alai Ligako makila ez zuen lau finalistetako inork irabazi, Aritz Erkiagak baizik. Ispastertarra izan da denboraldiko pilotaririk onena. Finalaurrekoetan galdu arren, Jai Alai Ligako sei Slam eta beste horrenbeste Master irabazi ditu. Jaialdiko lehen partiduan, Urreisti eta Lekerika izan dira garaile, 15-10 eta 15-13 Urrutia eta Del Rioren aurka. Eguaztenean [urriak 23] aurkeztuko dute Gernika-Lumoko Winter Series. Hain zuzen ere, Erkiagak aurreratu zuen Ion Ibarluzea markina-xemeindarragaz jokatuko duela eta lehen jardunaldian, Urriko Azken Astelehenean, Lekerika gernikarrak jokatuko du.